Gaur arratsaldean egin da Espainiako Kopako zozketa, eta hauek izango dira euskal taldeen partidak: Sestao River-Athletic, Coria-Reala, Arnedo-Osasuna, Real Union-Mallorca, Arenas-Valladolid, Gernika-Celta, Eivissa Pitiusak-Eibar eta Merida-Alaves. Kanporaketak partida bakarrera jokatuko dira, abenduaren 20an, 21ean eta 22an. Hori izango da lehen mailako taldeek Munduko Koparengatik egingo den geldialdiaren ostean jokatuko duten lehen partida.
Athleticek eta Sestao Riverrek derbia jokatuko dute elkarren aurka Las Llanasen. 2020an ere bigarren fasean elkarren aurka jokatu zuten. Gaizka Garitano zen orduko Athleticen entrenatzailea, eta 0-4 irabazi zuten zuri-gorriek. Zuri-gorrietan, Villalibrek eta Yuri Berchichek bina gol sartu zituzten. Villalibrek Athleticeko lehen taldearekin sartutako lehen bi golak izan ziren Sestaori sartutakoak.
Osasunak ere kilometro gutxi egin beharko ditu. Errioxan jokatuko dute Jagoba Arrasaterenek, Arnedoren aurka. Errioxako taldea igo berria da RFEF Espainiako Futbol Errege Federakundeko bigarren mailara, eta Atletico Balearesi irabazita sailkatu dira bigarren fasera. Realari, berriz, bidaia luzeagoa egitea egokitu zaio: Extremaduran jokatuko du, Coria egokitu baitzaio zozketan. RFEFeko bigarren mailako bosgarren multzoan jokatzen du, eta Fuenlabradari irabazita sailkatu da.
Real Unionek, Arenasek eta Gernikak etxean jokatuko dituzte euren partidak; hirurek Lehenengo Mailako taldeen aurka. Irundarrek Javier Aguirreren Mallorca hartuko dute Galen, iragan igandean Lehenengo Mailako beste talde bat kanporatu ostean. 3-2 hartu zuten mendean Cadiz. Azken unean lortu zuen garaipena Aitor Zulaikaren taldeak, Nachok urrutitik egindako jaurtiketa ikusgarri batekin. Arenasek Valladolid hartuko du Gobelan. Pachetaren taldea hamaikagarren dago sailkapenean, hamazazpi punturekin. Getxoztarrak Lugori irabazita sailkatu dira bigarren kanporaketa honetara. Gernikak ere Bigarren Mailako talde bat kanporatu zuen iragan larunbatean. Leganesi penaltietan irabazi zion talde bizkaitarrak, eta orain Celtaren bisita jasoko du. Galiziarrak ez daude garairik onenean, eta entrenatzailea aldatu berri dute. Carlos Carvalhal iritsi da Eduardo Coudet ordezkatzeko.
Eibarri ere RFEFeko bigarren mailako talde bat egokitu zaio. Eivissa-Pitiusak izango da eibartarren aurkaria. Bertan jokatzen du Julen Lopezek. Atzelariak CD Vitorian jokatu zuen, Eibarren bigarren taldean, eta, Eibarrekin debutatzerik izan ez zuen arren, deialdian sartu zuen Jose Luis Mendilibarrek behin baino gehiagotan. Alavesi, ordea, RFEFeko Lehenengo Mailako talde bat egokitu zaio: Merida. Zoriak hala nahita, Meridako Javi Montoya atezainak elkartu ditu Alaves eta Merida zozketan, eta, aipatu duenez, Alavesen harrobian jokatu zuen gaztetan. Eibarri egokitu zaio bidaiarik luzeena egitea. Eivissa-Pitiusak izango dute aurkari.