Miarritzek Parisera eginen du bidaia, iluntze honetan, hango Racingen aurka jokatzera (20:30). Miarriztarrek partida zaila izanen dute, Parisko eskualdeko taldea oso sendo ari baita Top14an. Bosgarren postuan sailkatuta daude Pierre Berbizieren jokalariak. Aldiz, iragan larunbatean, Heineken koparen karietara etxean Saracensi irabazi arren, Top14an larri dabiltza zuri-gorriak. Sailkapeneko azken postuan daude, hamar punturekin.
Egoera ikusirik, puntuak pilatzeko behar gorria dauka euskal taldeak, baina badirudi gaurko partidan esperantza gutxi ezarri dutela. Izan ere, entrenatzaileek jokalari garrantzitsuenei atseden ematea erabaki dute. Hariñordoki, Barcella, Haylett-Petty, Traille, Peyrelongue... Etxean gelditu direnen zerrenda oso luzea da.
Baldintza horietan, anitz duda daiteke miarriztarren parte hartzea. Egia da aste batean hiru partida jokatu beharko dituztela. Gaur Parisera joan eta gero, hurrengo bi partidak etxean izanen dituzte. Lehena, asteartean, Baionaren aurkako derbia, eta hurrengoa, igandean, Montpellierren aurka.
Egutegia ikusita, miarriztarrek oilasko guztien atzetik korrika ezin dutela aritu barneratu dute, eta etxeko partiden alde egin dute. Iluntze honetan, beraz, gazteen eta ordezkoen txanda izanen da. Eta hasierako hamabostekoak originaltasun handia izanen du, kapitainetik hasita. Lehen aldiz, Eñaut Hegi baionarra izanen da. Haren ondoan, sasoi hasieran ezinbestean ikusi ziren jokalariak itzuliko dira. Gray, Gimenez, Gomez-Kodela, Barraque eta Watremez hasieratik ariko dira.
Miarriztarrek haien usaiako indar fisikoa galduko dute hamabosteko horrekin, baina mugikortasun handia izanen dute. Racing talde klasikoa da, aitzinean zortzi idi zelairatzen dituenetakoa. Paristarrak abiadura eta mugikortasuna erabiliz hartu nahiko ditu ezustean Miarritzek.
Derbia buruan duela joango da Miarritze Parisera
Entrenatzaileek atseden eman diete jokalari garrantzitsuenei, astearteko partidan pentsatuta
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu