Vila-real 2-1 Eibar

Denboraldiko lehen porrota

Emaitzak adierazten duena baino alde handiagoa egon da bi taldeen artean. Aurretik jarri bada ere bigarren zatian, eroso eman dio buelta etxeko taldeak.

Aitor Manterola Garate.
2020ko irailaren 19a
18:57
Entzun

Eibarrek 2-1 bakarrik galdu du Vila-realen zelaian Jokoaren bilakaera ikusita, alde handiagoarekin galtzea izango zen normalagoa. Baina etxekoek asmatu ez dutelako atearen aurrean, partidan sartuta egon da Jose Luis Mendilibarren taldea. Aurretik ere jarri da, partidako aurreneko gola Eibarrek sartu duelako, bigarren zatian, baina ikusten zen lanak izango zituela puntua ateratzeko ere. Hala izan da, eta eroso antzean irauli du emaitza Unai Emeryren taldeak. Horrenbestez, aurreneko partida galdu dute gipuzkoarrek liga honetan, eta puntu bakarrarekin geratu dira.

Hasieratik zulatu du etxeko taldeak Eibarren defentsako lana, eta hamargarren minuturako gola ere egina zuen. Baina VAR-ak baliorik gabe utzi du Gerard Morenoren gola. Handik gutxira, Inuik izan du gola sartzeko aukera, baina Asenjok zulo guztiak itxi dizkio. Segituan berrekin dio Vila-realek Eibarren atzeko lerro aurreratuari zirrikituak egiten, baina ez zuen asmatzen gola sartzen. Ura edateko geldialdiaren ondoren, atsedenaldiaren aurreko azkeneko hamabost minutuetan jokatu ditu minutu onenak Eibarren. Hala ere, atseden hartzera galtzen joateko gutxi behar izan zuen azkeneko minutuan.

Indarrak berreskuratu eta gero, antzeko bidetik joan da partida: eroso zebilen Emeryren taldea. Erasoan zailtasun handirik gabe lortzen zuen Eibar zulatzea, eta defentsan ez zen estutasunik pasatzen ari. Baina Kikek, 50. minutuan, huts bat baliatu du gola sartzeko. Handik hamahiru minutura Gerard Morenok egin du berdinketa, eta 71. minutuan, VAR-ak eman du balekotzat Alcacerren gola. Eibarren, debuta egin zuten atzo Kevinek eta Kadziorrek, azken hamar minutuetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.