Iruñean ez du inor harritu Raul Garciak (Iruñea, 1986) egin duen denboraldi hasiera onak. Taxoareko harribitxia Atletico Madrilen distira galtzen hasita bazen ere, Osasunako zaleek bazekiten erdilariak bere mailarik onena berreskura zezakeela Iruñeko taldean. Sasoiaren lehen herenean uste hori berretsi besterik ez da egin. Taldean gol gehien sartu duen jokalaria da: lau gol sartu ditu hamahiru partidatan. Horrez gain, goleko lau pase ere eman ditu, eta itzuleran ezinbesteko jokalaria bilakatu da Jose Luis Mendilibarrentzat.
Garcia sasoia bukatu arte ariko da Osasunan, Atletico Madrilek utzita. Bi kluben arteko hitzarmena urtebeterako da. Osasunako zaleek, baina, jokalariak Iruñean jarraitzearekin amets egiten dute. Osasunako ordezkariek ere gauza bera nahi dute, baina badakite zaila izango dela. Osasunara utzita iritsi aurretik kontratua luzatu zion Atletico Madrilek, eta sasoi amaieran Espainiako hiriburura itzuli beharko du. Gainera, orain arte erakutsitako mailan jarraituz gero, eskaintza bat baino gehiago jaso ditzake Atletico Madrilek Garciaren truke. Horregatik, Osasunako ateak beti zabalik izango ditu. Garcia gustura dago etxean. Futbolean gozatzen ari da aspaldiko partez, eta etorkizunean baino gehiago, orainean jarri nahi du arreta. Gorritxoekin denboraldi dotorea egitea da haren helburu bakarra.
«Osasuna talde hobea da Raul Garciarekin. Udan, Raul Osasunara itzultzeko aukera bazegoela ikusi genuenean, ez genuen zalantzarik izan. Ekonomikoki ahalegin berezia eskatzen zigun haren itzulerak, baina bagenekien hemen lehenago edo geroago bere mailarik onena erakutsiko zuela berriz. Zorionez, hasieratik ari da bikain. Ondo baino hobeto ezagutzen dugu Raul, badakigu lana ondo egiten duela, eta hasieratik argi izan genuen ahalegina egin beharra genuela», adierazi dio Angel Martin Gonzalez Osasunako kirol zuzendariak BERRIAri.
Haren fitxa aurreztearren Atletico Madrilek jokalariari musu-truk joaten utziko ziola ere esan zen iragan udan, baina azkenean kontratua luzatu egin zioten: «Jokalaria Osasunara libre itzul zitekeela esan zen, baina horretarako aukerarik ez genuen izan inoiz. Guk begi onez ikusiko genuke aukera hori, noski, besoak zabalik hartuko genuke. Baina, egia esateko, ez zen izan horretarako aukerarik. Guztiok nahiko genuke Raulen jokoaz urtebetean soilik gozatu beharrean lauzpabost urtez gurekin aritzea, baina ez zen posible izan», azaldu du Gonzalezek.
Osasunako kirol zuzendariak ez daki zein asmorekin luzatu zion kontratua Atletico Madrilek Garciari. Bi arrazoi izan daitezke: bata, Garcia taldean nahi izatea; bestea, berriz, jokalaria merkatuan jartzea. «Hor Osasunak ez du ezer esaterik», dio Gonzalezek. Horregatik, ez du baztertzen sasoia amaitutakoan Garciak Osasunan jarraitzeko ahalegina egitea. «Sasoi amaiera bitartean denbora asko geratzen da oraindik, eta ez zait gustatzen gai horietaz hain goiz hitz egitea. Maila honetan jarraitzen badu, eskaintza faltarik ez du izango Raulek, eta une honetan ia ezinezkoa iruditzen zait hura fitxatzea. Hala eta guztiz ere, guk badakigu zer eman diezagukeen, eta ziur naiz aukera izanez gero hark hemen jarraitzeko ahalegina egingo dugula».
Garai onenaren ikurra
Atletico Madrilen gorabehera handiak izan ditu Garciak. Lehen bi denboraldietan, Javier Aguirreren aginduetara, asko jokatu zuen. Sasoi bakoitzean 40 partida ofizialetik gora jokatu zituen, eta bakoitzean lau gol sartu zituen. Intertoto kopa irabazteaz gain, Txapeldunen Ligako atarikoa jokatzeko txartela eskuratu zuen bere talde berriarekin lehen denboraldian. Bi urte geroago, Europa Liga irabazi zuen, eta Espainiako Kopako txapeldunorde izan zen. Apurka-apurka, baina, gutxiago jokatzen hasi zen, eta zaleen haserrea behin baino gehiagotan pairatu behar izan zuen. Batik bat, iragan sasoian.
Madrilen txistuak, eta Iruñean txaloak. Osasunako zaleentzat garai onenen ikurra da oraindikGarcia. Gorritxoek beren historiako lehen finala jokatu zuten denboraldian aritu zen estreinakoz lehen taldean Garcia. Hurrengo denboraldian ezinbestekoa zen jada taldean, eta haren ekarpena oso garrantzitsua izan zen Osasunak Liga laugarren postuan amai zezan. Haren hirugarren eta azken sasoian, berriz, UEFA kopako finalerdietaraino iritsi zen Osasuna. Sasoi honetan Europarako sailkatzea posible dela esaten hasi dira hainbat jokalari. Lortuz gero, argi geratuko litzateke Garciak zorte ona ematen diola Osasunari.
Gonzalez zuhur mintzatu da, dena dela. «Ligaren heren bat besterik ez dugu jokatu, eta sailkapenaren goialdean gaude, baina mailari eusteko lehian ari diren taldeetatik bi partidaren aldea besterik ez dugu. Erokeria da horretaz hitz egiten hastea».
Garciak, berriz, berean jarraituko du. Etorkizunari erreparatu gabe, Osasunak sasoi honetan lan ona egitea du helburu. Besterik ez. Harekin, garai onenetatik igaro ez duen egoera batean da Osasuna.
Denboraldi baterako luxua
Sasoiaren amaieran Atletico Madrilera itzuliko da Raul Garcia. Angel Martin Gonzalez Osasunako kirol zuzendariak, baina, BERRIAri aitortu dio erdilariak Iruñean jarraitzeko ahalegina egingo dutela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu