Patxi Izkok, Osasunako presidente ohiak, Iruñeko 2. instrukzio auzitegian deklaratu beharko du datorren otsailaren 29an, bera karguan zela xahututako hiru milioi euroekin zer gertatu zen argitzeko.
Nafarroako Auzitegi Gorenak ohar batean azaldu duenez, 2003, 2004 eta 2005 urteetan 1,380 milioi euro atera zituzten Osasunaren kontuetatik; 2006an, berriz, 1,260 milioi; eta 2007an, 450.000 euro. Epailearen iritziz, Osasunako zuzendaritzak ez zuen "behar bezala" argitu zertarako erabili zen diru hori.
Orotara 21 lagun daude auzipetutaOsasuna auzian, tartean Miguel Artxanko taldeko presidente ohia eta Angel Bizkai urte askotan Osasunaren kudeatzailea izandakoa.
Epaileak esku artean dituen dokumentuen arabera, Osasunak hiru partida erosi zituela froga ditzaken aztarnak leudeke. Zehazki, Espanyoli berdinketa egiteagatik 250.000 euro eman zizkion zantzuak dauzka epaileak, eta Betisi 650.000 euro. Azken honi bi partidaren truke eman bide zion dirua; Valladolidi irabazteagatik eta Osasunaren kontrako partidan galtzeagatik.