Derbiak erabakiko du

Miarritze eta Baiona aurrez aurre ariko dira gaur, Aguileran: datorren sasoian Top14an aritzea dute jokoan. Patrick Polidori entrenatzaileak partida «itxia eta itsusia» aurreikusi du, kontuan hartuta final bat ez ezik derbi bat ere badela

Goian, Miarritzeko jokalariak, elkarrekin. Behean, Baionakoak. MIARRITZE-BAIONA.
Iñaki Berastegi.
2021eko ekainaren 12a
00:00
Entzun
Inoizko derbirik garrantzitsuena jokatuko dute gaur arratsaldean Miarritzek eta Baionak Aguilera estadioan (17:30, Canal Plus Frantzia). Datorren denboraldian Top14an, Frantziako liga nagusian, aritzeko azken postua izango dute jokoan, partida bakarrera. Baionak maila horretan jarraitzeko egingo du borroka, eta Miarritzek ez du kale egin nahi mailaz igotzeko duen bigarren aukeran. Astebete atzera, Perpinyaren aurka galdu zuen Bigarren Mailako finala. Egun berean jokatu zen Top14 ligako azken jardunaldia, eta Baionak ezin izan zuen mantendu sailkapen nagusian Pauerekiko zuen lau puntuko aldea: galdu egin zuen etxean Stade Françaiseren aurka, eta, Pauek Montpellierri irabazi egin zionez, haren aldeko puntu aldeak erabaki zuen Baionak jaitsierako kanporaketa jokatu beharko zuela. Hala, gaurko lehiak zehaztuko du azken postu horren jabea.

Patrick Polidori Hernani errugbi taldeko entrenatzaileak (Kanbo, Lapurdi, 1972) «intentsitate eta pasio handiko partida itsusia» espero du. Neurketa Aguileran jokatuko dela kontuan hartuta, ez du inor faboritotzat jo, nahiz eta zehaztu duen hainbat arlotan Baiona gainetik dagoela. Haren ustez, zigor kolpeak eta erritmoa izan daitezke partidaren nondik norakoa erabakiko duten gako nagusietako batzuk.

ZIGOR KOLPEAK

Finaletan ohikoa den bezala, galtzeko beldur handia izaten dute bi taldeek. Hori horrela, Hernaniko entrenatzaileak uste du bi taldeek «gutxi» arriskatuko dutela, eta, horrenbestez, partida «itxia» izango dela aurreikusi du. Baliteke zigor kolpeen bitartez lortutako puntuek erabakitzea markagailua: «Diziplina oso garrantzitsua izango da, ez baitut uste joko irekiaren aldeko apustua egingo dutenik bi taldeek. Aurrelari onak dituztenez, haien esku egongo da jokoaren pisu guztia, eta garrantzitsua izango da lehia horretatik sortzen diren zigor kolpeak aprobetxatzea. Zentzu horretan, Baionak abantaila du, Gaetan Germain maisua delako ostikoetan». Horrekin batera, funtsezkoa izango da jokoan metroak irabaztea: «Oinekin edo eskuekin jokatuta, lor daiteke hori, baina ez dut uste baloia eskuetan dutela metro asko egitera ausartuko direnik».

ERRITMOA

Bakoitzari komeni zaion erritmoa ezartzeak ere eragin handia izan dezake neurketan. Polidorik dio Baionari ez zaiola erritmo oso handia komeni, intentsitate handia baizik: «Erritmo eta intentsitateari dagokionez, aldea dago Top 14ko eta Bigarren Mailako taldeen artean. Miarritzerentzat zaila izango da intentsitatean Baionaren pare jartzea, eta denboraldian baino erritmo handiagoan jokatu beharko du aurkariari min egin nahi badio». Beraz, Nicolas Nadauren taldeak beste bide bat bilatu beharko du neurketan nagusitu nahi badu: «Hegaletako jokalariek duten abiadura eta atzeko lerroan dituzten jokalarien kalitatea erabili behar dute. Iruditzen zait Miarritzek galtzeko gutxiago duela, eta, irabazi nahi badu, ezinbestekoa izango da gehiago arriskatzea». Minutuen zama eta kontaktuen sendotasuna ere aztergai izan ditu: «Uztartzeak, ohi bezala, oso garrantzitsuak izango dira. Partidaren hasieran borroka fisiko hori parekatua izan daitekeela uste dut, baina ikusiko dugu Miarritzek 80 minutu irauteko gaitasunik ba ote duen».

ORDEZKOEN GARRANTZIA

Kalitate handiko zenbat eta jokalari gehiago, orduan eta hobeto. Neurketaren bigarren zatian, bereziki, aulkitik sartzen diren jokalariek partida aldatzeko edo dagoenari eusteko gaitasuna izan behar dute. Bada, Polidoriren ustez, Baionak Miarritzek baino hasierako hamabosteko hobea izanagatik ere, aldea ez da «handia»: «Ordezkoetan alde handiagoa ikusten dut, fisikoki behintzat. Gaur egungo errugbian pisua eta abiadura oso garrantzitsuak dira. Partidan, 60. minututik aurrera, adibidez, nekatu gabe dagoen pisu eta abiadura bereko jokalari bat zelairatzeak gauzak alda ditzake. Desoreka horietan lortzen dira faltak eta zigor kolpeak».

DERBIEN BEREZITASUNA

Ezohiko partida honek sortzen duen tentsioa eta urduritasuna kudeatzea ere kontuan hartzeko zerbait da. Etxeko jokalari gehiago dituenez, Polidorik uste du litekeena dela Baionak presioa gehiago nabaritzea: «Ez dakit onerako edo txarrerako den etxeko jokalari gehiago izatea. Miarritzek kanpoko gehiago ditu, baina giroak derbian murgiltzera bultzatzen zaitu».Gainera, Baiona maila defendatzen ari da, eta «galtzeko gehiago» duela esan daiteke: «Tentsio handiko partidak bereziak dira».

Zaleen bultzada ere kontuan hartzekoa izango da. 5.000 lagun espero dituzte Aguileran, eta 4.000tik gora etxeko taldeko jarraitzaileak izango dira. Beraz, arlo horretan abantaila du Miarritzek. «Alde txikia da etxeko taldearentzat. Baionaren grina eta intentsitatea oreka dezake horrek».

Aldagai horiek guztiak aztertuta, azken hausnarketa egin du: «Partida on bat ikusiko dugula uste duenak ken dezala burutik ideia hori. Asko dago jokoan. Baloia gehien duenak irabaz dezake».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.