Txapeldunen Ligako final-laurdenak zozkatu ziren atzo, Atenasen. Zozketa hasi aurretik, talde bakoitzak bazituen, arrazoi bategatik edo besteagatik, saihestu nahi zituen bizpahiru talde. Batzuek, Liverpoolekin ez zuten topo egin nahi. Beste batzuek, Manchester Uniteden sasoiaz hitz egiten zuten. Baina behin zozketa eginda, eta nahiz eta bi talde horiek kontrario moduan ez egokitu, inor ere ez dago lasai-lasai. Arrazoi bategatik edo besteagatik, erne daude final-laurdenak jokatuko dituzten zortzi taldeak. Inor ere ez da fidatzen egokitu zaion kontrarioaz. Ekitaldi honetan ez dago faborito argirik, Bartzelona azken txapelduna kanpoan gelditu eta gero. Valentzia, Liverpool eta Erroma, sendoak dira; Milanek, Kaka du; Manchester United, sasoian dago; Bayern Munich, historikoa da; Chelsea, bortitza da; eta PSV, oso dinamikoa da. Den-denek dituzte argi, erne egoteko motiboak. Izan ere, ez dago faborito argirik; aldez aurretik ez, behintzat. Halere, den-denek dute finalerdietara igaroko direla pentsatzeko arrazoiren bat.
Chelsea-Valentzia
Gogor-gogorra
Europako talderik gogorrenetakoak eta bortitzenetakoak dira nola Valentzia hala Chelsea. Jose Mourinho eta Quique Flores entrenatzaileek garrantzi handia ematen diote lan taktikoari, eta, gainera, jokalari aproposak dituzte horretarako. Baina aurrealdean ez zaie talentua falta. Hortaz, talde handiak dira biak ala biak. Gainera, Txapeldunen Liga begiz jota dute. Chelsea finalerdietara heldu zen 2004an eta 2005ean, eta Valentzia txapeldunorde izan zen 2000n eta 2001ean.
Sekula ez dute Europako txapelketa batean elkarren kontra jokatu. Halere, Valentzia ez da gaizki moldatzen Ingalaterrako taldeen kontra jokatzen duenean; ez, behintzat, azkeneko urteetan. 2000-2001eko Txapeldunen Ligan, esaterako, Arsenal eta Leeds United kanporatu zituen final-laurdenetan eta finalerdietan. Baina Chelsea orduko Arsenal eta Leeds baino gehiago da gaur egun. Roman Abramovitx tematuta dago Txapeldunen Liga irabaztearekin, azkeneko bi denboraldietan etxean nagusi izan ondoren. Horretarako osatu du, dirua mordoa gastatu ondoren, sekulako taldea. Ceh atean, Carvalho eta Terry -lesionatuta dago, baina final-laurdenetarako osatuko da- atzean, Makelele eta Lampard erdian, eta Shevtxenko zein Drogba aurrean.Horiek, batzuk aipatzearren. Izan ere, goi mailako beste hamaika jokalari ditu: Robben, Essien, Joe Cole, Ashley Cole, Ballack...
Valentzia, berriz, talde oso-osoa da: grinatsua, lehiakorra. Ordena eta diziplina oinarrizkoak dira Quique Floresentzat, baina aurrean jokalari erabakigarriak ditu; Silva, Villa eta Morientes, kasu.Itzuliko partida Mestallan jokatuko dute. Horri garrantzi handia eman zion atzo Floresek.
Kanporaketa berezia izango da Asier Del Hornorentzat, joan den denboraldian Chelsearekin jokatu zuen eta. Sasoi honetan, berriz, Valentzian dabil, nahiz eta oraindik ez duen minutu bakar bat ere jokatu ez Ligan eta ez Txapeldunen Ligan, lesioak direla medio.
PSV-Liverpool
Dinamismoa eta ordena
Ekitaldi honetako ligaxkan elkarren kontra aritu ziren. Eindhovengo Philips Estadioan husna egin zuten, eta Anfielden, berriz, Liverpool nagusitu zen (2-0). Halere, ligaxketako partidek ez dute zerikusirik edukitzen kanporaketetako lehien gatz eta piperrarekin. Liverpoolek, esaterako, ez zirudien hain indartsua ligaxkan, baina final-zortzirenetan egur galanta eman zion Bartzelonari. Eta antzeko zer edo zer esan daiteke PSVri buruz. Arsenal hartu du mendean final-zortzirenetan; joan den ekitaldiko txapeldunordea, alegia.
