«Den-dena eman dugu»

San Juan KAE 1 ligara jaitsi da berriz, hamahiru urteren ostean. Juan Mari Etxabe entrenatzaileak dio«justu» iritsi direla kanporaketara, baina taldeak urtean egindako lanaz «harro» dago.

Iñigo Arraras San Juango aurrekalaria, ziaboga emateko prest, kanporaketako lehen jardunaldian, Bermeon. MIGUEL TOÑA / EFE.
Aitor Manterola Garate.
2018ko irailaren 19a
00:00
Entzun
Kinka larrian heldu zen San Juan aurreko larunbatean Bermeora, Eusko Label ligako kanporaketara, liga nagusiko lekuari eustera. Uda aurreko kontuetan, kiniela askotan ageri zen Pasai Donibaneko ontzia maila gal zezaketen taldeen zerrendan. «Baina guk beti izan dugu ilusioa ez jaisteko», esan du Juan Mari Etxabe entrenatzaileak (Oiartzun, Gipuzkoa, 1966). Ilusioa ez zen nahikoa izan, eta azkena sailkatu zen kanporaketako bi jardunaldietan. KAE 1 ligan ariko da Erreka trainerua datorren udan, eta duela hamahiru urteko egoeran dago, 2006an ere jaitsi egin zelako liga nagusitik.

«Pena eta tristura handia dauzkat», onartu du Etxabek, «azken batean, nire kluba da San Juan, hemen ikasi dut arraunean, bertan bizi naiz, eta horrek guztiak ematen dio zerbait berezia emaitza txar honi». Oinarri zintzo horren gainetik, baina, bi gogoeta utzi ditu: «Oso harro nago arraunlariek eta entrenatzaileak, prestatzaileak eta medikuak urte osoan egindako lanaz, den-dena eman dugu mailari eusteko helburua betetzen saiatzeko». Horrez gain, emaitza txar hau onartzeaz aritu da: «Aurkariak hobeak izan dira, eta, halakoetan, txalotu besterik ez da egin behar. Onartu egin behar dugu hau dena, eta aurrera begira jarri».

Etxaberekin ala Etxaberik gabe? «Orain da garaia bakoitzak bere kartak mahai gainean jartzeko. Gaur [atzo] daukagu aurreneko bilera, eta ea zer erabaki hartzen ditugun». Etxabe beraren nahia ondorengoa da: «Prest nago klubak esaten duena onartzeko. Jarraitzeko gogoz nago, eta, hori erabakitzen badute, ni pozik. Aldiz, aldaketa edo gauza berriak sartzeko erabakia hartzen badute, klubean beste alor batzuetan lanean segitzeko pronto egongo naiz».

Bigarren denboraldia bete du oiartzuarrak San Juaneko gizonezkoen entrenatzaile lanetan, eta aurreko hiru sasoietan bateleren arduraduna izan zen, emakumeek irabazitako lehen hiru Euskotren liga eta hiru Kontxako banderetan partaide izanik.

Etorkizuna eraikitzen hasteko, ezinbestekoa izaten da oraina eta iragana aztertzea, eta Etxaberen kasuan, iragan hurbila aurtengo denboraldia izan da. «Gogorra egin zitzaigun hasieratik. Arraunlari askok utzi zuten taldea. Bati deitu, bestea konbentzitu, indar handia xahutu genuen». Azkenean, hamar arraunlari berri igo zituzten iaz KAE 2 liga irabazi zuen taldetik: «Ia berria izan da aurtengo kuadrilla, eta beheko maila horretatik etorritako arraunlariak egin gabeak daude normala den bezala, oso gazteak direlako. Garbi esanda, goizegi heldu zaie Eusko Label ligan arraun egiteko aukera, pausoz pauso joan beharrean».

Ligan amaiera arte lehiatu ziren azkena ez izateko, asteburuero lehia bizian: «Asko behartu gaitu borroka horrek, buruz batez ere, eta ez gara fresko heldu kanporaketara. Azkenean, presio handia jasan behar da, oso gogorra baita liga nagusiaren martxa».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.