Dena handia den parajean

Tre Cime di Lavaredora igoko da gaur tropela, 18 urteko tarte luzearen ondoren; aldapak, mendiak, paisaiaren edertasuna, txirrindularien sufrimendua, jendetza, ikuskizuna... dena da handia Dolomitetako txoko ikusgarri hartan.

Andoni Urbistondo.
2007ko maiatzaren 27a
00:00
Entzun
Gogoratzea ere zaila da. 18 urte joan dira 1989ko ekainaren 2az geroztik. Italiako Giroa telebistan ikustea miraria zen ia-ia, eta lasterketaren batean Tre Cime di Lavaredoren tankerako mendaterik egon zitekeenik sinestea ere bai. Paduan hasi eta Dolomiten bihotzean bukatu zen Giroko 13. etapa hura, 207 kilometrokoa. Andy Hampsten aurreko urteko garailea, Erik Breukink holandarra, Laurent Fignon frantziarra eta Flavio Giupponi italiarra ziren Giro hartako protagonistak.

Tre Cime di Lavaredok ordura arte nahiko ezezaguna zen ikuskizuna eskaini zion munduari. Txirrindulariek elkarrengandik gertu egin zuten bidea, baina bakoitza bere martxan. Batzuk ezkerretik, besteak eskuinetik, baina denak justu-justuan, bizikletatik ez erortzeko gutxieneko abiadura mantentzeko komeria handiekin. Zuzen joatea ezinezkoa zen malda haietan, maldak baino gehiago hormak zirelako. Gorputzak sekulako jipoia jaso zuen aurreko mendateetan, Passo Giaun batez ere, eta Tre Cime di Lavaredon ia denek jarri zuten hanka errepidean. Aukera bi zeuden: gelditu eta arnasa hartu edo erori.

Lucho Herrera kolonbiarra ez zen erori. 52 kiloko ahul itxurako gizona zen, arinetan arinena, igotzaile petoa. Mendian gora ez zuela sufritzen zirudien, pedalak aldapa beherantz zihoanean bezala astintzen baitzituen mendian gora, erraz-erraz. Bera izan zen garailea Tre Cime di Lavaredoko helmugan, 2.320 metrora. Fusagasugako lorezain txikiak ez zuen erasorik jo. Ez zuen erritmo aldaketarik egin. Fignon baino azkarxeago zihoalako iritsi zen lehenago.

Bizikleta gainean eserita egin zuten bidea biek, zutik jartzean gurpilak irrist egiten zuelako (hezea zegoen zorua). Gerriarekin kolpeak eman eta eman, pedalei itzuli osoa ematea ezinezkoa zelako. Herrerak helmugan esandakoak mitiko bihurtu zuen betiko mendatea. «Urte asko daramatzat txirrindularitzan, eta inoiz ez dut 24 hortzeko pinoirik erabili aldapa bat igotzeko. Gaur erabili dut».



INGURUNE IKUSGARRIA. Tre Cime di Lavaredo haitzak ikusgarriak dira. Izena bera ere polita da, eta haitz handienaren garaiera ere, bitxia: 2.999 metro. Paineko Dorreen antza dute (Txile). 15. etapa, halere, Lavaredoko bukaera baino askoz gehiago da. San Pellegrino igoko dute aurrena, Dolomitetan malda handi-handirik ez duen mendate bakarretakoa (11,8 kilometro, %6,4ko desnibela). Passo Giau dator ondoren. Patxi Vilaren ahotan, Giau da Giro osoko mendate gogorrena, eta hark esaten duena aintzat hartu behar da. Giau ez da luzea. Hamar kilometro eskas ditu, baina %9,4ko batez besteko malda. Ez dauka atsedenik, eta aldapa etzanena %8koa da (pikoena %14koa).

Cortina d'Ampezzo herri ezagunetik igotzen da Tre Cime di Lavaredora, 21 kilometroko aldapan. Tre Crociko gaina harrapatzen da aurrena, zazpi kilometro igo ondoren (%7,2ko batez bestekoa). Hurrengo hamar kilometroek gora eta behera egiten dute, eta Tre Cime di Lavaredo hasi aurretik %9,1eko pendiza duten bi kilometro daude, Misurina herria pasatuta.

Tre Cime di Lavaredo ez da mendate luzea. Lau kilometro eskas ditu, baina batez bestekoa beldurtzeko modukoa da: %12,2. Ez dago atsedenik, eta itota doanak itota egin behar du bidea. %9,4koa da desnibela lehen mila metroetan, %12,1ekoa bigarren kilometroan, %13,2koa hirugarrenean eta %12,5ekoa azken 900 metroetan.

Auronzo aterpe ezaguna dago han, haitzen azpian. Ingurune lasaia da, normalean. Mendizale talde batzuk, noizbehinka. Gaur handia izango da jendetza. Baita aldapak, paisaiak, hiru haitzak, txirrindularien sufrimendua eta ikuskizuna ere. Handiena, halere, 17 urteko etena izan da. Hori da gaur gozatzeko pizgarri garrantzitsuena.



SaILKaPenaK
HAMALAUGARREN ETAPA

1. S. Garzelli (Acqua&Sapone) 4.58:34

2. Gilberto Simoni (Saunier) d. b.

3. Paolo Bettini (Quick Step) d. b.

4. Fortunato Baliani (Panaria) d. b.

5. Eddy Mazzoleni (Astana) d. b.

6. Paolo Savoldelli (Astana) 3ra

7. Ivan Parra (Cofidis) 3ra

8. Danilo Di Luca (Liquigas) 38ra

9. Riccardo Ricco (Saunier) 38ra

10. Marzio Bruseghin (Lampre) d. b.

11. Damiano Cunego (Lampre) 38ra

14. Patxi Vila (Lampre) d. b.



SAILKAPEN NAGUSIA

1. Danilo Di Luca (Liquigas) 62.10.40

2. Marzio Bruseghin (Lampre) 55era

3. Andy Schleck (CSC) 1.57ra

4. Damiano Cunego (Lampre) 2.40ra

5. Gilberto Simoni (Saunier) 2.42ra

6. Patxi Vila (Lampre) 2.44ra

7. David Arroyo (Caisse d'Epargne) 2.51ra

8. Evgeni Petrov (Tinkoff) 3.11ra

9. Eddy Mazzoleni (Astana) 3.15era

10. Emmanuele Sella (Panaria) 3.52ra
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.