Denboraldiko azkeneko derbia

Osasuna eta Athletic aurrez aurre izango dira gaur Iruñean; bi puntu besterik ez dago bi taldeen artean

Asier Legarda-Ereño, Haritz Gallastegi
Iruñea<br /><br />Bilbo
2012ko martxoaren 11
00:00
Entzun
Denboraldiko azken euskal derbia jokatuko dute gaur gauean Osasunak eta Athleticek Nafarroako Erresuman. Etxean jokatutako azken bi partidak irabazi egin ditu Jose Luis Mendilibarrek zuzendutako taldeak —Bartzelona eta Granada hartu ditu mendean—, eta bide beretik jarraitu nahi dute gorritxoek: Athleticen aurkako norgehiagoka irabazita. Nafarrek badakite ez dela neurketa samurra izango, denboraldiko unerik gozoenean iritsiko baita Bilboko taldea Iruñeko partidara. Hargatik, aste honetan Athleticek Old Trafforden indar erakustaldi ikaragarria egin baldin badu ere, Nafarroako Erresuman erakutsitako sendotasuna baliatzeko asmoa dute gorritxoek Marcelo Bielsaren taldea mendean hartu eta bizkaitarrei sailkapenean aurrea hartzeko.

«Athleticek ikara eragiten duela? Bi taldeen egoerari begiratzen diozun moduaren araberakoa da hori. 11 11ren aurka ariko gara, eta Ligan bi punturen aldea besterik ez dago bi taldeon artean. Manchester Uniteden aurka oso ondo jokatu zutela egia da, baita aurkaria baino askoz hobeak izan zirela ere, eta emaitza hobea merezi zutela amaieran, baina besterik ez. Horrek ez du zerikusirik ostegunekoarekin; beste partida bat da, beste lehiaketa bat, eta inolako beldurrik gabe egingo diogu aurre Athletici. Errespetuz, baina ikararik gabe», esan zuen atzo Jose Luis Mendilibarrek. Osasunako entrenatzaile bizkaitarrak badaki ez dela erronka samurra izango bere taldearentzat, baina itxaropentsu daude nafarrak. Mendilibarrek ez du uste Athleticek nekea nabarituko duenik, fisikoa baino garrantzitsuagoa baita, haren ustez, burua denboraldiko une honetan. Hargatik, adierazi zuen bilbotarrak hasiera-hasieratik estu hartzen ahaleginduko direla.

Gorritxoen deialdian bigarren taldeko bi jokalari ere sartu zituen entrenatzaile zaldibartarrak: Raoul Cedric Loe eta Manu Onwu. Lehendabizikoak iragan asteburuan jokatu zuen lehen aldiz talde nagusiarekin, eta bikain aritu zen Mallorcan. Dena dela, hasieratik euskarri bikoitzean Puñal eta Nekunam ariko direla dirudi. Manu Onwurentzat bigarren deialdia da. Bernabeuko norgehiagoka aulkitik ikustearekin konformatu behar izan zuen. Athleticen aurka debuta egitea da aurrelariaren ametsa. Eta taldeak aurrealdean falta dituenak ikusita, ez litzateke harritzekoa izango, Lekic, Ibrahima eta Kike Sola min hartuta baitaude.

Gozatzeko denborarik gabe

Txipa aldatzea beti da gaitza. Txapelketa bateko neurketa jokatu eta bizpahiru egunen buruan beste bateko norgehiagoka garrantzitsu bat jokatzea ez da erraza. Talde handiek duten dohain nagusietako bat da hori. Horregatik dira handiak, besteak beste. Erraz aldatzen dutelako txipa. Ohituak daude. Eta urte asko dinamika horretan funtzionatu dutenez, premia ere izaten dute. Entrenatzen eta neurketak prestatzen baino askoz erosoago sentitzen dira lehiatzen. Ez da Athleticen kasua. Esperientzia gehien duten futbolariek jakin badakite zer den atseden hartu barik jokatzea. Selekzioekin aritzen direnek ere badakite zer diren partida askoko urteak. Baina egungo Athletic gaztea da. Futbolari gehienak orain hasi dira barneratzen zer eskatzen duen talde irabazlea izateak. Txipa aldatzeko erraztasuna izatea, besteak beste.

Talde zuri-gorriko zaleek denbora asko beharko dute Old Traffordekoa burutik kentzeko. Jokalariek, ordea, gaur dute lehen azterketa. Ez da nolanahikoa, gainera. Hankak lurrean dituztela jakiteko ez dago Nafarroako Erresumara joatea baino gauza hoberik. Edo txarragorik. Iruñean ez baitute barkatzen. Gorritxoek hortzak erakusten dizkiete zuri-gorriei Nafarroa bisitatzen duten bakoitzean. Beti izaten da zaila Osasunari bere etxean irabaztea, eta gaur ere lan nekeza izango da. Ametsen Antzokian erakutsitako jarrera beretsua izan beharko du Athleticek Mendilibarren taldea estu hartzeko. Eta ez da ahaztea komeni gaurkoak asko balio duela. Osasuna eta Athletic aurkari zuzenak dira Europarako bidean. Beraz, talde batek irabazten duena geratuko da poltsikoratu gabe bestea. Hori gutxi ez, eta badirudi liga zatitzen hasi dela. Orain arte elkarrengandik oso gertu egon dira parte hartzaileen tropel nagusian daudenak. Aurretik hiru talde daude ihes eginda eta beste hiru geratu dira atzean. Gainerakoen artean alde gutxi dago. Baina pixkanaka-pixkanaka handitzen doan aldea da, hala ere.

Azken egunetan gertatutakoa aintzat hartuta, gehienek ulertuko lukete Athleticek kale egitea. Baina, beharbada, Marcelo Bielsa izango da ulertuko ez lukeena. Entrenatzaile argentinarrak neurketa guztiei ematen baitie antzeko garrantzia. Eta, orain arte ondo erantzun dio taldeak. Athleticek erakutsi du fidagarria dela. Gorabehera gutxiko taldea. Sasoi hasierako bolada txarra pasatu zuenetik oso neurketa gutxi galdu ditu. Beraz, jarraitzaile zuri-gorriak badu itxaropentsu izateko arrazoirik.

Gaur, hala ere, Bielsak atseden emango die zenbait jokalariri. Hala, San Josek eta Toquerok Javi Martinez eta Llorente ordezkatuko dituzte hasierako hamaikakoan. Horretaz galdetuta, Bielsak esan zuen ez duela pentsatzen hurrengo partidan aurrekoa jokatu aurretik. Haren etorkizunaz, berriz, azpimarratu zuen ez duela «baldintzarik» jarri kontratua berritzeko, eta Athletic «espero baino klub hobea» dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.