Behobia-Donostia

Dena prest

Igandean egingo dute hogei kilometroko lasterketa, eta 28.672 kirolarik parte hartuko dute, iaz baino gehiagok.

Helmuga, iaz. JON URBE, ARP
Maialen Unanue
2013ko azaroaren 8a
15:52
Entzun

Iaz baino parte hartzaile gehiago izango ditu aurtengo Behobia-Donostia lasterketak. Korrikalari, esku bizikletazale eta patinatzaileen artean, 28.672 lagun saiatuko dira igandean ibilbidearen hogei kilometroak osatzen. Orduerdi aurreratu dituzte irteera orduak. Hala, 09:30ean aterako dira elbarriak, 09:40an patinatzaileak eta 10:00etan korrikalariak —azken txanda 11:20an irtengo da—.

Aurtengo edizioa lasterketa antolatzen lan egiten duten boluntario guztiei eskaini diete. Horren erakusle, elastiko bereziak egin dituzte: boluntarioen elastikoek Gure denbora zuen marka leloa eramango dute, eta kirolarienek, berriz, Zuen denbora gure marka leloa.

Behobia-Donostian parte hartzeko hiru modalitate daude: korrika egingo dutenena, esku bizikletan egingo duten elbarriena eta patinen gainean egingo dutenena. Parte hartzaile kopuruei dagokienez, 28.342 izango ditu lehenengoak, 30 bigarrenak eta 300 azkenak. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, iaz baino emakume gehiagok eman dute izena. Guztira, 5.248 izango dira (%18,5eko igoera, iazko datuen aldean).

Azoka gaurtik, belodromoan

Iaz bezala, aurten ere Anoetako belodromoan jarriko dute korrikalarien azoka. Gaur eta bihar izango da, eta 10.000 korrikalarik bertan jasoko dute parte hartzeko zenbakia. Azokan bertan motxilak uzteko aukera dute parte hartzaileek, baina aukera gehiago ere egongo dira horretarako: Zuhaizti kiroldegian eta Gipuzkoa plazan, igandean, 07:30ean, edo urtero bezala, irteeran bertan.

Sare sozialek presentzia handia izango dute lasterketan bertan. Batetik, lasterketaren antolatzaile Fortuna Kirol Elkarteak Twitter bidez zuzeneko jarraipena egingo du @bss_fortuna erabiltzailearen eta #behobiass etiketaren bidez. Elkarteak orri propioa ere badu Facebook sare sozialean. Smartphone-etarako BSS izeneko aplikazioa ere sortu dute, parte hartzaileek behar duten informazioa jasotzeko. Run Loc izeneko aplikazioaren bidez, berriz, lasterkarien jarraipena egiteko aukera egongo da. Denda birtuala ere badu lasterketak.

Zuhaizti kiroldegian haurtzaindegi zerbitzua jarriko dute, iaz bezala. Okendo plazan jarriko dituzte helmugara iritsi osteko zerbitzuak, eta, antolatzaileek jakinarazi dutenez, iaz baino masajista gehiago egongo dira. Lasterketa helmugara iritsi aurretik uzten dutenentzat, berriz, "zerbitzu berezia" prestatu dute. Ibilbidean zehar komun gehiago (2, 5, 12 eta 14. kilometroetan) jarriko dituzte, eta tren zerbitzu zabalagoa izango da.

Eguraldiari so

Ohi bezala, Euskal Herriko nahiz nazioarteko kirolariek parte hartuko dute lasterketan. Bertakoen artean, besteak beste, Claudia Beobidek, Asier Cuevasek, Alberto Revueltak, Sergio Romanek eta Iker Oliverik parte hartuko dute.

Antolatzaileen arabera, lasterketan parte hartzeko eguraldirik "okerrena" 20 gradu inguruko tenperaturak eta hezetasun maila altuak bat egiten dutenean izaten da. Euskalmeten arabera, ostarteak izango dira, baina euri pixka bat ere egin dezake.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.