Dena edo ezer ez

Irujok eta Barriolak irabazi beharra daukate Berasaluze VIII.a eta Albisuren aurka, finalerdietan aritzeko

Juan Martinez de Irujo harmailetara begira, txapelketako partida batean. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Donostia
2012ko martxoaren 24a
00:00
Entzun
Finalerdietarako sailkatu edo ez. Dena edo ezer ez. Juan Martinez de Irujok eta Abel Barriolak hurrengo faseko ligaxkan aritu ahal izateko azken aukera dute jokoan, gaur. Pablo Berasaluze eta Jon Ander Albisuren aurka ariko dira Iruñeko Labrit pilotalekuan (17:15). Derrigorrean irabazi beharrean da Aspeko bikotea. Gainontzean, hasierako gehienen usteak ezerezean utziko dituzte. Txapelketan jarraitu edo ez, euren esku dago.

Zaila da zer gertatu zaien ulertzea. Gehienek txapela janzteko faborito argitzat jotzen zituzten, artean txapelketa hasi baino ez zenean egin. Inor gutxik esperoko zuen, azken partida falta dela, finalerdietarako sailkatu gabe egongo zirenik. Iragana ahaztu eta etorkizunera begiratzeko garaia heldu zaie. Hutsak zuzentzeko eta hutsetik hasteko ordua.

Bestelako patxadan kantxaratuko dira berriztarra eta ataundarra. Joan den astean lortu zuten finalerdietan sartzea. Tramite hutsa izango da gaurko partida eurentzat. Egiari zor, txapelketako lehen fase ederra egin dute. Ustekabeko gonbidatuak izango dira finalerdietan, bati baino gehiagori zer pentsatua eman eta gero.

Zerbait badute alde, behintzat, nafarrek: estatistikak. Lehen faseko zazpigarren jardunaldian neurtu zituzten indarrak bi bikoteek aurreneko aldiz txapelketan. Aise irabazi zuten Idiazabalgo partida hura Irujok eta Barriolak: 13-22.

Gaurko partida irabazi ezean, biharko Xala eta Laskurainen partidako emaitzaren zain egon beharko dute. Haiek galtzea komeni zaie, ezinbestean. Bengoetxea VI.a eta Apraizen aurka ariko dira Lekuinekoa eta Soraluzekoa. Gauzak nola diren, azken horiei Irujok eta Barriolak galtzea komeni zaie, txapelketan bizirik jarraitu nahi badute.

Suspenseko pelikuletan bezala, pilotazaleek izango dute zer ikusi eta zer gozatu. Azken kapituluan erabakiko da dena. Ezin zitekeen izan bestela.

Gustuko pilotarik ez

Asteazkeneko pilota aukeraketan ez zuten gustuko materialik aurkitu Irujok eta Barriolak. Beste behin ere kexu agertu ziren Juan Mari Juaristik egindako aukeraketarekin. Teniseko pilotekin alderatzera iritsi zen Iberokoa. «Txispa eta garra gabekoak» zirela esan zuen. Barriolak ere bazuen zer esana. Hura ere ez zen batere pozik gelditu. «Ez gaude gustura materialarekin. Oso motza da». Txapelketa guztian askotan izan dute saskiko materialarekiko adostasunik eza.

Dena edo ezer ez. Pilotak ahaztu, eta euren jokoan arreta jarri besterik ez dute. Dena, edo ia dena, euren esku dago. Aurkariak gutxietsi gabe. Haiek ere izango du zer esana, noski.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.