Londresko Olinpiar Jokoak gainean dira; bi egun besterik ez dira falta ostiraleko irekiera ekitaldirako. Eta dena prest dago: Erresuma Batuko Gobernuak garraiobide eta segurtasun planak doitu ditu, eta kirolariak hasi dira iristen. Abuztuaren 12ra bitartean hamaika kirol probez gozatzeko aukera izango da, izpiritu olinpikoaz kutsatzeko parada.
BERRIAko Unai Zubeldia eta Imanol Magro kazetariak Londresen dira, bertan gertatzen denaren berri emateko, eta, Berriketan sare sozialean kontatu dutenez, ekitaldia hasi aitzineko egunak aurreikusi bezala doaz. Lehen kirolariak —atzo lau mila iritsi ziren— hasi dira olinpiar gunean ostatu hartzen. Iturri ofizialen arabera, segurtasun eta garraiobidean egindako egokitzapenak ere bide onetik doaz, eta momentuz ez da arazo aipagarririk sortu.
Hasiera ekitaldia etzi izango da —Euskal Herriko 22:00etan hasiko da—, baina Jokoetako lehen hitzordua gaur arratsaldean izango da: Ingalaterrako eta Zeelanda Berriko emakumezkoen futbol selekzioen arteko partida.
Guztira 204 herrialdetako 10.490 kirolarik esku hartuko dute, eta 4.700 domina banatuko dira. 39 kirol, eta dozenatik gora final egunero, horixe Olinpiar Jokoen menua.