Irabazi. Bertze helbururik ez du Itxakok gaur (17:15, Canal 6), Gyoriren aurkako Txapeldunen Ligako bigarren ligaxkako azken-aurreko norgehiagokan. Bertze aukerarik ere ez du, Europan bizirik jarraitu ahal izateko. Kanporaketa azken txanpan da, eta nafarrek inoiz baino beharrezkoagoa dute garaipena, azken jardunaldira finalerdietara pasatzeko aukerekin ailegatu ahal izateko.
Ostegunean Elxen aurka aritu zen Lizarrako taldea, ABF ligan, eta Herrialde Katalanetatik zuzenean egin zuen bidaia Hungariara ostiralean. Atseden hartzeko denborarik ez dute izan Ambros Martinen jokalariek. Hala eta guztiz ere, ahalegin berezia egin beharko dute hungariarren pistan.
Nekea bazter utzita, Elxen pistan erakustaldia egin zuen Itxakok Ligako osteguneko partidan, eta hari esker, lehiaketa horretan hemeretzigarren garaipena lortu zuen jarraian Lizarrako taldeak (17-31). Egindako lan ona izan daiteke Martinen jokalarientzat Gyoriren aurkako norgehiagokan pizgarririk garrantzitsuena. Konfiantza behar dute Gyoriren pistara beldurrik eta konplexurik gabe ateratzeko, eta han aurrenekoz irabazteko. Aurreko sasoian Txapeldunen Ligako finaletik at utzi zuen Itxakok Hungariako taldea, baina haren pistan berdinketa baino ez zuen lortu.
Hungariarrak inoiz baino sendoago daude aurtengo denboraldian. Ederki indartu dute taldea, eta etxean inon baino arriskutsuago dira edozein aurkarirentzat. Gyorik, hala ere, finalerdietarako txartela poltsikoan du jada, eta, ondorioz, deus ez du jokoan izanen gaurko partidan.
Hungariarrak dagoeneko sailkatuta daude, baina horrek ez du erran nahi partida irabaztera aterako ez direnik. Presioa, noski, nafarrentzat izanen da, Itxakok dena baitu gaur jokoan. Taldeak Europan duen esperientzia baliatzeko ordua dute nafarrek oraingoa, presio hori beren alde erabili ahal izateko. Presio hori pizgarri bilakatu ahal izateko.
Gyoriko jokalariek argi utzi dute sailkapenean zein postutan diren berdin zaiela. Irabazi bertzerik ez dutela egin nahi. «Partida bakoitzean serio aritzea da gure helburua, eta irabaztea, noski», ohartarazi du Gyoriko jokalari Jovanka Radicevicek.
Aguilar, zalantzan
Itxakoko jokalari Carmen Martinek asteon erran duenez, taldeko kide guztiak azken unera arte borrokatzeko prest dira, finalerdietara pasatu ahal izateko. Macarena Aguilarrek ere pistan egon nahi du gaur, baina jokatzeko moduan izanen ote den ez dago argi. Larviken aurkako joan den asteburuko partidan sudurrean hartu zuen kolpea, eta hautsiak ditu hezurrak. Bere kabuz aritu da asteon entrenatzen erdikoa. Azken unean erabakiko du Ambros Martinek pistara atera edo ez.
Aguilarrekin edo gabe, Itxakok argi du bere eskubaloirik onena erakutsi beharko duela gaur Gyoriren pistan. Elxen aurkako partidako bigarren zatian bezala aritzen badira nafarrak, izanen dute aurkaria mendean hartzeko aukera anitz. Defentsan egonen da gakoa, ziurrenik. Erasoan, halaber, azken partidetan huts egindako xehetasunetan fin ibili beharko du Itxakok.
Larviken kontrako partidako hutsak ezin ditu errepikatu Lizarrako taldeak hungariarren pistan. Euren onena emateko ordua da, Europan aurrera egiten jarraitzeko aukera baita jokoan. Aurreko denboraldian finalera iritsi eta gero, bigarren ligaxkara arteko bidea motz gelditzen da nafarrentzat. Finalerdietan sartzeko bidea maldan gora jarri zaie, baina azken hitza oraindik ez du erran Itxakok.
Dena erabakitzeko unea
Itxakok irabazi beharra du gaur Gyoriren pistan, Txapeldunen Ligako finalerdietan aritzeko aukerari eusteko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu