Denek espero zuten finala

Frantzia eta Danimarka elkarren kontra ariko dira gaur Malmon, Munduko Eskubaloi Txapelketan

edurne elizondo
Iruñea
2011ko urtarrilaren 30a
00:00
Entzun
Frantzia eta Danimarka, aurrez aurre. Goi mailako bi selekzioren arteko finala izanen du gaur Munduko Eskubaloi Txapelketak. 17:00etan hasiko da partida, eta Malmon (Suedia) jokatuko da.

Orain bi urte Kroazian bertako selekzioaren aurkako finalean lortutako txapelari eustea izanen da frantziarren helburua. Laugarren finala du herri horretako selekzioak gaurkoa, eta orain arte bakar bat ere ez du galdu.

Danimarkakoak, ordea, bai. Orain arte jokatu duen bakarra, 1967. urtekoa, galdu egin zuen. Aurtengo txapelketan, hala ere, ibilbide hagitz sendoa egin dute jokalari danimarkarrek, eta argi erakutsi dute jokatu dituzten partida guztietan finala irabazi bertze asmorik ez dutela. Lehiaketako norgehiagoka guztiak irabazi dituen talde bakarra izan da, orain arte.

Pistan izanen diren bi taldeen kalitatea eta ibilbidea kontuan hartuta, gaurkoa denek espero zuten finala izanen dela zalantzarik ez da. Zaleen gustuko finala izateko osagarririk, behintzat, ez zaio falta gaurko partidari. Lehen mailako eskubaloia izanen da nagusi norgehiagokan, eta, horrekin batera, bi eskola ezberdinen arteko lehia bizia. Munduko onenari saria irabazteko asmo bakarrarekin ariko dira bi taldeak.

Danimarkak partida ikusgarria egin zuen Espainiaren kontrako finalerdian gaurko finalerako sailkatzeko. Eta gaur maila bera erakusten badu, gogor egin beharko du lan Frantziak irabazteko. Zale gehienak, gainera, alde izanen ditu Danimarkako taldeak, herri horretako jarraitzaile anitz baitago Suedian. Frantziak, beraz, aurkariaren etxean jokatuko du, nolabait.

Aurkariaren etxean jokatu arren, dena den, txapelduna Frantzia dela ezin da ahaztu, olinpiar, munduko eta Europako txapelduna. Egia da Suediaren aurkako finalerdietako partidan behera egin zuela Frantziak azken txanpan, baina gaurkoa finala da. Eta finala ez da bertze edozein partidaren gisakoa. Une erabakigarrietan indar handia duen taldea dela erakutsi du Frantziak behin baino gehiagotan, eta, gaur ere, horretan saiatuko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.