Baiona aldean presioa handia izanen da gaurko partidari begira. Gogoan izan behar da, gainera, joan zen astean etxean galdu egin zutela baionarrek Perpinyaren kontra (25-26), Christian Gajanen haserrerako: «Perpinyaren aurka kontzentrazioa falta izan zitzaigun, ez genuen behar zen guztia egin irabazteko. Espero dut joan zen astekoa lezio ona izatea partida honetarako».
Baionarrek badakite huts egiteko aukerarik ez dutela, eta emaitza ona lortzearen presioa haien bizkar gainean izanen da: «Azken bi partidak galdu egin ditugu, eta puntuak pilatzea da orain gure lehentasuna», esan du baionarren kirol zuzendariak. Entrenatzailearekin ados dago Yoann Huget: «Giro berezia izanen da, dudarik gabe. Baina guretzat arazoa sinplea da. Galduz gero, egoera anitz okertzen ahal zaigu sailkapenean, eta irabazi egin behar dugu».
Hori ikusiz, azken partidetako politika aldatuko du Christian Gajanek. Orain arte, astero-astero aldaketa anitz egin ditu hasierako hamabostekoan, jokalari guztiek haien aukera ukan zezaten. Gaurko hamabostekoari begira, aldiz, orain arte haien postuan hobekien aritu direnen alde eginen du Gajanek. Gibelean, Pepito Elhorga min hartuta dago, eta, ondorioz, Joe Pietersen ariko da, oso sasoi hasiera ona egiten ari den jokalaria. Hegalean ere Hugetek Peyrasi postua kendu dio. Boyeten ondoan, Julien Audy ariko da, Gartziaren kalterako.
Aitzinean ere orain arte sentsazio onenak eman dituen Iginiz-Hegi-Baiocco lehen lerroa zelairatu du Gajanek. Bigarren lerroan Boutaty hasieratik ariko da. Eta hirugarren lerro indartsua izanen du gibelean, Martin, Haare eta Puricellirekin.
Sendotasuna Miarritzen
Miarritzen ere antzeko aukera egin dute Jean Mixel Gonzalez eta Jack Isaac entrenatzaileek. Agian, Jean Pascal Barraque gaztea hasieratik aritzea izanen da ezusteko bakarra. Gainerakoan, taldeko lider guztiak zelaian izanen dira: Thion, Hariñordoki, Balshaw, Yachvili, August... Sorpresa txarrik ez dute nahi xuri-gorrien entrenatzaileek.
Agileran kontziente dira euskal derbiak duen garrantziaz, eta Hendaian prestatu dute partida: «Lehia garrantzitsuren bat dugularik, Hendaiara joateko ohitura dugu. Hemen baldintza ezin hobeak ditugu: lasaitasuna, Blancoren talasoterapia eta hotela... Erritual bat bilakatu da Hendaiara etortzearena, eta uste dut mesede egiten digula», dio Philippe Bidabe Kanboko hegalekoak.
Lapurtarra hasieratik ariko da, Jack Isaacek bere esperientzia nahiago izan baitu Bolakororen indar eta abiaduraren eta nagikeria taktikoaren partez. Gainerakoan, entrenatzaile australiarrak ezusterako tartea utzi du. Barraquez gain, zentroan Bond eta Gimenez zelairatuko ditu, Mignardiren kalterako.
Aste osoan zalantza izan eta gero, Ian Balshaw hasierako hamabostekoan izatea garrantzitsua da Miarritzerentzat, hark zuzentzen baitu gibeleko xuri-gorrien jokoa. Damien Traille, aldiz, ez da Baionan izanen. Ostegunean hasi zen taldearekin berriz entrenatzen, baina oraindik ez dago sasoi puntu onenean partida jokatu ahal izateko.
Partidak miarriztarrendako ere badu garrantzia. Sailkapenean gora egiteko aukera emanen lioke garaipenak. Hala ere, jokatzeko asmoa badute Agilerakoek: «Jokalariek beldurrik gabe jokatzea nahi dut. Badakit testuinguru berezia dela, baina hori da bidea», dio Laurent Rodriguez Miarritzeko kirol zuzendariak. Hori izanen da, dudarik gabe, hurrengo astean hasiko den Heineken kopa prestatzeko biderik onena. Bathera joan baino lehen, baina, Baiona desafiatu beharko du Miarritzek, eta ez du batere partida erraza izanen gaur iluntzean Jean Daugerren.
BAIONA-MIARRITZE
Baiona. Iginiz, Hegi, Baiocco; Linde, Boutaty; Martin, Puricelli (kap.), Haare; Audy, Boyet; Gerber, Mazars, Lacroix, Huget; eta Pietersen.
Miarritze. Marconnet, August, Johnstone; Thion, E: Lund; M. Lund, Lakafia, Hariñordoki (kap.); Yachvili, Barraque; Bidabe, Bond, Gimenez, Ngwenya; eta Balshaw.
Lekua. Baionako Jean Dauger zelaia (17.000 ikusle).
Orena. 20:45 (Canal + F).
Epailea. George Clancy.
Partidaren gakoak
1Diziplina. Baiona eta Miarritze aldean partida itxia eta estua espero da. Ondorioz, faltak ez egiten entseatuko dira bi taldeak, Boyet eta Yachviliri aukerarik ez emateko.2Uztartzea. Iragan sasoian uztartzeari esker irabazi zuen Miarritzek, eta gaur ere garrantzia izanen du.
3Defentsa. Balshaw, Barraque, Pietersen, Huget... Jokalari bizi anitz izanen da zelaian, eta defentsan asmatzen duenak irabaziko du.
George Clancy Irlandatik etorritako epailearen lana, denen ahotan
Arrats honetako partidak, derbia izateaz gain, berezitasun bat izanen du. Top14ko epaileak Britainia Handian ariko dira epaile, eta britainiarrek zein irlandarrek zuzenduko dituzte Top14ko partidak. George Clancy irlandarra izanen da derbiko epailea, nazioartean dezenteko ospea lortu duena. Errugbian, epailearen lanak zeresan handia du partida zuzentzeko tenorean, eta Clancyren lana denen ahotan izan da egunotan.Baionan ez daude oso kezkatuta: «Ez dugu hainbeste aipatu, baina badakigu britainiarrei joko garbia egitea laket zaiela. Kasu egin beharko dugu, protestak aldageletan utziz», dio Yoann Hugetek.
Miarritzen ere aipatu dute gaia: «Top14an partida kudeatzen du epaileak. Han zigor kolpe anitz adierazten dira, uztartze irekietan arazoak saihesteko. Argi ibili beharko dugu», dio Philippe Bidabek.