Ahitzen ari zitzaizkionean berreskuratu ditu indarrak. Realari luze egiten ari zitzaion liga amaiera arteko bidea, eta Europako helmugara ezin iristearen pentsamenduetan murgiltzen hasia zen, ezkor. Vila-realetik igaro behar zuen, gainera, azken neurketatan bisitarientzat urik gabeko iturria izan den lekutik. Nola diren gauzak, ordea: hantxe ase du garaipen egarria. Desertuko ura baino ederragoa iruditu zaio lehorteari akabera eman dion puntu sorta, 1-2 irabaziz.
Ofizioa erakutsi, eta garaipenaren bila atera da hasieratik Reala. Zelaian ondo kokatu da, eta azkar aurkitu du bere lekua. Ordu laurdena bete zenerako, aise ari ziren txuri-urdinak, eta baloia edukitzea izan dute helburu jokoaren gidaritza hartzeko asmoz. Etxeko taldeak lanak izan zituen nahieran aritzeko, eta igarri egin du aurreko jokalarien falta. Gerard Moreno golegile nagusiaren hutsuneak itsasargi gabe utzi zuen Vila-real. Hala, gutxika-gutxika, aurrera egin du Realak, eta aurkaria baino erasokorrago aritu da. Ander Barrenetxearen jokaldi bikain bat adibide; erdilari donostiarrak aise eraman du baloia aurkariaren area barruraino, eta, zenbait kontrariori izkin egin ostean, ez du asmatu ate aurrean.
Lehen zatian horixe falta izan zitzaion Imanol Alguacilen taldeari: eraginkortasuna. Gerturatu da horien atera, arriskua sortu du, baina baloia sareratzeko gaitasunik ez du izan: batzuetan, hiru zutoinen artera bota ez dutelako; besteetan, Asenjo atezainak asmatu duelako. Reala gehiago zen jokoan, eta, lehen ordu erdian, Vila-real tantaka iritsi da Miguel Angel Moyaren ate ingurura. Arrisku gutxi sortu du, falta batean izan ezik; txuri-urdinen atezainak ondo urrundu dute baloia.
Gero, partida orekatu egin den arren, bisitariek gehiagotan saiatu dira erasoan. Mikel Oiartzabalek ezker zangoarekin egindako jaurtiketa bat eta Alexander Isaken burukada bat izan dira Realak gola sartzeko izan dituen azken aukerak, atsedenaldiaren aurreko minutuetan. Hutsean amaitu zen lehendabiziko zatia.
Talde bakoitzak bazekien zertan zuen hobetua, eta horretan sakontzeko asmoz itzuli dira zelaira. Vila-real, baloiarekin patxada gehiagoren bila; txuri-urdinek, berriz, gola behar zuten, eta Imanolek Willian Joseri eman dio bere aletxoa jartzeko abagunea. Brasildarrak aprobetxatu egin du aukera. Partida 61. minutuan zela, Martin Odegaardek ondo jaurti du korner bat, eta aurrelariak, buruz, sareetara bota du baloia. Handik aurrera, ofizioa erakutsi du Donostiako taldeak. Vila-real saiatu da gerturatzen, baina alferrik, Realak handitu baititu aldeak. Estrategia jokaldi batean izan da, beste behin, korner batean; Diego Llorentek bakar-bakarrik errematatu du, baloia sareratuz. 74. minutua zen.
Eroso ari zen Reala, eta haizea alde zuela, minutuak igarotzea beste asmorik ez zuen. Handik gutxira, gauzak okertu zaizkio, ordea; Santi Cazorlak aldeak murriztu du 84. minutuan, eta Realak sufritu egin behar izan du. Neurketaren hondarrean, ondo eutsi diote markagailuari, eta garaipena eskuratu dute azkenerako. Europarako bidean hiru puntu oso garrantzitsu txuri-urdinentzat.