Denerako du erantzuna

Garaipen erosoa lortu du Polonian Baskoniak, eta multzoko lidergoari eutsi dio; bikain aritu dira Huertas eta Barac

Andoni Urbistondo.
2010eko urriaren 28a
00:00
Entzun
Korrika egin nahi duzula? Ba korrika egiten dugu. Nahiago duzula eraso estatikoa? Eraso estatikoa. Hiruko jaurtiketan erronka botatzen didazula? Onartutako erronka. Defentsan partida gogortzen saiatu nahi duzula? Arazorik ez, gu prest. Baskoniak denetarako erantzuna daukala erakutsi zuen Polonian, eta garaipen erosoa lortu Asseco Prokomen etxean. 73-80 nagusitu ziren arabarrak, eta A multzoko lidergoari eusten diote. Hurrengo asteazkenean azterketa zailagoa izanen du, Moskun, Khimkiren aurka.

Enbidoa bota, eta hordagoarekin, halaxe erantzun zion Baskoniak aurkariari. Taldean AEBetako sei jokalari izanda, misterio handirik gabeko jokoa egiten du Assecok: errebotea hartu, trantsizio azkarrak, eta 10-12 segundoko erasoak, beti estatubatuarren gidaritzapean. Ez dira herrenak, eta metro pare bat emanez gero, asmatu egiten dute. Eta asmatzen dutelako luzatu zen partida gasteiztarrentzat. Asmatu bazuten Baskoniako jokalarien noizbehinkako akatsen ondorioz izan baitzen. Sei, hamar edo hamar puntuko aldea ireki zuen sarri Baskoniak, baina etxekoek beti lortzen zuten aldea murriztea. Gasteizko taldeak bere burua nagusi ikusten zuelako. Kontrolpean zeukan garaipena uneoro.

Baina beti daude bainak. Dusko Ivanovicek esango lukeen bezala, beti dago zer hobetu. Atzoko jarduna balekoa izan zelako. Fin-fin aritu zen Huertas, Assecoko Wilksek, Brownek eta Ewingek defentsan nekatzeko duten borondate eskasaren ondorioz. 26 puntuko balorazioa, hamabi puntu, zortzi asistentzia eta bost erreboterekin. Ez zuen hutsik egin jaurtiketetan. Biko bi, hiruko bi, eta puntu bateko beste bi. Konexio bikaina landu zuen Baracekin, eta kroaziarrak sekulako betekada hartu zuen. Lortu zituen hemezortzi puntuetatik gehienak, ia denak, eginak eman zizkion Huertasek. Eta Huertas ez zenean Loganek. Baracek hiru partida on daramatza errenkadan, eta balorazio bikainak gauza ikusgarririk egin gabe lortzen ditu. Pibotak hemezortzi puntu eta bederatzi errebote lortu zituen, eta hankapean ibili zituen Varda, Lapeta eta Hrcanyuk.

Ihes egin eta hurbildu

Bi izen eman dira, baina Baskoniako asko aritu ziren ondo, eta hori beti da ona. Teletovicek bost hiruko sartu zituen. Hamabi jaurti zituen, eta berekoi jokatu zuen batzuetan, baina hamazazpi puntu sartu zituen. San Emeteriok ere bihotza, arima eta kemenaren mozorroa jantzi zituen. Zazpi puntu sartu zituen, sei errebote jaso, hiru asistentzia eman, bost falta behartu... Betikoa, 16 puntuko balorazioa. Rancik ere txukun aritu zen, Oleson bezala (bi hiruko), eta ez hainbeste Logan. Ribas eta Bjelicaren ekarpena hutsaren hurrengoa izan zen. Azkar hobetu beharreko gabezia da hori.

Baskonia Prokomekin jolasean aritu zen. 15-20 ihes egin zuen lehen 10 minutuak jokatuta. 22-31 minutu batzuk geroago, baina lasaitu eta 29-33 eta 40-41 hurbildu zen Prokom. 40-52 eta 47-60 joan zen berriro, eta 61-68 estutu etxekoak. Garaipena ondo lotuta zeukan Baskoniak, eta arrazoirik gabe presaka jokatu zuen sarri, baloi inozoak emanez, eta Ivanovicen purrustadak eraginez. Hiru minuturen faltan hamahiru puntuko aldea lortu (65-78), eta aurkariari partidan sartzeko aukera bi ematea (73-80), purrustadak botatzeko modukoa delako. Batez ere hainbeste erraztasun ematen badira, garesti ordain daitekeelako. Denak ez baitira Prokom bezain ahulak izango.



Asseco Prokom 73

Caja Laboral Baskonia 80

Asseco Prokom. Brown (19), Ewing (9), Burrell (2), Szczotka (2), Lapeta-hasierako bostekoa-; Giddens (16), Jagla (6), Hrycaniuk (6), Videnov (7), Wilks eta Varda (6).

Caja Laboral Baskonia. Huertas (12), Logan (8), Teletovic (17), San Emeterio (7), Barac (18) -hasierako bostekoa-; Rancik (6), Oleson (10), Ribas eta Bjelica (2).

Markagailua. 15-20, 38-41 (atsedenaldian); 54-62 eta 73-80.

Epaileak. Jungebrand, Gkontas eta Vojinovic. Ez zuten inor kanporatu.

Bestelakoak. 4.897 ikusle Gdynia kirol pabiloian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.