Luze egiten ari zaie denboraldia Athletici eta Realari. Erregai gutxirekin ailegatu dira sasoiaren azken txanpara bi taldeak. Hala ere, iazko abuztuan jarritako helburuak lortzetik gertu daude bata zein bestea. Realak urrats bat nahikoa izango du mailari eusteko. Beste garaipen batekin nahikoa izan daitekeela, alegia. Athleticek, berriz, bide luzeagoa egin beharko du Europako Liga jokatzeko aukera eskuratzeko. 60 puntuen langara hurbildu beharko du saria lortzeko. Liga amaitu bitartean jokoan egongo diren hemezortzi puntuetatik gutxienez erdiak irabazi beharko ditu. Hortaz, bi taldeentzat dira garrantzitsuak bihar San Mamesen jokoan egongo diren puntuak.
Askok pentsatzen dute Lehen Mailan jarraitzeko behar diren puntuek beste edozein helburu lortzeko behar direnek baino garrantzi handiagoa dutela. Maila nagusian jokatzeak bermatzen baitu taldeen iraupena. Horrez gain, ez dira ere gutxi diotenak biharko puntuak premiazkoagoak direla helburua lortzeko puntu gehiago behar dituen taldearentzat. Eta hori gutxi balitz bezala, derbi bat irabazteak ematen duen poza dago. Bai Athleticeko jokalarientzat baita Realekoentzat ere norgehiagoka berezia da. Gauza bera gertatzen da jarraitzaileen artean.
Athleticen asmoa da zaleen aurrean garaipenaren bidera bueltatzea. Europarako giltza San Mamesen egongo zela esan dute behin eta berriz teknikari eta jokalariek bigarren itzulia hasi zenetik. Bada, zelai zaharrean jokatutako azken lau neurketetatik hiru galdu egin dituzte zuri-gorriek. Goi mailakoak ziren aurkariak, baina zuri-gorriengandik gehiago espero zen. Eskerrak azken irteera bietan etxetik kanpoko bolada txarrari buelta ematea lortu duten. Zelaian gutxi erakutsi arren, Almeriatik eta Iruñetik hiru puntuekin itzuli zen Joaquin Caparrosek zuzentzen duen taldea. Garaipen horiei esker, bosgarren postuan dago Athletic. Ezin gehiago eskatu, beraz. Hala ere, jokalariak ez daude lasai. Ez daude gustura egiten ari diren lanarekin. Eta zelaian erakutsitako ezinak zalantzak sortu ditu. Ez dakite nola erantzungo duten Liga amaitzeko geratzen den hilabetean. Etorkizuna laino beltz gutxiagorekin ikusteko sekulako garrantzia izango du hurrengo jardunaldi bietan egingo duten lanak. Realaren aurka bihar eta Espanyolen kontra hurrengo jardunaldian Europarako txartel erdia dauka jokoan Athleticek.
Cornella el Praten jokatu beharreko neurketan pentsatzen hasi aurretik —maiatzaren 2an jokatuko da—, txuri-urdinen aurkako lehia prestatu beharko du burubelarri Bizkaiko taldeak. Hiru dira zuri-gorrien kezkak: azken hilabete bietan egin duen jokoa da bata. Horri aurre egiteko, lehen minututik erritmo bizia jartzen ahaleginduko da. Reala arnasa barik lagatzea du xede. Realaren hegaleko jokalariek ere makina bat buruko min sorrarazten dute Athleticen aldagelan. Griezmann eta, batez ere, Xabi Prieto zainduta, garaipena gertuago ikusten dute etxekoek. Eta, hirugarrenez, Athleticek izango dituen hutsuneak aipatu behar dira. Aldaketa asko egin beharko ditu Caparrosek. Txartel pilaketak tarteko, ezin izango dute jokatu Castillok, Iturraspek eta Iraizozek. Amorebietak, Javi Martinezek eta Raulek beteko dituzte haien hutsuneak. Hortaz, atezain gazteak debuta egingo du Athleticekin partida ofizial batean. Ikusi egin behar nola erantzuten duen kompromiso handiko partida batean. Horrez gain, bihar erabakiko du Espainiako Kirol Diziplina Batzordeak behin-behineko baimena emango dion Muniaini jokatzeko. Erdilari nafarra ezinbestekoa da Athleticen. Jokatzen ez badu, Gabilondo ariko da haren ordez.
Reala, sufritzeko prest
Gozatzeko partida izan zitekeen biharkoa Realarentzat, zazpi jardunaldiko bolada beltz horretan etxeko lanak egin izan balitu. Xabi Prietok berak aste honetan esan du «irteerarik politena» dela San Mamesekoa. Arrazoirik ez zaio falta, horrelako partidek ematen baitiote gatza futbolari eta zentzua klubaren historiari. Bigarren Mailan erakargarririk gabeko hiru urte eman ondoren, gogoz hartu dute zaleek Lehen Mailako agertoki handietara joateko aukera, horretarako jaio baitzen Reala. Handia baita bera ere. Baina gogoz ez ezik, tentsio puntu batekin eta sufritzeko prest hartuko dute jarraitzaileek biharko derbia, jakin baitakite arriskua ez dela guztiz desagertu, ezta puntuak batzeko beharra ere.
Ezinbestekoa zen Sportingi irabaztea, eta lasaitasuna ekarri du garaipenak, baina taldea ez dago lasaitzeko moduan, ezta gutxiagorik ere. Badaki partida zaila duela biharkoa, sendo ari delako Athletic etxean eta berak ez duelako puntu bakar bat lortu Anoetatik at bigarren itzulian. Baina ondoren datozen norgehiagokak ere ez dira samurrak, Bartzelonari eta Valentziari egin beharko baitie aurre hurrengo bi jardunaldietan. Jaitsierarekiko bost puntuko abantaila eduki arren, gauzak zeharo korapila daitezke oraindik. Hala ere, mailari eusteko urrats handia egin dezakeela pentsatu behar du Realak. Baikor. 2001-2002ko denboraldian bezala. Bigarren itzuli zoragarria egin ondoren, San Mamesen ziurtatu zuen salbazioa matematikoki orduan.
Hori izan zen, hain zuzen ere, Realak bertan lortutako azken garaipena: 1-3. De Pedrok eta Jankauskasek gol ederrak sartu zituzten, eta Idiakezek sartu zuen lasaitasunarena, penaltiz. Harrezkero, neurria hartu zion Athleticek, eta ondorengo sei derbietan, bost garaipen eta berdinketa bat pilatu zituen. Bitxia bada ere, jaitsieraren urtean urratu zuen Realak puntu bakar hori. Hala ere, iragan hurbilari heldu nahi diote txuri-urdinek. Lehen itzulian, 2-0 hartu zuten mendean. Oso lan serioa egin zuten, diziplina eta motibazio handiarekin aritu ziren, eta bikain geldiarazi zuten Llorente, euskarrien laguntzarekin. Gora egin zuen Athleticek Ligan gero, eta behera Realak, baina bi taldeen artean ez dago maila alde handirik.
Joko onik ez zuen egin taldeak Sportingen aurka, baina bizitasuna berreskuratu zuen behintzat. Aurreko norgehiagoketan berdin jokatu izan balu seguru lasaiago ibiliko litzatekeela. Biharkoan ere, ezinbestekoa izango da horrela aritzea eta Athleticen hasierako bultzadari eustea. Min egiten diote Realari baloia ondo eta pazientziaz mugitzeko gaitasuna duten taldeek, baina Athleticek bestelako ezaugarriak dauzka. Joko zuzena eta zelai erdiko borroka baliatzen ditu San Mamesen, zaleek aupatuta. Realari ez doakio gaizki estilo hori, ustez. Biak ala biak daude Ligan erdiraketa gehien egiten duten taldeen artean. Hori bai, galdutako baloiak, kontraerasoak eta geldikako jokaldiak ondo zaindu beharko dituzte txuri-urdinek.
Ez dirudi Martin Lasartek hamaikakoa askorik aldatuko duenik. Llorente eta De la Bellarenak dira hutsune bakarrak. Demidov titular izango da, ustekaberik ezean, eta defentsa erdian nork lagunduko duen da zalantzetako bat. Labakaren alde egin zuen Lasartek azken jardunaldian. Zelai erdian, eskarmentua bilatu izan du uruguaitarrak biharkoaren gisako norgehiagoketan; Rivasek eta Aranburuk dute, beraz, aukera gehien euskarrian aritzeko. Aurrealdean, berriz, Ifran eta Tamudo dira hautagaiak. Ez dira gorpuzkera handiko jokalariak, eta azken jardunaldietan izan dutena baino laguntza handiagoa beharko dute, ez baitzaizkie baloi onak iritsi. Azkenik, adi Griezmanni. Hazi egiten da halakoetan, eta bi gol sartu berriak ditu.
Derbira, onenak emanda
Azken jardunaldian Osasunari eta Sportingi irabazi arren, Athletic eta Reala ez daude sasoikoBi taldeek egin barik dituzte etxeko lanak, eta puntu premiarekin zelairatuko dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu