Bartzelona kirol taldearen ereserkiko lehen hitzek «tot el camp, es un clam» diote (estadio guztia aldarri bat da). Estadioa dioen tokian saskibaloi liga guztia jarriko bagenu, ACB ligako beste hamazazpi taldeek zer pentsatzen duten jakingo genuke. Alegia, Bartzelonak irabaziko duela liga. Hori ere lau haizeetara, ligako kantxa guztietara zabal daitekeen aldarri bat da, inork ez duelako auzitan jartzen kataluniarren nagusitasuna. Ausartu ere ez, haiek garaitzeko zirrikiturik ez baita sumatzen inon.
Ezin esan Bartzelonak joan den sasoian talde txarra zuenik. Hankapetik irabazi zuen liga, baina nahi eta ezin ibili zen Europan, bere hirian jokatu zen Lauko Finaletik at geldituta. Merkatuko onena erostea erabaki dute, hori saiheste aldera; ligako beste aurkarien kalterako, noski. Sasoi batetik bestera inbertsioa handitu duen talde bakarra da. Besteek poltsikoari begiratu diote, baita Real Madrilek ere, baina Bartzelonak ez: talde handia zen, eta handiagoa izango da.
Galdutakoa eta trukean lortutakoa alderatuz gero, hobea da azokan erositakoa. Egin kontu bestela: Jaka Lakovic, Gianluca Basile eta Roger Grimau joan dira, eta trukean Marcelinho Huertas, Xavier Rabaseda, Chuck Eidson eta C. J. Wallace fitxatu dituzte. 1-2 postuetan zuten aberastasuna murriztu da, bai, baina 3-4 postuetan ez dago Bartzelonari itzal egingo dion talderik Europa osoan: Pete Mickeal, Eidson, Ingles, Rabaseda, C. J. Wallace… Piboten analisiak ere ez du zalantzarako tarterik uzten: Boni N'Dong, Erazem Lorbek, Fran Vazquez eta Kosta Perovic dituen taldeak ez du eztabaidarako tarterik uzten.
Nork egin diezaioke aurre Bartzelonari? Baskoniak hain urrun ez dagoela erakutsi zuen Superkopan, baina ikusteko dago baten eta bestearen bilakaera zein den lehiaketan. Baskoniak Kevin Seraphinen egoera du kontra, Joey Dorsey eta Maciej Lamperen egokitzapen epea bezala. Antzekoa gertatzen zaio Real Madrili Rudy Fernandezekin. NBAko egoera konpontzen bada, Dallasera itzuli beharko du Mallorcakoak, eta Lasok, bere aginduetara Jaycee Carroll eta Martynas Pocius izanda ere, saskipean ziurtasun osorik ematen ez duen pibot sorta dauka: Ante Tomic, Mirza Begic, Felipe Reyes eta Nikola Mirotic.
Outsider izan daitezkeen taldeen artean ez dago nobedade handirik. Valentzia eta Bilbo Basket agertzen dira berriro apustuetan garaile, eta Unicajak ez du atzean utzi azken denboraldietako zalantza giroa. Valentziak goitik behera eraldatu du taldea, eta jokatzen hasi aurretik, itxura ona du: Kuksiks, Caner-Medley, Ogilvy, Rodrigo San Miguel eta Stefan Markovic fitxatu dituzte, besteak beste. Unicajak ere aldaketa franko egin du, baina fitxatu dituzten jokalarien jardunak ez du konfiantza handirik eragiten: Darden, Rowland, Valters eta Luka Zoric. Malagan jarraitzen dute izan zirenaren arrasto ez diren Garbajosa, Saul Blanco eta Tripkovicek. Horiek esnatzen badira, goian ibiliko da Unicaja, baina normalean ez dira esnatuko.
Elite horren arrastoan egon nahi dute Cajasolek eta Estudiantesek, besteak beste. Cajasolek bizkarrezurra mantendu du: Calloway, Satoransky, Txemi Urtasun, Paul Davis eta Triguero. Eta neurri ona eman dezaketen jokalari sorta fitxatu: Pancho Jasen, Carl English, Milenko Tepic, Luka Bogdanovic… Estudiantesen apustua apalagoa da. Ez du hain talde ona, baina borrokalariak dira. Antoine Wright hegalekoa eta Cedric Simmons pibotaren bizkar gain jarri dute euren proiektuaren arrakasta.
Behealdean ere oreka
Fuenlabrada, CAI Zaragoza eta Valladolid joan den denboraldian egindako lan ona errepikatzen saiatuko dira. Fuenlabrada zortzi onenen artean sartu zen, baina erronka zailagoa du orain. Sosekin larri ibili dira Madril hegoaldean, baina Kirk Penney saskiratzailea fitxatu dute. Valladolid ere hor ibili zen, muga-mugan, eta Kahiem Seawright pibota eta Ricardo Uriz fitxatu ditu, estutasunik ez pasatzeko asmoz. CAI Zaragozak itxura ona du. Cabezas, Aguilar, Toppert, Van Rossom eta Hettsheimer mantendu ditu taldean, eta txukun osatu du bizkarrezur sendo hori Stefansson, Bracey Wright eta Robert Archibaldekin. Murtzia ere talde honetan sar genezake, igo berria izan arren. Josep Franch, James Augustine, David Barlow, Blagota Sekulic, Rob Kurz eta Andres Miso fitxatu dituzte, igogailu taldea ez bihurtzeko.
Maila galtzeko hautagaiak zein diren esatea asko esatea da, liga hasi ere ez delako egin, baina kosta egingo zaio Obradoiro Blusens Monbus galiziarrari. Manresa ere urri dabil baliabidez, baina eskarmentu handia dute gutxirekin asko lortzen. Txus Bidorretak ere ez luke arazorik eduki behar Alacanten, baina hilabete pare bat itxaron beharko da lehen ondorioak ateratzeko.
Denak bakar baten aurka
Bartzelona da inbertsioa handitu duen talde bakarra, eta faborito argiak dira kataluniarrakReal Madril eta Baskonia dira ACB ligako beste bi talde indartsuenak, eta Unicaja, Valentzia eta Bilbo Basket hautagaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu