Nafarroako presidente Yolanda Barciak iragarri du ustezko deliturik izan ote den bilatzeko auditoria aginduko dutela Osasunaren diru kontuei buruz. Hala, Osasunaren zorrari buruzko legeak jaso bezala, auditoria egin egingo dutela berretsi du. Gaineratu du orain arteko auditoriek ez dutela irregulartasunik atzeman.
Osasunari buruzko azken albisteak direla-eta, Begoña Sanzberro UPNko parlamentariak esan du badirudiela txirrindularitzan dopinarekin bezala futbolean ere gauza "harrigarriak" gertatzen ari direla. "Konfirmatzen bada iruzurra egin zuela Osasunak, hori ez da posible talde batean soilik". Beste futbol taldeek ere egingo zutela gaineratu du. Euskadi Irratian hitz egin du Sanzberrok.
UPNko parlamentariaren ustez, ondo dago iazko azaroan Osasunaren zorra ordaintzeko Nafarroako Gobernuak eginiko legea: "Auditoriek ez zuten ezer arrarorik ikusi".