Granada 3-0 Alaves

Desagertu egin da

Bigarren zati kaskar bat jokatu eta gero, Alavesek galdu egin du Granadan. Bi jokalari gutxiagorekin amaitu du partida, epaileak Wakaso eta Laguardia kanporatu baititu.

enaut agirrebengoa
2019ko abenduaren 7a
10:55
Entzun

Partidan sartuta zegoen. Lehiakor ari zen jarduten. Une batzuetan, gehiago ere ari zen izaten. Eta, bat-batean, desagertu egin da. Zaila da Alavesek Granadaren zelaian jokatu duen bigarren zatiari azalpena aurkitzea. Partida hutsean iritsi da atsedenera, baina arabarrak ez dira aldageletatik itzuli. Fisikoki zelaian egon arren, mentalki zeharo atera dira partidatik. Hiru gol jaso dituzte, eta hori gutxi balitz bezala, bi txartel gorri ikusi. Benetako amesgaiztoa izan da. Hori horrela, berpiztu egin dira etxetik kanpoko jardunaren inguruko zalantzak. Ipuruan irabazi arren, Alaves odol-husten ari da Mendizorrotzatik urrun. Gaurko lehiak sakondu egin du zauria.

Lehen zatia oso berdindua izan da. Parez pare lehiatu dira bi taldeak; areago, apur bat erosoago egon da Alaves. Joko zuzenarekin arazoak sortu dizkio Granadari, eta lehortu egin du etxekoen erasoko emaria, presio bizi eta aurreratua eginda. Eten asko egon da; ugariak izan dira faltak, eta lesio larriak izan dituzte Pinak eta Quinik. Bigarren zatian, berriz, zirimola bat bezala atera da Granada, eta aurretik eraman du Alaves.

Atsedenetik itzuli eta hiru minutura egin du 1-0ekoa, Carlos Fernandezen bitartez. Hamar minutu geroago, penaltia egin du Manu Garciak, eta Soldadok 2-0ekoa sartu.Jota gelditu da Arabako taldea, eta okerrena etortzeke zegoen oraindik. 67. minutuan bigarren txartel horia ikusi du Wakasok, neurriz kanpoko falta bat egin ostean. Granada nahieran zebilen, eta partida behin betiko erabaki du 77. minutuan, Herrerak egindako gol ikusgarriarekin. Eta bukatzeko, Laguardiari zuzenean txartel gorria erakutsi dio epaileak, norgehiagoka luzapenean zela. Sufrikario hutsa bizi izan du Asier Garitanoren taldeak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.