Derbia, presiopean

Azken postuetan eta irabazteko premiaz jokatuko dute, gaur, Miarritzek eta Baionak historiako 100. derbia

Dane Haylett-Petty Miarritzekoa, baloiarekin entsegua egiten, London Irishen aurkako lagunartekoan. BOB EDME.
Eneritz Zabaleta.
Miarritze
2011ko azaroaren 29a
00:00
Entzun
Hogeita hiru eguneko berantarekin, baina azkenean iritsi da euskal errugbiaren festa. Azaroaren 5ean jokatzekoa zen derbia iluntze honetan jokatuko dute Miarritzek eta Baionak. Bi taldeen arteko 100. partida izanen da. Top14a astindu zuen hazizurri izurritearen ondorioz, derbia gibelatzea erabaki zuen Frantziako Ligak. Bulegoetako erabakiak ekarri berantak bere ondorioak izan ditu, eta gaurko festari eragin eginen dio.

Hasieran dena prest zegoen 100. derbia festa ederra izateko. Larunbat arratsalde batean jokatu behar zen partida, Donostiako Anoeta estadioan. Gibelatzearen ondorioz, astearte iluntzean jokatuko da derbia, Agileran. Pena, Donostian larunbateko egun-pasa eta gaupasa egin nahi zuten euskal zaleentzat.

Kanpoko distira galdu arren, gaurko euskal derbiak bere muina beti bezain indartsu gordeko du. Sekula baino garrantzitsuagoa izanen da gaurko derbia. Lehen itzulia bukatzeko, bi jardunaldibakarrik falta dira, eta egoera txarrean daude baionar eta miarriztarrak. Agilerakoek azken postuari sendo iltzatuta jarraitzen dute, hamar punturekin. Garaipen bakarra eta bi berdinketa bakarrik erdietsi dituzte.

Baionarrak ez daude askoz hobeto. Bederatzigarren postuan daude, lau garaipen eta berdinketa batekin. Lapurdiko bi taldeak urrun daude sasoi hasierako helburutik, eta papoa puzteko motibo handirik ez dute. Heineken koparako sailkatu nahi dute biek, eta martxa erabat aldatu ezean, helburutik urrun geldituko dira.

Egoera ikusiz, txantxetarako gogo gutxirekin prestatu dute partida biek ala biek. «Garaipena inoiz baino garrantzitsuagoa da klubarentzat eta zaleentzat. Heineken kopan erakutsi dugun maila berreskuratzea espero dugu», esan du Patrice Lagisquet Miarritzeko arduradunak. «Azkenaldian gaizki jokatzen ari gara. Partida zaila izanen da guretzat», adierazi du, berriz, Christian Gajan Baionako zuzendariak.

Miarritzek eta Baionak hiru partidako aste baten erdian jokatuko dute derbia. Egoera ikusiz, estrategia desberdina hautatu dute. Ostiralean, Miarritzek jokalari garrantzitsuenak etxean utzi zituen, hurrengo bi partidetan fresko aritzeko. «Aste batez hiru partida jokatzean, suspertzeko aukera anitz murrizten da. Denek ezin dute dena jokatu, eta abenduan ere egutegi zaila dugunez, atsedena eman diegu lehen partidan», azaldu du Lagisquetek.

Baionak, berriz, onenekin irabazi zion Lyoni asteburuan. «Ez genuen beste aukerarik. Etxean ezin genuen galdu, eta bagenekien Lyonek oso talde indartsua zuela», zehaztu du Gajanek.

Hugeten itzulera

Gaur ikusiko da nork zuen arrazoi hartutako bidean. Hala ere, Miarritzek jokalari garrantzitsuak (Hariñordoki, Traille, Barcella, August, Lakafia, Ngwenya eta Balshaw, besteak beste) fresko izatearen abantaila izanen du. Baionan, berriz, Roumieu, Boutaty, Baget, Puricelli zaharrek eta Phillips, Heymans, Rokocoko edo Tialata fitxatu berriek bigarren partida izanen dute ostiralaz geroztik. Testuinguru horretan, aulkiak emanen duen mailak garrantzi handia izanen du gaurko norgehiagokan.

Baionarrek, hala ere, pozteko arrazoi bat daukate. Iragan sasoiko entsegugile onena izan zenak, Yoann Hugetek, lehen partida jokatuko du sasoi honetan. Frantziako dopin agentziarekin izandako gorabeherengatik hiru hilabeteko zigorra bete du, eta hasieratik ariko da. «Ez diot sekula irabazi Miarritzeri. Ea aldi honetan lortzen dugun. Aski da Miarritzeren aurka burumakur egoteaz!», adierazi du, gogotsu, Baionako hegalekoak. Bere gibeletik, ostiralean Lyonen emandako itxura txarra gibelean uzteko gogoz joanen da Baiona Agilerara.

MIARRITZE-BAIONA

Miarritze. Barcella, August, Marconnet; Thion, Erik Lund; Guyot, Lakafia, Hariñordoki (kapitaina); Roussarie, Peyrelongue; Balshaw, Traille, Bosch, Ngwenya; eta Haylett-Petty.

Baiona. Iginiz, Roumieu, Tialata; Linde, Boutaty; Haare, Baget (kapitaina), Puricelli: Philips, Boyet; Rokocoko, Mazars, Gerber, Huget; eta Heymans.

Epailea. Peter Fitzgibbon.

Lekua. Agilera (12.500 ikusle).

Ordua. 20:45 (C+ Sport).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.