Derbiko saria Itxakorentzat

Partida orekatua jokatu dute Lizarrako taldeak eta Bera Berak, baina etxekoentzat izan dira jokoan ziren puntuak

edurne elizondo
Iruñea
2010eko azaroaren 18a
00:00
Entzun
Gogor egin behar izan zuen lan Itxakok, baina ahaleginak jaso zuen saririk: 34-30 irabazi zion Bera Berari, ABF ligako derbian. Garaipen horri esker, sailkapeneko buru jarraitzen du Lizarrako taldeak, eta sendo, gainera.

Bera Bera aurkari zaila izan zen atzo, eta etxeko jokalariei erraztasunik ez zien eman, baina gipuzkoarren lana ez zen nahikoa izan liderra mendean hartzeko. Partida ona eskaini zuten bi taldeek, eta oreka izan zen nagusi ia amaierara arte. Bi taldeek izan zituzten norgehiagoka irabazteko aukerak, baina etxekoek eraman zuten bi puntuko saria.

Lehen zatian Itxako izan zen nagusi, eta Bera Berari markagailuan atzean egotea egokitu zitzaion. Lau goleko aldea lortu zuten nafarrek atsedenaldirako. Ez zen lasaitzeko moduko aldea izan, bigarren zatian gertatutakoak agerian utzi zuen bezala.

Izan ere, bigarren zatia gogoz hasi zuten donostiarrek, eta 40. minuturako partida berdintzea lortu zuten: 21-21. Hori izan zen etxeko taldearentzat unerik zailena. Urduritasunak ez zituen hartu jokalari nafarrak, hala ere, eta asmatu zuten egoerari buelta ematen. Azkar, gainera. 50. minuturako, 29-25 aurretik zen Itxako, berriz ere, bertzeak bertze, 4-0eko partzial bati esker.

Alde horri eusteko arazorik ez zuen izan etxeko taldeak, eta 34-30 amaitu zen partida Itxakoren alde. Ligako lana amaitu eta gero, larunbatean Txapeldunen Ligako lehen ligaxkako B multzoko azken jardunaldiko norgehiagoka jokatuko du Itxakok, Korvexen aurka. Partida horretan zer gerta ere, Lizarrako taldea izanen da bere multzoko burua, eta hurrengo faseko ligaxka jokatuko du, lehendabiziko aldiz.

San Antonioren garaipena

Laugarren garaipena jarraian lortu zuen atzo San Antoniok Asobal ligan. Ez jaisteko borrokan ibili behar zuen taldea gora begira jarri da orain, 14 punturekin. Torrevella aurkari zuzenaren kantxan jokatu zuten atzo nafarrek, eta hasterako lortu zuten aldetxoa (2-5, 5-9 eta 7-12). 5-0eko partzialarekin, 12na berdindu zuten partida etxekoek, baina 12-15 amaitu zen lehen zatia, eta etxekoak 15-17 eta 17-19 gerturatu baziren ere, erabakigarriak izan ziren Rasicen hamar golak eta Sevaljevicen bostak. 19-22kotik 20-28ra igarota, sufritu gabe irabazi zuten nafarrek(26-31).

Arratek gaur jokatuko du Guadalajararen kontra, bere pistan (20:45). Sailkapenean gora egiteko bigarren garaipena jarraian lortu nahi dute eibartarrek.



Itxako 34

Bera Bera 30

Itxako. Navarro, Turey (7), Barbosa (2), Barno, Fernandez (3), Soit (3), Martin (6) -hasierako zazpikoa-; Alizar, Aguilar(1), Egozkue (2), Pinedo (3), Pena (6) eta Alonso (1).

Bera Bera. Obein, Agirre (2), Fernandez (9), Carvalho (2), Rubio (9), Cuña (1) eta Altuna -hasierako zazpikoa-; Punko (3), Ziarsolo (3) eta Berta (1).

Markagailua. 3-1, 6-3, 10-7, 13-9, 16-12, 19-15 (atsedenaldian); 20-17, 21-21, 24-23, 29-25, 32-27 eta 34-30.

Epaileak. Escudero eta Escudero. Bi minutuz kanporatuak: Itxakoko Pinedo; eta Bera Berako Carvalho (bi aldiz), Menendez (bi aldiz), Rubio eta Agirre.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.