Bi taldeak, halere, erabat ezberdinak dira elkarren artean. Ronald Koeman handia da PSVko entrenatzailea. Hortaz, Koeman bera Herbehereetako eskolan hazitakoa denez, baloia ondo tratatzea, jokoa egoki lotzea gustatzen zaio PSVri. Jokalari aproposak ditu jokamolde hori gauzatzeko. Denen buru, Philip Cocu beteranoa; eta bere bueltan, zelai erdian, jokalari dinamikoak: Culina australiarra eta Mendez ekuadortarra, esaterako. Baloia ondo tratatzen dute, eta finak dira taktikoki. Aurrean, berriz, bi gezi: Arouna Kone eta Jefferson Farfan. Dinamikoa izateaz, gain, lehiakorra ere bada PSV.
Liverpool ere bai, ordea. Azken denboraldietan diru asko gastatu du talde lehiakorra osatzearren, baina etxeko lehiaketetan ezin. Denboraldi honetan Txapeldunen Ligari heldu dio, beste lehiaketetan ez duelako zereginik. Baina nola heldu dion! Bartzelonaren kontrako kanporaketan lezio taktiko ederra eman zuen Rafa Benitez entrenatzaileak. Defentsan ezin sendoago, perfekzioaren mugetan, eta erasoan oldarkor. Gainera, taldea nekaezina da. Anfieldeko beroaren babesean -han jokatuko da itzuliko partida-, PSV baino aukera gehiago ditu finalerdietara igarotzeko.
Milan-Bayern Munich
Ez daude beren onenean
Talde historikoak dira biak. Bien artean hamar Europako Kopa edo Txapeldunen Liga irabazi dituzte: sei Milanek eta lau Bayernek. Halere, orain ez daude beren onean. Joan den denboraldiko kontu ilunak zirela medio, Milan nora ezean dabil Calcioan. Taldeak ez du orain hiruzpalau urteko distirarik, jokalariak dezente zahartu direlako. Glasgowko Celtic kanporatzeko ere lanak: Kakak luzapenean sartutako gol ederrari esker egin zuen aurrera. Hain zuzen, Kaka da taldeko izarra. Defentsa, berriz, zahartu egin da, eta erasoan ez dago Shevtxenko ordezkatuko duenik. Taldea eraberritzen ari da Carlo Ancelotti entrenatzailea. Kontuak kontu, talde arriskutsua izango da beti Milan.
Joan den denboraldian, esaterako, final-zortzirenetan kanporatu zuen Bayern Munich. Baina aurten, itzuliko lehia Municheko Allianz Arenan jokatuko da. Hitzfeld laudatua bueltatu da aulkira, baina Kahn erretiratzear dago, zelai erdian ez dago ikurrik, eta Podolskiri asko falta zaio puntako aurrelaria izateko. Baina Milan bezalaxe, kontuan hartzeko taldea izango da beti Bayern Munich.
Erroma-Manchester United
Ezustekoa eman nahian
Manchester United da finalerdietarako txartela lortzeko faboritoa. Batetik, sasoi betean dagoelako-Premier Leagueko liderra da-; eta, bestetik, itzuliko lehia etxean jokatuko duelako. Beharbada, ez da orain zazpi edo zortzi urte bezain ikusgarria, baina taldea gaztetzearen ondorioz, puntatik gertu dabil berriro. Eskarmentua (Scholes eta Ferdinand) eta gazteen grina (Rooney eta Cristiano Ronaldo) ederki uztartu ditu Fergusonek.
Erromak, aldiz, ezustekoa eman zuen final-zortzirenetan, Lyongo Olympique kaleratu eta gero. Luciano Spalletik entrenatutako taldea ez da, ez, ikusgarria. Baina zukua ateratzen die bere dohainei. Bi erdikoak (Chivu eta Mexes), esaterako, indartsuak dira. Pizarro txiletarrak erritmo egokia ematen dio taldeari, eta aurrean Tottik jarraitzen du ikur moduan. Mancini brasildarra, berriz, duen onena ematen ari da metro batzuk aurrerago jokatuta. Talde lehiakorra denez, ezustekoa ematen saiatuko da.
Den-denak, erne
Ez dago faborito argirik Txapeldunen Ligako final-laurdenetako kanporaketetan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu