SASKIBALOIA. BILBAO BASKET

Denboraldi bakarraz haratago

Bilbao Basketek saskibaloiaren grina berpiztu du Bilbo inguruan; Txus Bidorretak zuzentzen duen taldeak mailari eustea izango du helburu

Imanol Magro Eizmendi.
DONOSTIA
2004ko irailaren 29a
00:00
Entzun
Ilusioz beterik eta ametsak urtebete baino gehiago iraun dezakeenaren itxaropenarekin ekingo dio Bilbao Basketek aurtengo denboraldiari. 1994an arazo ekonomikoak zirela medio Caja Bilbaok ACB ligan jokatzerik ez zuen izan, aurten, aldiz,Bilboko saskibaloiak zorrak kitatu ditu patuarekin. Caja Bilbaoren azken taupadak bizi zituen lan taldearekin, eta orduan Casillako hitzorduari fidel zitzaion ikusleen sostenguarekin jaiotako proiektuak bere sorkuntzatik bilatzen zuen helburua lortu du. ACB liga Nerbioiko itsadarrera itzuliko da, orain mailari eustea da Bilbao Basketen erronka.

Txus Bidorretak izen handiko lan taldea batu du, iazko taldearen oinarriko lau gizon garrantzitsu eta ACBn esperientziadun fitxaketa sortarekin. Denboraldi aurreko errendimenduak zalantza ugari utzi baditu ere, jokalariak batu ahala talde lanak bere friutuak eman beharko lituzke, eta Bilbao Basketek mailari eusteko helburua erdietsi beharko luke. Dena den, kirol egitasmoarekin pieza garrantzitsuena aulkian dago. Txus Bidorreta da Bilbao Basket proiektuaren lau urteetako ardatza. Indautxukoak LEB 2 ligan hartu zuen taldearen agintea, eta lau urtean ACB liga bueltarazi du Casillako pabiloi zaharrera. Lau denboraldiotan Bidorreta fidel izan zaio bere estiloari, erasoko jokoa, bizkorra eta joko antolatzaileari garrantzia emanez; eta taldeari erreparatuz badirudi ACBn ere lotsagabe arituko dela.

Sakrifizioa ahalmena baino talentu handiagoa

Saskibaloian irabazteko bi era daudela dio topiko batek, bata aurkariak baino puntu gutxiago jasotzea da, bestea, aldiz, aurkariak baino gehiago sartzea. Azken hau izango da aurtengo Bilbao Basketen apustua, izan ere Bidorretak batu dituen jokalarien bertuteak eraso jokorako egokiagoak dira defentsa lan gogorrerako baino.

Bilbao Basketen taldea lerroz lerro aztertuta, joko antolatzaileek joko bolada gozoa hartzeak berebiziko garrantzia izango du. Are gehiago joko antolatzaileak Bidorretaren eraso jokoan duen garrantzia ikusita. Iaz Javi Salgadok puntu asko lortu zituen buruz buruko jokaldietan eta Bidorretaren nahiak maisuki islatu zituen kantxa gainean. Aurtengo denboraldian, aldiz, Roberto Nuñezekin banatu ditu joko minutuak. Halere, badirudi Bidorretak iazko eskema mantenduz, partida hasieran bilbotarraren eskuetan utziko duela taldearen leloa.Lau gizonek hartu beharko dute kanpoaldeko lanaren pixua. Udan fitxaturiko Pedja Savovicek ez du espero zen mailarik eman eta ez litzateke harritzekoa izango Maluenda eta biak sarri-sarri aldatzea. Hegaleko beste postuan, berriz, Sanmartinek eta Lutxo Fernandezek taldeari falta zaion defentsa lan gogorraren pizgarri izan beharko lukete.Barneko lau jokalariak aztertzean ezaugarri desberdineko jokalariak daude. Richard Scottek eta German Gabriel uztaia erraz aurkitzen duten jokalariak dira. Kordobako gaztea denboraldi-aurreko ezuste gozoena izan da, partidako ia 15 puntu lortu baititu. Biek ala biek aurkarien defentsaren arreta erakartzen badute, kanpoko lerrokojokalariek beraien jokoa erraz bideratu ahal izango dute. Beste biak berriz, Weis eta Camata alegia, zentimetroak, kiloak eta defentsa lanaren ahulezia estali beharko lukeen intimidazioa eskainiko dute. Dena den, erronka defentsa lan gogorrean dago. Defentsa lanetik tartea irekitzea lortzen badu Bilbao Basketek ez du sufrituko. Aldiz, beraien saskia etengabe zulatzen badute kirioek ez diete lasai jokatzen utziko, eta ezingo dute eraso jokoa josi.

-

DENBORALDI-AURREA





 

Udako gorabeherak







Denetarik izan du Bilbao Basketen denboraldi-aurreak. Lan onean eta oinarrituriko garaipenak eta ACBko erdialdeko taldeen aurkako porrotak. Maila txikiagoko bi talde garaitu ostean denboraldi-aurreko lehen mugarrian Leche Rio garaitu zuen (90-84).Hurrengo bi partidetan, berriz, bilbotarrek bi porrot pilatu zituzten segidan ACB ligako erdialdeko bi talderen aurka, 90-80 Forumen aurka eta 67-76 Gran Canariarekin. Halere azpimarratzekoa da bi partida horietan barneko jokoa hankamotz aritu zela hala Weis eta Fernandezen minengatik nola Scotten egokiera eskasarengatik. Azkenik, denboraldi-aurreko azken bi partidak, prestaketa guztiaren lagin txiki bat izan dira. Azken aurreko partidan Txus Bidorretaren jokalariak Pau Orthezen gainetik pasa ziren (90-77), azken partidan, berriz, Europako txapeldunorde Climamio Boloniaren aurkabilbotarrek jipoi galanta jaso zuten Casillako zaleen aurrean (102-79).Denboraldi-aurreko emaitzez haratago bi jokalariren errendimendua azpimarratu behar da, bata German Gabrielek eraso jokoan egin duen ekarpen garrantzitsua, bestea, aldiz, Savovicek utziriko zalantzak. Serbiarra ez baita izan pentsatzen zuten jaurtitzaile erabakigarria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.