Kirola

Denboraldi amaieran txirrindularitza utziko du Discovery Channelek

Ez dute babeslerik aurkitzen. Johan Bruyneel zuzendariak ere utzi egingo du. Alberto Contador Tourreko irabazlea talde horretakoa da, eta gaur bertan prentsaurrekoa eman du dopinarekin ez duela zerikusirik ziurtatzeko.

2007ko abuztuaren 10a
17:39
Entzun
Discovery Channel talde estatubatuarrak txirrindularitza utziko du denboraldia amaitzean, babeslerik aurkitzen ez duelako. Hala iragarri du gaur Johan Bruyneel zuzendariak, Flandesko Sporza telebista katean. Taldearekin batera berak ere ziklismoa utziko duela jakinarazi du: "Lortu daitekeen guztia eskuratu dut kirol honetan. Beti esan dut punta-puntan nagoela nahiko nukeela uztea, eta uste dut hau dela momentua", esan du.

Alberto Contador aurten Tourra irabazi duen txirrindulari espainiarra talde horretakoa da, eta Bruyneelen gidaritzapean aritu da. Halaber, talde berekoa zen Tourra zazpi aldiz irabazi zuen Lance Amstrong estatubatuarra, eta Bruyneelekin aritu zen hura ere.

Hain justu, gaur bertan prentsaurrekoa eman du Contadorrek Madrilen, Bruyneel prestatzailea eta Jaime Lissavetszky Espainiako Kiroletarako Estatu idazkaria alboan zituela. Inoiz ez dela dopatu eta dopinarekin inolako zerikusirik ez duela ziurtatzen duen agiri bat irakurri du Contadorrek agerraldi horretan. Berarengan ez ezik, txirrindularitzan sinesten jarraitzeko eskatu die zaleei.

Izan ere, ziklismoaren inguruan zabaldu diren dopin zurrumurruak Contadorrengana ere iritsi dira. Oro har, asaldatuta dago txirrindularitzaren mundua, eta Discovery Channelen adibideak erakusten duen bezala, dopinaren auzia tarteko gero eta zailagoa egiten zaie taldeei babestelak aurkitzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.