Pilotarien mailaketa lege zaharra da pilota profesionalean. Mailaketa hori partiden ordenaren arabera irudikatu izan da, eta are zorrotzagoa da erremintan. Galarretako jaialdietan jauzi handia dago bigarren partidatik, estelarretik, hirugarrenera; are handiagoa laugarrenera; eta, azkenik, hasi berriak lehen partidetan trebatzen dira. Bihartik aurrera, baina, Oriamendik hesi horiek hautsi eta ia koadro osoa nahastuko du Sagardoaren Torneoan.
«Bigarren mailako pilotariei estelarrak jokatzeko aukera eman izan diegu», hala laburbildu zuen atzo txapelketaren funtsa Kike Elizalde Oriamendiko intendenteak. Guztira hamasei pilotarik hartuko dute parte, bi multzotan banatuta, baina jokalari handi bat faltako da, Koteto Ezkurra, hilabeterako min hartuta baitago eta ezin izango baitu parte hartuko. Torneoa bihar hasiko da, Galarretan, eta martxoaren 19ra arte iraungo du.
Torneoko lehen fasean, multzo bakoitzeko itzuli bakarreko ligaxka bat jokatuko da. A multzoan Zeberio II.a-Barrenetxea IV.a, Urriza-Zubizarreta, Juaristi-Olazar eta Urtasun-Ion elkartuko dira. B multzoan, berriz, Matxin IV.a-Lizaso, Zulaika-San Miguel, Endika-Urrutia I.a eta Agirresarobe-Etxeberria III.a. Lehen bi sailkatuek martxoaren 12an jokatuko diren finalerdietarako txartela lortuko dute. Esan bezala, lehia bihar hasiko da, bi partidarekin: Zeberio II.a-Barrenetxea IV.a Juaristi-Olazarren aurka ariko dira lehenbizi, eta Matxin IV.a-Lizasok Zulaika-San Miguelen kontra jokatuko dute gero.
Oriamendik buruz buruko txapelketa demokratizatu zuen iaz, enpresako pilotari guztiei parte hartzeko aukera emanez. Oraingoan, Elizaldek azaldu zuenez, antzekoa egin nahi izan dute binaka. «Berrikuntzak egin nahi izan ditugu, eta koadroko beste pilotariei aukerak eman. Hala pilotarien ilusioa sustatzen da, eta badakite enpresak kontuan hartzen dituela».
Txapelketaren izena enpresak hainbat sagardotegirekin lorturiko akordioari zor zaio. Sagardotegi horietako bezeroek 6 euro bakarrik ordaindu beharko dituzte jaialdia ikusteko. Ikusle berriak erakartzeko asmoz eginiko eskaintza bat da. Bestalde, gaur ere jaialdia egongo da Galarretan, eta partida nagusian Zeberio II.a-San Miguelek Urriza-Urrutiaren aurka jokatuko dute.
Demokraziaren atea
Estelarretan aritzen diren pilotariak bigarren mailakoekin nahastuko ditu Oriamendik Sagardoaren Torneoan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu