Dena dago jokoan, eta esan beharreko guztia esanda dago. Baskoniaren denboraldiak kolore bat edo beste izango du gaur Vilniusko Siemens Arenan gertatzen denaren arabera. Bistan da, beltz samarra izango da Lituanian galdu eta taldea final-laurdenetatik at geratzen bada. Kolore alaiagoa, askozaz biziagoa izango du irabazi, E multzoko lidergoa eskuratu eta Lauko Finala jokatzeko erronka gertuago baldin badu. Hala bada, Maccabi izango du Dusko Ivanovicen taldeak aurkari final-laurdenetan, eta kantxa faktorea arabarren alde. Ez dago erdibiderik. Vilniusek erabakiko du arabarrek zerua edo infernua merezi duten. Plaza zaila da, urrun dagoena, gaiztoa, baina etxeko lanak garaiz egin ez dituen taldearen patu gogorra da.
Inork ez dezala B planean pentsa, badaezpada. Alegia, Panathinaikosek Malagan galtzea. Unicajak bere nortasunari kalte gehiago ez egiteko xede xumea du, baina jakin badakite normalena Panathinaikosen aurka galtzea dela eta inork ez diela kritika zorrotzik egingo horregatik. Ez, behintzat, orain arte egin dizkiotenak baino zorrotzagoak. Bigarren postuak, gainera, opari gaiztotua dakar: Bartzelona final-laurdenetan, eta kantxako faktorea, kataluniarren aldekoa.
Baskoniak urtarrilaren 26an Lietuvosen aurka galdu zuelako dago dagoen bezala. Alegia, Lituanian irabazteko premiarekin. Hilabete luzea joan da egun madarikatu hartaz geroztik, Khalid El Amin mutikoteak zortzi metrotik hiruko ikusgarri hura sartu zuenetik. Baina, zorionez, egun hartako Baskonia eta gaur egungoa ezberdinak dira. Nabarmen, gainera. Defentsa lanean komeria frankorekin zebilen Ivanovicek entrenatzen duen taldea, ohikoak ez diren erraztasunak emanez, baina hori aldatu egin da.
Espainiako Kopan hasi zen eraldaketa, Bilbo Basket74 puntura mugatuz, eta Bartzelonaren aurka 25 minutu txukun jokatuta. Panathinaikosen aurkakoa etorri zen ondoren, Atenasen. Galduta ere, irabaztear egon zen, eta Granada eta Bartzelonaren aurkako azken bi partidek joera on hori berretsi dute. Taldea sasoi onenera hurbiltzen ari da. Defentsan hortzak estutuz eta erasoan baliabide onenak bilatuz. Berekoikeria zantzurik gabe, eta pazientzia handiarekin, Ivanovicek eskatu bezala. Baikortasunerako beste datu bat: arabarrak sei aldiz sartu dira jarraian final-laurdenetan. Gaurkoa zazpigarrena izan liteke. Pisu handia dauka estatistika horrek, batez ere Lietuvosena lehen aukera izango dela aintzat hartuz.
Khalid El Aminek dauka giltza
Lietuvosen hautagaitzak oinarri sendoa du, baina izen bat beste guztien gainetik dago: El Amin. Minnesotakoak egin eta desegiten du nahierara, eta Baskoniak haren ekarpena murrizten asmatzen badu, pauso handia emango du garaipenera bidean. El Amin maisua da blokeoa eta jarraipena egiten eta jokaldia berak bukatzen, jaurtiketa edo barneraldi batekin, edo libre geratzen den taldekideren bati asistentzia bat ematen. Baskoniak aukeratu egin beharko du nor zaindu blokeoaren ondoren, baina Bartzelonan ikusi zen bi jokalari Navarroren bila joan zirela itxuraz hain arriskutsua ez dena libre utzita. El Aminek tokirik ez edukitzea edo pentsatzeko astirik ez ematea da giltza.
Mirza Teletovic eta Pape Sow kili-kolo dabiltza, baina Teletovicek jokatu egingo duela esan du, «minez akabatzen egonda ere». El Aminek Bajramovic bosniarra eta Newley australiarra baliatu zituen batez ere Gasteizen, eta Teletovicek orduan baino txukunago aritu beharko du defentsan.
LIETUVOS-BASKONIA
Lehiaketa. Euroligako Top16ko E multzoko seigarren jardunaldia.
Lietuvos Rytas. Babrauskas, Strawberry, Kelys, Milko Bjelica, Gecevicius, Buterlevicius, Valanciunas, Newley, Jomantas, Nalga, Jasaitis, El Amin, Bajramovic, Seskus eta Petrukonis.
Caja Laboral Baskonia. Ribas, Garcia, Buesa, Huertas, Logan, Oleson, Bjelica, San Emeterio, Teletovic, Sow, Batista eta Barac.
Sailkapena. Lietuvos hirugarren da: 3-2 (-22); Baskonia, bigarren: 3-2 (+19).
Lekua. Siemens Arena (11.000 ikusle).
Ordua. 20:45 (ETB1).
Multzoko beste partida. Unicaja-Panathinaikos (Gaur, 20:45ean).
Denboraldia dago jokoan
Lauko Finala eskura izango luke Baskoniak, Lietuvos menderatuta; galduta, Bartzelona luke zain, edo porrot handia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu