Dena ari zaio agortzen Realari

Bat-batean idatzitako ohar batean, zaleen laguntza eskatu du Lotinak, gaurko partidaren bezperan

Xabier Lopetegi.
2007ko otsailaren 24a
00:00
Entzun


Bat-batean idatzitako ohar batean, zaleen laguntza eskatu du Lotinak,gaurko partidaren bezperan
xabier lopetegi

Donostia

Realaren egoera deskribatzeko edozein saio errepikapen bat baino ez da egoera honetan. Hitzak, hausnarketak, gogoetak agortu egin dira. Baita jokalariei ere. Hogeita hiru partidatik bi irabazita eta azken sei partidetan puntu bakarra lortuta, esaten den guztia topikoen zakuan erortzen da ezinbestean. Agortzen ari da denbora ere. Eta zaleen fedea. Azken itxaropen apurrei eusteko, Deportivoren aurka hiru puntuak lortzea da modu bakarra. Ligak amildegiaren ertzean jarri du Reala, eta bizirik irauteko, denboraldia bukatu bitartekoa agonia motela eta jasanezina izango ez dela sinetsarazteko azken aukera gaur irabaztea da.

Miguel Angel Lotinari ere agortzen ari zaio itxaropena. Ostiraletako Zubietako errutina hautsi zuen Realeko entrenatzaileak atzo, eta mundu guztia ustekabean harrapatu, klubeko prentsa arduradunak barne. Ohiko prentsaurrekoa egin beharrean, ordubete lehenago idatzi bat prestatu eta komunikabideen aurrean irakurri zuen. Kazetariek ez zuten galderarik egiterik izan. Honako hau esanez hasi zuen agerraldia: «Hemen zaudetela aprobetxatu nahi dut familia txuri-urdineko kide askok bere egingo dituzten hausnarketa batzuk helarazteko». Autokritika egin zuen meñakarrak: «Gure egoera akats kate baten ondorioa da. Ni ere erantzule naiz neurri batean. Beharbada, denok egin dugu zerbait gaizki taldea behean egoteko».

Indarrak batzeko deia egin zuen ondoren. «Ez dut itxura ezkorra eman nahi. Entrenatzaileon betebeharra egoerari buelta ematen saiatzea da. Bigarren Mailara ez jaisteko adina puntu daude jokoan oraindik, eta Realak ez du merezi jaistea, bere historiari eta zaleei erreparatuta. Lehen Mailako taldea gara». «Gaitzespenak» gerorako uzteko eta «animatzen jarraitzeko» deia ere egin zuen Lotinak, «beroketa ariketetatik» hasita. «Taldeak laguntza hori bueltatuko diela espero dut, zelai gainean borrokatuz. Ezin dut ziurtatu partida guztiak irabaziko ditugula, baina saiatuko garela bai, hori bai ziurta dezaket. Gure jendeak, Donostiak eta Gipuzkoa osoak gutxienez merezi dutena da».

Mezua ulergarria da, eta egokia, aproposa. Baina mezu orok beste osagai garrantzitsu batzuk dauzka, mezua ematen duenaren aldartea esaterako, eta Lotinak bere hitzek bilatzen zuten baikortasuna sinesgarria izatea ez zuen lortu. Are gehiago, kontrako eragina izan zuen. Meñakarra berez da kopetiluna, baina ohi baino burumakurrago agertu zen atzo, hunkituta balego bezala, eta behin baino gehiagotan trabatu zen irakurketan. Hori gutxi balitz bezala, zurrumurruen lasterketa eroa hasteko aitzakia eman die kazetariei. Gaur galduz gero dimisioa emango duela ziurtzat jo dute gehienek, eta izan dira, herenegun jokalariek egin zuten bilera aitzakiatzat hartuta, irakurketa korapilatsuagoak egiten hasi direnak ere.

Zorionez, jarraitzaileei ez zaie taldeari laguntzeko gogoa agortu. Harrobiko gazte batzuen igoeraz gain, denboraldi honetan salba daitekeen albiste bakarrenetakoa direla esatea ez da demagogikoa izatea. Bazkideei sarrerak doan emateko neurriak emaitza ona eman du, milaka hartu baitituzte azken egunetan -klubak doan emandako sarrerak agortu egin ziren atzo-. Beraz, Lotinak eskatu duen babesa ez zaio faltako taldeari gaur, jendea hil edo biziko partida dela konturatu baita. Jokalarien txanda dator orain. Etxean, eta izango den giroarekin, ezingo dute azken partidetako itxura berriz ere eman. Kontrarioarentzat talde deserosoa izatearekin ezin dute konformatu; eurek ere min egin behar dute, koska egin, orain arte egin ez duten bezala.

Horretarako, badirudi aldaketak egingo dituela Lotinak, beste behin ere. Entrenamenduetan ikusitakoaren arabera, aurrealdean bikote berria probatuko du: Kovacevicek eta Herrerak osatutakoa. Gol aukera garbiak sortzeko zailtasunak izaten jarraitzen du taldeak, batzuek kontrakoa esan arren, baina egia da izan dituenean asmatzea falta zaiola. Mikel Alonsok ere hasieratik jokatzeko aukerak izan ditzake, aspaldiko partez. Garitano hasierako ustezko hamaikakoan izan da ia lan saio guztietan, baina ezin da baztertu entrenatzaileak Aranbururen erasorako gaitasuna baliatu nahi izatea gaurko partidan, derrigor arriskatu behar duelako taldeak. Garrido, Savio eta Jesuli osatu egin dira dagoeneko eta gaur jokatzeko moduan daude. Brasildarrak hasieratik jokatuko du eta ezker atzealdeko ezker hegalerako Garrido eta Rekarteren artean hautatu beharko du Lotinak.



Ezin fidatu Deportivorekin

Realak aurrean izango duen taldeak ez du ia zerikusirik Espainiako Liga eta Kopa irabazi eta urte askotan Txapeldunen Ligan denboraldi txukunak egin zuenarekin. Orain bi denboraldi, aro bat bukatu eta distira eta loria gutxiagoko beste bati ekin zion Deportivok. Zorrez josita, luzaroan bere aukeren gainetik bizi ondoren, maila apalago bateko taldea osatu zuen. Arazo ekonomikoak ez ditu gainditu, hala ere, eta orain gutxi Arbeloa atzelari gaztea saldu behar izan dio Liverpooli, jokalarien soldatak ordaindu ahal izateko. Azken boladan, sailkapeneko eremu epelean dabil. Caparrosek Verdu, Barragan eta Cristianen gisako gazteei eman zien aukera denboraldi hasieran eta emaitzak apartak izan ziren, etxean batez ere. Gero behera egin zuen, baina txakalaldiari buelta eman dio, azken zazpi partidetatik bakarra ere ez baitu galdu. Gol falta du gaitz nagusi, Realak bezala. 18 baino ez ditu sartu, 1991-1992 denboraldiaz geroztik izan duen kopururik kaskarrena. Bodipok lesio larria izan zuen, eta Arizmendi da bere egitekoa ondo bete duen aurrelari bakarra eta sasoi onenean dagoena. Jokalari garaia eta osoa da, buruz zein oinekin ondo moldatu eta behar bezala mugitzen dena. Defentsan erraztasun gutxi ematen ditu Deportivok, entrenatzaileak bere izaera borrokalaria kutsatu baitio taldeari. Superdepor famatuaren itzala ere ez da izango, baina Reala ez dago inorekin fidatzeko moduan, Anoetan jokatutako azken hiru partidak galdu baititu. Riki eta Manuel Pablo ez dira ariko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.