Iraupena. 57 minutu.
Pilotakadak. 170.
Sakez. Olaetxeak bost, eta Albisuk zazpi.
Markagailua. 0-2, 2-2, 2-4, 6-4, 6-5, 9-5, 9-11, 18-11, 18-15, 19-15, 19-18, 20-18, 20-21 eta 22-21.
Bestelakoak. Jende dezente Tolosako Beotibar pilotalekuan. Partida hasieran dirua gorri atera zen.
Binakako Txapelketa amaitu bezain laster ekin zaio buruz burukoari. Guztira 63 partida jokatu dira binaka, eta alerik ez da amaitu 22-21. Banakakoak, bada, hasi berritan ezagutu du emaitza hori. Izan ere, Mikel Olaetxeak tanto bakar batez irabazi zion atzo Jon Ander Albisuri, Tolosako Beotibar pilotalekuan. Biak lagunak dira, bai, baina atzo etsai izan ziren ordubetez. Partida gogorra eta ona jokatu zuten, norberak ongi baliatu zituen bere dohainak, eta azkenean teknika gailendu zitzaion joari. Txokoan eginiko dejada bati esker Lizartzara joan zen garaipena, eta bertako semea Retegi Biren aurka ariko da final-zortzirenetan.
«Irabazi egin dut, baina ez nago gustura. Lotuta aritu naiz partidaren zatirik handienean, eta horrela zaila da kantxan eroso sentitzea». Olaetxeak irribarre egin zuen hogeita bigarren tantoa egitean, baina aldageletarako bidea ez zuen kontent hartu. Partida ona jokatu zuen, baina hobeto ere joka zezakeela garbi dago. Albisu jo handiko atzelaria da, eta lizartzarrak nahiko lan izan zuen hari eusten. Momenturik erabakigarrienetan, baina, ez zuen asmatu tantoa amaitzen, eta larrutik ordaintzeko zorian egon zen.
Hasieran bai. Hasieran fresko aritu zen pilotan. Konfiantza gehien aireko jokoan eduki arren, botera ere asmatu zuen. Nahiko urruti ibili zuen pilota, eta horri esker 9-5 aurreratu zen. Sentsazio txarrak hasi ziren unea etorri zen gerora. Ataundarra bere jokoa erakusten hasi zen. Sakea bikain baliatuta, partidaren jaun eta jabe izan zen, eta ez zuen barkatu. Sei tanto jarraian eginda, 9-11 ipini zen aurretik. Tartean pare bat jokaldi polit ere egin zituen, Olaetxea ezustean harrapatuz.
Bazirudien handik aurrerako bidea erosoa izango zuela Albisuk, baina ez. Olaetxeak sufritzen daki, eta asko gainera. Hamargarren tantoa egitea nahikoa izan zuen bere pilota atera eta hemezortzigarreneraino zuzenean joateko. Tartean mota guztietako tantoak eskaini zituen: gantxoak, horma bikoak, atzean egindakoak... Albisu bere lekutik atera zuen.
Ordea, binakakoan erakutsi bezala zailtzen hasita dagoen pilotaria da Ataungoa, eta ez zuen etsi. Lana erruz eginda 20na berdindu zuen neurketa. Azken txanpan bi pilotariek izan zituzten garaipena lortzeko aukera onak, baina ez ziren fin aritu. Hori bai, zortea lagun, Olaetxea izan zen irabazi zuena. Tanto nahasi baten ondoren, dejada egin, eta tantoa gorri izan zen. Beraz, Lizartzakoak egin zuen aurrera, baina Albisuk ere erakutsi zuen etorkizun oparoa duela banaka.
Final-zortzirenetara sailkatu den bestea Sebastien Gonzalez da, Mikel Urrutikoetxea kanporatu baitzuen herenegun. 17-5 joan zen galduz lapurtarra, baina hogeitabirako bidea zuzenean egin zuen, eta David Merinoren aurka ariko da hurrena. Gaur, berriz, Abel Barriolak eta Aritz Beginok jokatuko dute Eibarren.
Olaetxea 22. Albisu 21
Dejada, eta tantoa gorri
Olaetxeak tanto bakar batez irabazi dio Albisuri, eta Retegi Bi izango du aurkari hurrengo kanporaketan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu