Gaurkoa ez da talde bateko zein besteko jarraitzaileek nahiko luketen derbia. Ez da denek nahiko luketen mailan jokatuko, koska bat beherago baizik. Ezagutu dituzte garai hobeak Realak eta Alavesek. Ez da denbora asko pasatu donostiarrak Liga irabazteko partida batera gelditu zirenetik, eta gaur egungo egoera berria onartu ezinik dabiltza oraindik. Luze iraun dezakeen kalbarioan sartuta daude. Alaveseko zaleek ere ondo gogoan izango dute Liverpoolen aurka galdutako UEFA Kopako final zoragarri hura, baina azken urteotako bidea estropezuz jositakoa izan da: Dmitri Pitermanen aroa, konkurtso legea... Garai hobeen esperoan jokatuko da derbi txuri-urdina. Nahiko lan badute bi taldeek euren egoera zuzentzen; gehiegi, lehia historikoetan eta aurkarien gaitasunean pentsatzen hasteko. Puntuak behar dituzte biek; altxor preziatu horren desira dute Realak eta Alavesek.
Realak irabaziz handitu nahi du Iñaki Badiolaren etorrerak piztutako ilusioa. Presidente berriak behin eta berriz esan du taldeak lehenbailehen itzuli behar duela Lehen Mailara, eta prest dago horretarako baliabideak jartzeko, orain arte ahalegin horren emaitza bakarra Fran Merida fitxatzea izan bada ere. Chris Coleman entrenatzaileak ere egoera berrira egokitu beharko du: «Hiru denboraldi baino lehen igotzeko etorri nintzen hona, baina orain sei hilabete barru lortu beharko dugu, nagusi berriak hala nahi duelako».
Galestarrak taldean jarraitzeak albiste ona izan beharko luke, presidentearekin duen harremanaren inguruko zalantzak argitzen baldin badira, bederen. Norabide berean joatea izango litzateke onena, eta lan hori biei dagokie. Neurri bateko edo besteko jarre- ra itxiekin ez da inora iritsiko Reala.
Bi partida jarraian irabazi ondoren, Salamancaren aurkako porrotak agerian utzi du, berriz ere, taldearen oreka ahula. Defentsan orain arte izan duen sendotasunaren arrastorik ez zuen erakutsi, eta hotz eta motel ekin zion lehiari. Lehen zatia ahazteko modukoa izan zen. Pena izan zen, beste zenbait partidatan bezain ondo defendatu izan balu garaipena edo, gutxienez, berdinketa poltsikoan izango zuelako. Tentsio handiagoarekin hasi beharko du Realak Alavesen aurkako partida, Anoetan min egiteko adina baliabide dauzkalako Gasteizko taldeak. Ona izango litzateke Colemanek Prietoren berezko postua eskuin hegala dela ikustea ere, eta taldeko golegile nagusiari, Iñigo Diaz Zeriori, aukera gehiago ematea -ordezkoa izan zen Salamancaren aurka-.
Aspaldiko partez, Colemanek non hautatu badauka, Realeko erizaindegia ia hutsik baitago. Gerardok ezingo du jokatu, zigortuta dagoelako, baina beste guztiak, Vaughan izan ezik, jokatzeko moduan daude, Skoubo eta Markel barne. Deialdia gaur bertan emango du Colemanek, baina herenegun aurreratu zuen erdilariari denbora eman nahi diola. Ez da zerrendan izango, beraz. Carlos Martinezek hartuko du Gerardoren tokia, eta litekeena da Fran Meridak ere minutu batzuk jokatzea. Hasieran hura fitxatzea ez omen zuen nahi, baina, beste hainbat kontutan bezala, hasierako diskurtsoa aldatu du galestarrak. Gaztea da Merida, baina talenturik ez zaio falta, eta Realean sobera ez dauden dohainak dauzka. Frogatzea baino ez zaio gelditzen.
AGANZO, AZKEN UNERA ARTE KOLOKAN. Gasteiz aldean ez dago Donostian azken asteotan izan den zalaparta eta ezinegonik. Ez hauteskunderik, ez fitxaketa konturik. Giro lasaia dago Alavesen. Konkurtso legeak, bere txarrean, hori dauka ona, fitxaketarik gabe aldagelan orain arteko egonkortasun berari eutsi diotela. Alavesek 1-0 irabazi zion joan den astean Ferrolgo Racingi, eta, garaipen horri esker, jaitsiera postuak zazpi puntura dituztela iritsiko dira Realaren aurkako derbira.
Aspaldiko partez, lasai, eta konfiantzaz beteta. Denboraldi hasieratik taldearen bizkarrezurra osatu duten lau jokalari hasierako hamaikakora itzuliko dira, gainera: Gaspar, Astudillo, Toni Moral eta Aganzo. Laurak zigortuta zeuden joan den astean. Aurrelaria soilik dago zalantzan, David Aganzo. Atzoko entrenamendua behar baino lehenago amaitu behar izan zuen espainiarrak, giharretako gainkarga baten eraginez. Gaur partida hasi baino lehenago egingo du azken proba, jokatu edo ez erabakitzeko. Jokatzerik ez badu, Raul Sanchez ariko da aurrean.
Realari errespetu handia diotela esan eta esan ari dira Alaveseko jokalariak, baina, derbiak Gasteizen sortu duen ikusminaz jabetuta, zaleei garaipena eskaintzen saiatuko direla ere adierazi dute. Izan ere, derbiak dezenteko ikusmina sortu du Gasteizen, eta 200 zale inguru, gutxienez, joango dira gaur Anoetara.
Joan den astean zigortuta zeuden lau jokalariez gain, Josu Uribek Ruben Royo gaztea ere sartu du deialdian. Ferrolen aurka bizitasun handia eman zion Royok taldeari -Samuel Bayonekin eta Igor Martinezekin batera-, eta lan hori saritu nahi izan du entrenatzaileak. Samuel ere deialdian dago, baina Martinez ez.
Alavesek etxetik kanpora jokatutako bederatzi partidetatik bi besterik ez ditu irabazi -Salamancaren aurka, 2-3, eta Albaceteren aurka, 0-3-, eta bost aldiz esku-hutsik itzuli da etxera. Dena den, etxetik kanpo jokatutako azken hiru partidetan zazpi gol sartu dituzte, eta nahiko emaitza bolada onean iritsiko dira Anoetara, bi garaipen eta berdinketa bat lortu baititu Alavesek azken lau partidetan. Realari irabaziz gero, 27 punturekin, erabateko lasaitasuna lortuko lukete. Bi taldeentzat, beraz, hiru puntu baino gehiago daude jokoan gaur.
Derbia, garai hobeen esperoan
Realak eta Alavesek beharrezkoak dituzte gaurko derbian jokoan izango diren hiru puntuak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu