Ilusioak ere irabazten ditu tarteka lasterketak. Ez galdetu Miguel Angel Rubianori (Androni) nondik atera zuen indarra; ez galdetu hain gorputz txikiarekin nola litekeen azken 35 kilometroetan hainbesteko egurrean ibiltzea. Talde txikiaren ilusioa joan zen atzo pedalei eraginez. Handia egin du Rubiano txikiak —eta Androni taldeak berak— Giroa hastearekin batera. Ez dauka Sky, Greenedge, Liquigas edo Lampreren egiturarik. Hamar-hamabost milioi euroko aurrekontuak ahaztu, eta bizpahiru milioi euroko aurrekontu apalarekin harritzen ditu Andronik zaleak. Atzo bezala. Erromantikoen mesedetan, eskerrak dena ez den lortzen diruarekin.
Arriskutsua zen Giroko seigarren etapa. Orain arteko gogorrena. Urbinotik abiatu eta Porto Sant'Elpidiora iritsi bitartean (210 kilometro), lau mendate zeuzkaten zain, eta kilometro gutxi ordekan. Azkar sortu zen aurrean hamabost txirrindulariko taldetxo bat, eta han ziren Rubiano bera eta Pablo Lastras (Movistar), besteren artean. Aldea zortzi minututik gora joanda zegoela, errepideak berehala eman zuen epaia: Lastras eta Rubiano ziren talde horretako indartsuenak. Baina Cappella bigarren mailako mendatean erasoa jo ostean, maldan behera zihoala, lurrera joan zen espainiarra. Ospitalera eraman behar izan zuten, lau saihets eta lepauztaia hautsita.
Ordurako lasterketaren burua hartuta zihoan Rubiano. Lastrasen erasoa arriskutsua zela ikusi zuen, eta are erantzun indartsuagoa eman zuen kolonbiarrak. Montelupone motz baina gogorrean jo zuen bigarren erasoa Andronikoak, eta helmugara iristeko 35 kilometro eskas falta zirenean jo zuen eraso guztietan zitalena. Kito. Hortxe geratu zen ezerezean iheskideen ametsa. Indarrez oso sendo, aldea handituz-handituz egin zuen helmugara arteko bidea. Etapa garaipenik gabe, baina liderraren maillota jantzi izanaren pozarekin pasatuko zuen gaua Adriano Malorik (Lampre).
Aurrean Rubiano gozatzen, tropelean Liquigas, Colnago eta Garmin tarteka tiratzen eta tarteka begira, atze-atzean Ramunas Navardauskas liderra (Garmin) gorriak ikusten. Hamabost minututik gora galdu zuen azkenean. Sufrimenduarekin nazkatuta, etxerako bidea hartu zuten Romain Feilluk (Vacansoleil), Thor Hushovdek (BMC) eta Tyler Farrarrek (Garmin). Zerrenda hori dezente haziko da gaurko eta biharko etapa gogorretan.
Txirrindularitza. Italiako Giroa
Dena ez da lortzen diruarekin
Miguel Angel Rubiano kolonbiar txikiak erakustaldi handia emanda eta oso ausart jokatuta irabazi du Giroko seigarren etapaIhesaldiari esker, Adriano Malori italiarra jarri da lider, asteburuko etapen atarian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu