Ametsa iragan maiatzaren 21ean hasi zen, Bilbao Basket LEB ligako finalerdietako hirugarren partidan Leoni nagusitu zitzaionean, oraindik igoera bulegoetan erdiestea bazegoen ere, zirrarak eta itxaropenak Casillako harmailak bete zituen. Caja Bilbaok maila galdu zuenetik saskibaloi bilbotarrak hamar urteko penitentzia igaro behar izan du; duela bi urte igoeraren nahia hatz puntekin ukitu bazuten ere, Bilbok iaz berreskuratu zueninoiz galdu behar izan ez zuen ACBko tokia. Aurten Bilboko taldeak zaleengan itxaropena piztu duen jokalari multzoa bildu du, ametsak denboraldi bakarra baino gehiago iraun dezakeen itxaropenarekin.
Bilbao Basketek atzo egin zuen lehen taldearen aurkezpen ofiziala, Txus Bidorreta buru duela talde bilbotarrak «mailari ahalik eta azkarren eustea» hartu du helburutzat. Entrenatzaile indautxuarraren iritziz taldeak hiru ezaugarri «garrantzitsu» bateratzen ditu: «Anbizioa, esperientzia eta gaztetasuna». Helburua lortzeko Bilboko taldeak aurpegi berri ugari fitxatu behar izan ditu, ACB bezalako liga «gogor» batean «inori beldur izan gabe» lehiatzeko.Halere ez da dena zoriona izan Casilla inguruetan, Bilboko taldearen zuzendaritzak ez baitu uda erraza izan. Igoera osteko lehen hilabeteetan ACBn aritzeko beharrezkoak ziren diru sarrerak iritsiko zirenaren zalantzek proiektu berria kolokan jarri baitzuten. Baina halakoetan, azkenean dirua beti iristen denez, bilbotarrek Bizkaiko Diputazioaren diru laguntzarekin ACB ligako lekua erosi zuen. Lagun Aroren babesarekin, aldiz, talde berria martxan jarri dute.
Fitxatzeko arazoak
Aurrekontu kontuez haratago ere, uda ez da aisi denbora izan, merkatuak bizkarra eman baitie bilbotarrei. Taldea indartzeko izendaturiko lau helburuetatik bakarra baino ezin izan du sinatu Bilbao Basketek. Hala, lehen helburua, igoerako gakoetako bat izan zen Venson Hamilton pibotaren kontratua berritzea ezinezko suertatu zen. Hamiltonek espainiar herritartasuna lortzeaz bat, merkatuko jokalari desiratuenetariko bat izatera pasatu zelako. Lortu gabeko beste bi fitxaketak Unelco Tenerifeko jokalari Nacho Yañez eta Bernard Hopkins izan ziren, Bilbao Basketek Kanarietako taldearen diru arazoak aprobetxatu nahi izan zituen bi jokalariok fitxatzeko.
Ondorioz, Predrag Savovic izan da loturiko helburu bakarra. Bonbardaria goitizenarekin ezaguna, serbiarra taldearen kanpoko lerroak eskatzen zuen saskiratzailea izango da. Fitxaketekin aurreikusi daitekeenarekin, kanpoko jokoa izango da bilbotarren arma nagusia, ezohiko ezaugarria igo berri diren taldeetan. Bilbao Basketek ACBn arituriko beste bi jokalari fitxatu ditu kanpoko lerroa indartzeko. Bat, Cesar San Martin, defentsa lana egin beharko duen erregulartasun gutxiko hegalekoa, bestea Salgadoren ordezko arituko den Nuñez.
Barneko jokoa ahul
Bidorretaren buruhausteak barneko jokotik iritsiko dira, Bilbao Basketek defentsan gogortasuna eman dezakeen barneko jokalaririk ez baitu fitxatu. Uztaitik gertu puntuak ziurtatuko dituen Richard Scottek atzerritar toki bat beteko du, Arkansasko semeak dohain ugari ditu erasoan aritzeko, baina biguna da defentsa eta errebote lanean.
Barneko lerroa indartzeko eginiko beste fitxaketak bi jokalari oso ezberdin dira. Bat German Gabriel, teknika handiko jokalari gaztea, halere oraindik ez du aurreikuspenek ematen zioten mailarik eman. Bidorretak eskertuko luke aurtengoa balitz Gabrielen aurrerapausoaren urtea. Bestea, aldiz, langile hutsa da Pedro Fernandezek laugarren pibotaren lekua beteko du eta defentsan jardutea egokituko zaio. Dena den, Bilbao Basketek fitxaketaren bat egin beharko du uztaitik gertu ez sufritzeko.
SASKIBALOIA
Denboraldi bakar bateko ametsa baino gehiago
Bilbao Basketek aurtengo denboraldirako taldea aurkeztu du, ACB ligan «mailari ahalik eta bizkorren eusteko» helburuarekin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu