Danilo di Luca eta Ricardo Ricco izan dira gaur Italiako Giroko 19. etapan (Legnano-Presolana/Monte Pora, 228 kilometro) etekin handiena atera dutenak, Alberto Contador liderrarekiko tarte garrantzitsua jan dutelako. Contadorrek orain lau segundo kentzen dizkio Ricco bigarrenari -gaurko etapa hasieran 41- eta Di Luca hirugarrenari 21 -etapa hasieran 2.18-. Marzio Bruseghin dago laugarren -2.00ra-, Franco Pellizotti bosgarren -2.05era.-.
Mendiko etapa izan dute gaur -lehen mailako bi gailur izan dituzte azkeneko hamabi kilometroetan eta halako beste bat 172.ean-, eta Di Lucak eta Riccok indartsu daudela erakutsi dute. Aurrenak helmugarako 33 kilometro falta zirela jo du erasoa eta Riccok azkeneko mendatean.
Vasil Kirienkak irabazi du etapa. Kilometro askoan egon da ihes eginda, beste batzuekin batera, eta hura izan da indartsuena bukaeran. Di Luca sartu da bigarren, 4.36ra -hamabi segundoko gainsaria lortu du-. 5.45era iritsi da Ricco, 6.21era Contador.
Bihar korrituko dute 20. etapa: Rovetta-Tirano (224 kilometro). Itzuliko mendiko azkeneko eguna izango da. Ez da tontorrean bukatuko, baina Giroko mendirik garaiena igoko dute 106,9. kilometroan (Gavia) eta 174,8.ean Mortirolo gogorra. 207,3.ean Aprica bigarren mailakoa izango dute.
Etzi bukatuko da Giroa, Milanen, 28,5 kilometroko erlojupekoarekin.
Txirrindularitza
Di Lucak eta Riccok saltoa eman dute Giroan
Contadorrek lidergoari eutsi dio, justu: lau segundora du Ricco, 21era Di Luca. Kirienkak irabazi du etapa. Bihar, Gavia eta Mortirolo mendateak. Etzi bukatuko da itzulia, 28,5 kilometroko erlojupekoarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu