Denboraldiko 24. garaipena lortu du Gilbertek, Van Wallonie Sarian

Britainia Handiko Tourreko laugarren etapan Hushovd izan da azkarrena, eta Boomek jarraitzen du lider

Erredakzioa
Donostia
2011ko irailaren 15a
00:00
Entzun
Dagoeneko Munduko Txapelketari begira daude gehienak, datorren astean jokatuko delako, Danimarkan. Baina txirrindulariek sasoi punturik onena hartu nahian jarraitzen dute. Besteren artean, Van Wallonie Sari Nagusia jokatu zen atzo, eta, denboraldi honetan 24. aldiz, erakustaldi handia eman zuen Philippe Gilbertek (Omega Pharma-Lotto). Helmugara iristeko bi klometro falta zirenean jo zuen erasoa Gilbertek, eta inor ez zen gai izan haren gurpilari jarraitzeko. Omega Pharma-Lotto utzi, eta BMCn ariko da belgikarra datorren denboraldian, baina oraindik ez da erlaxatu.

Helmugara iristeko hogei bat kilometro falta zirenean, taldetxo bat sortu zen aurrean, taldetxo arriskutsua. Bertan zen, besteak beste, Thomas Voeckler (Europcar). Omega Pharma-Lottok gogotik lan egin zuen ihesaldi saio hori bertan behera uzteko, eta ohi duen moduan erantzun zuen gero Gilbertek. Bi segundora helmugaratu zen tropel nagusia, Julien Simon (Saur-Sojasun) buruan zela.

Britainia Handiko Tourrean, berriz, Thor Hushovd norvegiarra (Garmin-Cervelo) izan zen azkarrena atzo, laugarren etapan. Txirrindulariek lehen mailako mendate bat zeukaten igo beharra helmugara iristeko lau kilometro eskas falta zirenean. Baina munduko txapelduna aurrekoen erritmoari eusteko gai izan zen. Lars Boom liderra bera helmugaratu zen bigarren postuan. Iker Camaño (Endura Racing), berriz, bederatzigarren postuan helmugaratu zen.

Longo, Mundialetik kanpo

Jeannie Longo frantziarrak ez du parte hartuko Munduko Txapelketan, «buruz eta fisikoki» ez dagoelako erronkari aurre egiteko moduan. Joe Papp txirrindulari ohiak salatu berri du 2007an EPO substantzia saldu ziola Patrice Ciprelliri, Longoren senar eta entrenatzaileari. Bruno Ravaz Longoren abokatuaren esanetan, txirrindularia jota dago, «salaketa bidegabe horien eraginez». 52 urte dauzka Longok, eta 13 aldiz irabazi du Munduko Txapelketa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.