Irribarrea neke aurpegietan. Irudi horixe nagusitu zen atzo goizean Anoetako txarteldegian. Hainbat lagunek gaupasa baino zerbait gehiago egin zuten Realak derbirako salgai jarri zituen berrehun sarrerak eskuratzeko, eta aitaren batean amaitu ziren. Bezpera arratsetik bildutako zaleek zorion betean hartu zuten etxerako bidea. «Ilaran lehenengoetakoa nengoen, baina txartela eskuan izan arte ez nuen sinetsi nahi derbira joan ahalko nuenik. Orain bai, orain harro esan dezaket San Mamesen izango naizela», zioen donostiar batek, pozez txoratzen.
Hotza. Haizea. Denbora. Logurea. Bertan elkartutako 120 lagunek etsai izan zuten oro txiki geratu zen. Oso txiki ere. «Derbi batengatik, gaupasa bat baino gehiago egingo genuke. Bilbon derbi bat ikustea bizitzan probatu beharreko zerbait da», zioen Urretxuko gazte kuadrilla batek: «Gaua uste baino hobeto joan da; hori bai, txandak egin ditugu, eta horrek asko laguntzen du. Autoan lo egiteko aukera izan dugu». Hurrengo aldietarako zer ikasia badutela aitortu dute, dena den.
Eta ongi ikasita bat baino gehiago gerturatu zen Anoetara. Barbakoa eder bat egin zuen kuadrilla batek, edariarekin lagundurik; kanpinean lo egin zuenik ere izan zen. Ezbairik gabe, lagun artean egoteko aitzakia ederra izan zen gaua. Ordea, bakarrik egon zenik ere izan zen: «Arratsaldeko 15:00ean irten naiz lanetik, eta zuzenean etorri naiz. Bakarrik nago, baina liburua alboan daukat gau guztian. Maiatzean oposizioko azterketak dauzkat, eta ikasteko baliatu dut denbora». Bistan denez, guztiak balio du. Kartekin, baloiarekin, musikarekin... entretenitzen ahalegindu zen jendea.
Lehenengoak arratsaldeko 15:00etan hurbildu ziren txarteldegira. Hortik aurrera, ziztu bizian luzatu zen ilara. 19:00ak jotzerako amaitu ziren sarrerak hartzeko beharrezko ziren txarteltxoak. Ilaran azken zeudenak arduratu ziren guztia antolatzeaz: «Tranpa egiten artista da jendea, eta hori ez gertatzea nahi dugu. Lan handia da antolatzea, baina gustu handiz ari gara egiten». Egiari zor, lan horri esker, guztia espero bezala atera zen.
Gipuzkoako bazter guztietako jendeak bete zituen Anoetako txokoak. Hondarribiko gazte batzuk ere bertan izan ziren, ohikoa den moduan: «Donostiatik kanpo leku askotara joaten gara Reala ikustera, eta, noski, baita Bilbora ere. Etzikoa hirugarren aldia izango da», zioen Ander Ormazabalek. «Izugarrizko giroa egoten da. Gazteontzat egun ikaragarria izan ohi da».
Gazteentzat bai, baina hainbat guraso ez dira iritzi berekoak. Urretxukoek argi eta garbi hitz egin zuten: «Erotuta gaudela esaten digute, hamasei ordu zain egotea ez dela normala. Baina, tira, derbia da». Ormazabali ez diote deus esaten etxean: «Kuadrillan langabezian gaude gehienok, eta denbora nonbait pasatu beharra daukagu». Sarrera hartu eta lotara joateko moduan ziren horiek, eta gaitzerdi. Izan ere, beste askok lanerako bidea hartu beste erremediorik ez zuten izan.
Athleticeko zaleak ere bai
Realeko zaleak asko bildu ziren, baina Athleticeko bat edo beste ere ikusi ahal izan zen. Egoitz Cadarso, adibidez, talde zuri-gorriko elastikoa jantzita: «Jendeak komentario asko egin dizkit, baina bi taldeen artean adiskidetasun handia dago». Antton Arrutik, berriz, bere ametsa beteko du: «Txikitatik izan dudan ametsa beteko da igandean; merezi izan du gaupasa egitea». Zalantzarik gabe, bi taldeek izango dute euren zaleen babesa.
Derbiaren izenean
Hamasei ordu inguruko egonaldiari aurre egin ondoren, aitaren batean amaitu dira Anoetan Realak etziko derbirako salgai jarritako sarrerak. Ilaran hainbeste denbora egotea merezi izan duela adierazi dute guztiek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu