Dena da posible Katedralean

Bartzelona da faborito gaur Espainiako Kopako final-zortzirenetako itzulikoan, baina San Mamesen edozer gerta daitekeZale batzuk 40 ordutik gora egon dira txarteldegian sarrera eskuratu ahal izateko

haritz gallastegi
Bilbo
2011ko urtarrilaren 5a
00:00
Entzun
San Mamesen ikus daitekeen partidarik onena jokatuko da gaur Katedralean. Alde batetik, etxeko taldea ariko da. Azken denboraldiotako Athleticik onena dauka bere ardurapean Joaquin Caparrosek. Joko erakargarria egin ez arren, eraginkorra da egungo Athletic. Llorenteren golei eta gainerako futbolarien lan zintzoari esker, edozein aurkari estu har dezake. Etxean jokatzen duenean batez ere. Aurrean, berriz, futbola ahozabalik utzi duen aurkaria izango dute zuri-gorriek; azken sasoietan Espainiako Ligan eta Europako lehiaketetan ere emaitza onenak eskuratu dituena. Futbol landua, ikusgarria eta eraginkorra uztartu ditu Guardiolak. Historian egon diren talde onenen artean dago jada. Brasilik onenarekin, Cruyffen Ajaxekin nahiz Sacchiren Milan garaitezinarekin alderatu dute adituek. Ezin, beraz, askoz gehiago esan.

Egungo Bartzelonari aurre egitea nekeza da oso. Buruz jokatzen du. Jokalariek ez daukate burua altxatu beharrik taldekidea non dagoen jakiteko. Azkar eta ondo mugitzen dira. Eta jokalariak baino azkarrago mugitzen da baloia. Aurkaria nekatu eta lekuz kanpo uztea lortzen dutenean hasten da lanean Leo Messi. Argentinarra edozer gauza egiteko gai da. Geldiezina. Onena. Beraz, joaneko partidako emaitza ona izan arren, Bartzelona da faborito argia. Etxean eta etxetik kanpo berdin-berdin jokatzen baitu.

Bartzelonaren eta Athleticen artean alde handia dago egun, eta logikak dio zuri-gorriek ezin izango diotela aurkariari eutsi. Baina, zorionez, futbolean ohikoak izaten dira ezustekoak. Ez da beti logika betetzen. Zuri-gorriak esperantza horrekin zelairatuko dira gaur berdegunera. Eta itxaropena aipatuta, zer esan sarrera pare bat lortzeko asmoz ia egun bi San Mameseko txarteldegietan egon diren zaleen inguruan. Horietako batzuk eta beste ehunka lagun 19:30ean elkartuko dira Athleticen hotelaren aurrean, zuri-gorriak San Mamesera bidean babesteko. Sevillaren kontrako partida gogoangarrian gertatu zen legez, hain zuzen ere.

Ilusioa arma garrantzitsua da. Argi dago gogoarekin bakarrik ez direla partidak eta kanporaketak irabazten, baina gaur ezinbestekoa izango da zaleen eta taldearen arteko batasuna. Jokalariek eta zaleek elkar hartzen dutenean giro berezia sortzen da Katedralean. Horrenbesteko ikusmina sortu duen partida baten aurrean ez da asko egin behar futbolariak motibatzeko. San Mames beteko duten jarraitzaileek, berriz, korner bat nahikoa izango dute orroka hasteko.

Athletic babestuta egongo da. Zaleen beroa izango du —atzo 3.000 inguru elkartu ziren Lezaman—. Ez da Bartzelonak San Mamesen aurkituko duen oztopo bakarra. Zelaia izan daiteke beste bat. «Lehen Mailako zelairik txarrena dauka San Mamesek», esan zuen Carlos Gurpegik Deportivoren kontrako partidaren ostean. Ez dauka arrazoi faltarik. Baina ez da gaurko kontua. Teknikariek eta agintariek jakin beharko lukete jokoaren ekimena eramaten duen taldeari zelaia ondo egotea komeni zaiola. Athleticek ia beti nagusitzen du bere erritmo bizia etxean jokatzen duenean, baina gaur bestelakoak izango dira kontuak.

Azterketa garrantzitsua

Orain arte kaltegarri izan denak mesede egin diezaioke gaur Athletici. Xavik, Iniestak eta enparauek San Mames zapaltzen dutenean ez dute sinetsi ere egingo ikusten ari direna. Ea oraingoan mesede egiten dion etxeko taldeari. Eta, era berean, ea lehenbailehen aldatzen duten.

Dena beharko da ametsa egia bihurtzeko. Baina, batez ere, jokalariek irabazi beharko dute neurketa. Eurek izango dute ardura guztia. Gaurkoa egun aproposa izan daiteke Athleticik onenen kontra lehiakorra izateko gai den ala ez ikusteko. Jokalarientzat azterketa garrantzitsua da, baina baita teknikariarentzat ere. Caparrosen lana erabakigarria izan daiteke. Nola egingo dio aurre Athleticek Bartzelonari? Hiru euskarrirekin jokatuko al du berriz? Zeintzuk izango dira erdiko atzelariak? Teknikariak ditu erantzun guztiak. Atzealdean Amorebietaren eta San Joseren hutsuneak bete beharko ditu Caparrosek —Lehiaketa Batzordeak ez dio kendu txartel gorria San Joseri, baina taldeak Apelazio Batzordera jotzeko asmoa dauka—. Ezusterik ezean, gustuko zentral biak faltako dira. Ocio eta Ustaritz dira jokatzeko hautagaiak. Bestalde, erabaki beharko du Toquero mantendu edo, aurrelaria kenduta, Iturraspe edo Orbaiz zelairatu. Hiru euskarrirekin indar handiagoa izango du zelai erdian. Aurrelaria zelairatuz gero, berriz, arrisku handiagoa sortzeko aukera izango du Athleticek. Eta Athleticek garaipena behar du. Hori bai, neurketak ez dira lehen minutuan irabazten, eta bi estrategiak erabiltzeko aukera izan dezake.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.