Atzo Taxoaren egindako entrenamenduaren aurretik ere bazekien Jose Luis Mendilibarrek deialdia osatzeko bigarren taldeko jokalariren bati deitu beharko ziola. Raitalak azken proba egin behar zuen artean, eta atzelari finlandiarra jokatzeko moduan izanez gero, bigarren taldeko jokalari bat nahikoa izango zuen hemezortzi jokalariko zerrenda osatzeko. Raitalak, ordea, berehala ikusi zuen ez zegoela jokatzeko moduan. Hori nahikoa ez, eta Kike Solak ere aldageletarako bidea hartu behar izan zuen tripetako arazoekin. Azkenean, Eneko Satrustegi ezker hegaleko atzelaria, Marcos Perez eskuin hegaleko atzelaria, eta Manuel Onwu aurrelaria aukeratu zituen entrenatzaileak deialdia osatzeko.
Falta direnak ikusita, hiru gazteetakoren bat hasierako hamaikakoan ikustea ere ez litzateke harritzekoa izango. Egoera normalean liderraren zelaian puntuak batzea zaila baldin bada, hainbeste jokalari falta dituela are eta gehiago zaildu zaio balentria Osasunari. Baina gorritxoek ez dute baztertu nahi ezustea ematea.
«Horrelako egoerei aurre egin ahal izateko izaten dira 25 jokalariko taldeak eta bigarren taldeko jokalariak». Lehen taldeko hamabost jokalari badituela gogorarazi zuen Mendilibarrek. «Eta hamaika soilik aritzen dira hasieratik. Deialdian sartu diren gazteek ere egin dezakete euren ekarpena. Egia da hamaikakoa osatzeko ohi baino aukera gutxiago dudala, baina ez dago aitzakiarik». Albiste txarrak jaso arren umorea ez duela galdu argi utzi zuen bizkaitarrak: «Akaso, trenera igotzean norbaitek hanka bihurritu, eta azken orduan beste baten falta ere izango dugu. Baina halakorik ez bada gertatzen, ez gaude gaizki».
Mendilibarrek ez zuen baieztatu bigarren taldeko hiru jokalarietako norbaitek Lehen Mailan debuta egiteko parada izangoduen. Baina Eneko Satrustegi ezker hegalekoa ohikoa da lehen taldearen entrenamenduetan. Denboraldi-aurre osoa eurekin egin zuen, eta azken aste osoa ere Mendilibarren aginduetara egin duenez, badirudi Raitalaren ordezkoa bera izango dela. «Ez dakit debuta egingo duten, baina baliteke. Atzealdean, batik bat, jokalari asko falta ditugu, eta Satrustegik edo Marcosek izan lezakete aukerarik. Ez dakit hasieratik izango den ala ez; baina bai, zergatik ez?», esan zuen Osasunako entrenatzaileak.
Mourinhoren abisua
Iragan astean bezala, Osasunak aste honetan ere sailkapeneko lehen sailkatua izango du aurrez aurre. Levante etxean mendean hartu zuten gorritxoek, baina ezin da ukatu gaur eguerdiko erronka zailagoa dela. Jose Mourinhoren taldeak etxeko partida guztiak irabazi ditu, eta bolada bikainean dira madrildarrak. Hargatik, Osasunak Santiago Bernabeun partida onak egin izan dituela gogoratu zuen Mendilibarrek atzo. «Azken urteetan partida onak jokatu izan ditu Osasunak Santiago Bernabeun, eta partida horietakoren bat jokotik at egoten diren arrazoiengatik galdu zuten nafarrek». Real Madrilek «munduko jokalaririk onenak» dituela gaineratu zuen bizkaitarrak. «Beti hala izan ditu gainera, munduko onenak erosteko baliabideak dituelako. Halere, onenek ere izan dezakete egun txarren bat, eta hori gertatzea nahi dugu guk, noski».
Sasoi honetan Bartzelonaren zelaian 8-0 galdu du Osasunak, eta ligako beste oilarraren zelaian halakorik ez errepikatzea espero du Iruñeko taldeak. Mendilibarri ez zitzaion batere gustatu kazetariek Camp Nouko partidarekin alderaketa egitea, eta egun harekin zerikusirik ez duen beste bat bizi nahi du gaur. Gainera, Mourinhok ere iragan denboraldiko partida gogoratu zuen bere prentsaurrekoan: «Iragan sasoian hiru puntuak lortu genituen Osasunaren aurkako partidan, beste ezertxo ere ez. Gainera, Levante mendean hartu eta gero, konfiantzarekin etorriko dira».
Kontraeraso batean Carvalho atzelariak lortu zuen gol bat nahikoa izan zuen orduan Real Madrilek Osasuna menderatzeko. Askotan bezala, itxura ona emanagatik, esku-hutsik itzuli ziren gorritxoak etxera. Joera hori aldatzea da nafarren asmoa. Punturen batekin itzuli nahi dute oraingoan, dena kontra dutela jakin arren. Madrildarren deialdian Nuri Sahin turkiarra sartu dute. Real Madrilek Borussia Dortmundetik fitxatu zuen erdilaria, eta orain arte min hartuta egon da.
Dena kontra dute
Etxean ligako partida guztiak irabazi ditu Real Madrilek, eta Osasunak bederatzi jokalari falta ditu gaurko lehiarakoSatrustegi eta Marcos, atzelariak, eta Manu, aurrelaria, deialdian sartu ditu Mendilibarrek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu