Baionak 54-0 galdu zuen joanekoan, baina harrezkero hobekuntza ukan du. Elizalde entrenatzaile nagusiak eta Beltran gibelekoen entrenatzaileak lagundu egin diote Pemeja aitzinekoen entrenatzaileari taldea finkatzen, eta gehienbat, azaroan. Bourgoinen galdu zuen azken partida (39-10), azaroaren 3an. Ondoren, Brive, Albi eta Montauban menderatu ditu.
Miarritzeri kosta egin zaio ligari neurria hartzea, baina Castresen bigarrenez irabazi zuen etxetik at, azaroaren 11n, eta larunbatean sei entsegu egin zizkion Narbonari (42-14). Gainera, azken hiru partida internazionalik gabe jokatu du.
NUñEZ-PIOSSEKEK ADIO SASOIARI. Baionako Nuñez-Piossek lur jota dago. Izan ere,ezker belauneko lotailu gurutzatua hautsi egin zitzaion Frantziaren aurka, larunbatean, eta zain dago non eta noiz egingo dioten ebakuntza. Bospasei hilabetezegon beharkodu jokatu ezinda.
Bestalde, Baionako Linde, Pez, Audrin, Gerber, Deen eta Iñigo jokalarientzat lehen derbia izango da, eta baita Beltran entrenatzailearentzat ere. Miarritzen, berriz, Hall, Cabannes, Bosch, Carpentier eta Malongak egingo dute estreinakoa, derbian.
Partidaren atariko adierazpenak
«Miarritze Baiona baino hobea da, eta ezin diogu jokatzen utzi»
Xabier PemejaBaionako aitzinlarien entrenatzailea«Joanekoarekin alderatuta, asko hobetu behar dugu baloia lortzeko gaitasunean, eta, jakina, ezin diegu utzi nahi duten bezala jokatzen. Bistan da Miarritzek Baionak baino maila hobea duela, baina partida batean edozer gerta daiteke».«Gure unerik onenean heldu da derbia; uztartuago dihardugu»
Benjamin Thierybaionako jokalaria«Gure unerik onenean heldu da derbia. Gibelean gero eta uztartuago dihardugu, paseetan huts gutxiago egiten dugu eta konfiantzak on egin digu. Montaubanen, esatera, Brive eta Albiren aurka aritu ez zirenek neurria eman zuten».«Baiona menderatzeko asmoa dugu; oso derbi ona izango da»
Jacques DelmasMiarritzeko aitzinlarien entrenatzailea«Narbonan hain ongi irabazi izanak lasaitasuna eman digu derbiaren aitzinean. Lievremont indartsu itzuli zen, eta oso baikor gara Bosch argentinarrarekin. Horregatik, Baionan irabazteko asmo osoa dugu; oso derbi ona izango da».«Baionak konfiantza lortu du; ongi baliatzen du bere jokoa»
Imanol HariñordokiMiarritzeko jokalaria«Baionarrek konfiantza berreskuratu dute. Egiten dakiten jokoan oinarritzen dira, batez ere, aitzinean. Orain egoki ari dira jokatzen eta hobeto baliatzen dituzte beren arlo eta une indartsuak. Joanekoan baino zailagoa izango dugu».Aurreko bost derbien kronika
2004-IX-18Miarritze 22 - Baiona 27
Baiona igo berria zen Top 14ra, eta ezustea eman zuen. Miarritzek entsegu bat egin zuen eta Baionak bi. 13-20 ziren atsedenaldian.
2005-II-26
Baiona 16 - Miarritze 41
Miarritzek ordaineko mingotsa eman zion Baionari. Baionak entsegu bat egin zuen eta Miarritzek zazpi. 13-12 ziren atsedenaldian.
2005-XI-12
Baiona 10 - Miarritze 9
Baiona hobeto moldatu zen eguraldi eta berdegune petralera. Baionak entsegu bat egin zuen; Miarritzek bat ere ez. 0-9 ziren atsedenaldian.
2006-IV-29
Miarritze 53-Baiona 7
Miarritzek ahalmentsu jokatu zuen eta Baionak ezinean. Miarritzek zazpi entsegu egin zituen eta Baionak bat. 34-0 ziren atsedenaldian.
2006-VIII-30
Miarritze 54-Baiona 0
Miarritzek Baionak baino askoz maila hobea erakutsi zuen, eta zazpi entsegu egin zituen. 18-0 ziren atsedenaldian.
philippe bidabe Miarritzeko jokalaria
«Gure derbiek giro sutsua sortzen dute, eta ahulenak irabazten ahal du»
K. A.Miarritze
Hamaikagarren sasoia ari da osatzen Philippe Bidabe kanbotarra (28 urte, 1,78 metro, 85 kilo) Miarritze talde nagusian. Bost derbietan aritu da, eta soilik batean utzi zuen zelaia partida amaitzeko 20 minutu faltan. Lapurtarrak adierazi du final baten itxura dutela derbiek.
Jokaturiko bost derbiak aintzat hartuta, batez beste, 35-12 irabazi duzu. Zer adierazten du horrek?
Irabazi diegunean, aldez handiz irabazi diegu. Baina, derbi bakoitza desberdina da, bai bi taldeon artean jokatzen dugunean, eta baita gainerako taldeen aurka jokatzen dugunekin alderatuta ere. Gure arteko derbiak giro sutsua sorrarazten du, eta ustez ahulenak irabazten ahal du.
Noiz nabaritu duzu derbia gainean dela?
Egunero pittin bat. Egia da urtero jokatzen dugula, baina, hala ere, nabaritzen dugu presioa, eta final baten tankera atxikitzen du.
Zuk bost derbiak jokatu dituzu, eta zeu zara entsegugile nagusia?
Hara, ez nekien. Horrek esan nahi du bosgarrena egin behar dudala gaur. Dena den, entsegurik egiten ez badut, baina taldeak irabazten baldin badu puntu bateko aldeaz besterik ez bada ere, gaitz erdi, irabaztea baita beharrezkoena une honetan aitzineko lau postuetan irmo jarraitzeko.
Pentsatzekoa da 2004ko lehen derbia ahantzi ezinik zaudetela miarriztarrok.
Ikaragarria izan zen. Gero ordainekoa eman genien, Baionan, eta samurtu egin zuen gure nahigabea. Gainera, internazionalak gabe jokatu genuen eta zazpi entsegu eginda irabazi genien.
Hitz egin al duzu Baionako norbaitekin?
Ez, egia esanda ez. Baina gaur bi hitz egingo dut seguru asko Usandizagarekin, Bergezekin, Lhanderekin, Thieryrekin...
louis massabeau Baionako jokalaria
«Ez dugu astirik izan derbiaz solas egiteko; lana bai, erruz egin dugu»
K. A.Baiona
2000-2001 sasoitik ari da jokatzen Louis Massabeau (30 urte, 1,90 metro, 95 kilo) Baiona talde nagusian. Bera da, Baionarekin bost derbiak oso-osorik jokatu dituen bakarra. 3. lerroak adierazi du zazpigarren derbia ere jokatu nahi lukeela.
Seigarren derbia partidaren hastapenetik; zer duzu buruan?
Zazpigarrena ere jokatu nahi nukeela. Horrek adieraziko luke mailari eustea lortu dugula, gaurko partida irabazita. Gaurko partida oso berezia izango da, giro aparta egongo baita. Hori aipatuta, orain arte baino gehiago egin beharko dugu, Miarritze ahaltsua baita.
Zein derbi dituzu gogoragarrienak?
Oroimenik onenak, aurrenekoak dakarzkit, Aguileran irabazi genuenak 2004ko irailean. Mailaz igoberriak ginen, eta giro aproposa genuen. Oso gogoan ditut, Fagoaga eta Larretxea, besteak beste. Une haiek berreskuratu nahi nituzke, jokalari aldaketa handia izan badugu ere. Oroimenik kaskarrenak, berriz, aurtengoak dakarzkit, 54-0 galtzea mingarria baita; ea ordainekoaematen diegun.
Bost partidetatik bi irabazi dituzue, eta doi-doi; lortuko al duzue hirugarrena ?
Oso talde indartsua da Miarritze, eta ez litzateke harritzekoa izango galtzea. Horregatik, gogoa eta ahalegin tinkoa egin beharko dugu, ez baita nahikoa izango baturik eta borondatetsu jokatzea. Horrek guztiak eta bete-betean asmatzeak eragingo die duda miarriztarrei.
Aldera itzazu bi taldeetako 3. lerroak, zu lerro horretakoa zaren neurrian.
Miarritzekoa internazionala da oso-osoa, gurea ez. Haiek asko jokatu dute elkarrekin; guk zalearen laguntza ukanen dugu.
Asko hitz egin al duzue derbiaz?
Montaubanekoaren ondotik hasi ginen, baina ez dugu astirik izan.