futbola

Dena prest Athleticen eta Realaren biharko derbirako

Anoetan eta San Mamesen salgai jarritako sarrera guztiak bukatu dira. Philippe Montanier Realeko entrenatzaileak David Zurutuza eta Dani Estrada sartu ditu deialdian. Partida bihar izango da, San Mamesen, 21:30ean.

2013ko otsailaren 21a
23:26
Entzun

Realak honako jokalariak eramango ditu Bilbora: Bravo eta Zubikarai; Carlos Martinez, Dani Estrada, Mikel, Ansotegi, Iñigo Martinez eta De la Bella; Markel, Pardo, Illarra eta Zurutuza; eta Xabi Prieto, Vela, Agirretxe, Ifran, Chory Castro eta Griezmann. Kanpoan geratu dira Jose Angel eta Cadamuro —Levanteren aurkako partidan egon ziren—.

Athleticen aldaketa bakarra espero da hamaikakoan: Carlos Gurpegiren ordez Mikel San Jose ariko da. Oscar de Marcos ere jokatzeko moduan izango da.

Montanierrek prentsaren aurrean adierazi du "partida handia egin gabe" ez dutela emaitza ona lortuko. Marcelo Bielsa Athleticeko entrenatzaileak atzo hitz egin zuen. 100. aldiz zuzenduko bihar taldea, eta orain arte egindako lanaz galdetuta, talde zuri-gorriko entrenatzaileak esan zuen "balorazio txarra" egiten duela: "Ez dut egin klubak nire eskuetan jarri duen tresnen erabilera ona". 

San Mamesen gaur salgai jarritako 521 sarrerak amaitu dira. Realak 200 sarrera jarri zituen asteartean Anoetan; bezperan zaleak ilarak osatzen hasi ziren eta berehala bukatu ziren.

Orain arte jokatutako derbietan 17 berdinketa izan dira; Realak 11 partida irabazi ditu, eta 37 Athleticek. Reala seigarrena da sailkapenean, 37 punturekin; Athletic 15., 26 punturekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.