Derbia, bertan behera

Hazizurri epidemia dela tarteko, Miarritzeren eta Baionaren arteko lehia atzeratzea erabaki du Frantziako Ligak

Eneritz Zabaleta.
Baiona
2011ko azaroaren 1a
00:00
Entzun
Larunbat honetan festa izan behar zuen nagusi Donostiako Anoeta estadioan. Euskal Herriko bi errugbi talde nagusiek, Baionak eta Miarritzek, elkarren aurka jokatu behar zuten, Top 14ko derbiaren karietara. Herenegun gauean, baina, partida atzeratzea erabaki zuen Frantziako Errugbi Ligak.

Atzerapen horren arrazoia Lyonek eta Miarritzek duela astebete jokatutako partidan dago. Berdinduta bukatu zuten bi taldeek orduan (15-15); Lyongo taldea oso ahulduta etorri zen Miarritzera. Oraindik argitu gabeko eritasun baten erruz, Lyoneko zortzi jokalarik ohean geratu behar izan zuten. Partida jokatu ondotik, jakin zen Lyoneko jokalariek hazizurria zutela. Iragan asteburuan, Lyonen eta Bordeleren arteko lehia atzeratu zen, eritasuna oso kutsakorra baita, eta arazoak saiheste aldera.

Lyonen aurka jokatuta, Lapurdiko kostako jokalariak birusarekin kontaktuan egon ziren, eta, badaezpada, Baionaren aurkako partida atzeratzea erabaki du Ligak. Gaurko egunean oraindik ezin da jakin Miarritzeko jokalaririk kutsatu den izurritearen ondorioz.

Birusak gutxienez hamar bat eguneko inkubazioa dauka, eta denbora hori iragan arte ez da jakiten pertsona bat kutsatuta dagoen ala ez. Edozein arazo saihesteko, eta oraindik argi egon gabe miarriztar bat kutsatuta dagoen ala ez, derbia ez jokatzea erabaki du Ligak. Eei medikuk osatutako batzorde baten iritzia jaso eta gero hartu du erabakia.

Albistea oso txarra da bi taldeentzat, euskal errugbiaren festa izan behar zuelako derbiak. Michel Cacouault Baionako presidenteak triste hartu du berria. «Arauak atzeratu behar dela badio, konforme egon beharko. Hala ere, ez dut ongi ulertzen nolaz asteburu honetan Clermont-Miarritze partida jokatzen utzi duen Ligak, Lyon-Bordele partida atzeratu badu ere... Arauak denentzako daude, ala ez?».

Baionarrek susmo txarrez hartu dute atzerapena. Erran behar da Miarritze larri dabilela, sailkapeneko azken postuan. Dimitri Yachvilik ere min du izterrean, eta zalantzan zegoen derbirako osatuko zen edo ez. David Roumieu Baionako aztalkaria mesfidati dago. «Partida atzeratu dute. Baina ez dakit izurritearengatik, Miarritzeren sailkapenarengatik edo Yachviliren lesioarengatik atzeratu duten».

Egun argirik ez

Miarritzerentzat ere berria ez da ona, eta baionarren susmo txarrak baztertu nahi ditu. «Guretzat, oso berri txarra da. Kirol arloan, Munduko Kopan aritutako jokalariak berreskuratuko genituen. Ekonomikoki ere hainbat gastu aurreratu genituen. Belarra berriz landatu zen Anoetan, babesleekin gastu anitz egin ziren marketin kanpainetan, catering-a eskatuta zegoen...», esan du Pierre Bousquier-ek, Miarritzeko administrazio arduradunak.

Horiek hala, partida noiz jokatuko den ez dago batere argi. Bi aukera nagusi daude. Lehena, otsailean jokatzea da, Sei Nazioen torneoko jardunaldi batekinbatera. Baionak eta Miarritzek selekzioekin izan ditzaketen jokalariak gabe jokatu behar lukete orduan. Bestea, astegun batean jokatzea litzateke. Orduan, jokalari guztiak jokatzeko moduan egonen lirateke. Aukera horrek, baina, alde txar ugari ditu. Alde batetik, aste barruan jokatzea arriskutsua da jokalarien osasunarentzat. Partida batetik bestera gorputzak lau egun behar ditu osatzeko, eta denbora gutxi da hori aste barruan partidak jokatzeko. Asteazken batez jokatuz ere, oso zaila litzateke Anoetan jokatzea. Zaleak Donostiara hurbiltzea nekezagoa da egunean bertan lanetik atera badira eta biharamunean berriz lan egin behar badute. Eta Miarritzek derbia Anoetan jokatzeak ekartzen dion onura ekonomikoaren beharra dauka bere aurrekontua osatzeko. Ikusi egin beharko da korapilo hori nola askatzen den.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.