Munduko Kopa honetan Argentina noraino helduko den inork ez daki, baina orain arte egindakoagatik bakarrik ere, Angel Di Mariak merezi du omenaldia herrialdean. Estatua bat edo Buenos Aires erdi-erdian. Bera ari da selekzioari eusten. Berak hausten ditu aurkariaren lerroak, berak uzten ditu atzean aurkariak, berak egiten ditu jaurtiketa gehienak area ertzetik, bera da hegalean eta erdian dabilena, bere taldearen joko ezak sortzen dituen korapiloak askatzen. Di Maria da Argentina, eta gaur, futbolak ohore egin dio: Suitza menderatzeko gola egin du, 117. minutuan, penalti jaurtiketak gainean zirela.
Eta gola sartu arren, penaltien mamu beltza gainean izan du Argentinak. 120. minutuan, Dzemailik zutoinera bota duelako balia buruz. Zorte ona aldeko izan du Argentinak, eta alde horretatik Brasilen pare dabil Sabellaren taldea. Jokorik apenas, eta irabazle beti, hala ere. Noiz arte horrela?
Suitzak behar zuena egin du. Aurreko hiru partidetan gabeziak izan ditu sendoa izateko orduan, eta Hitzfield azeri zaharra da. Baloiaren atzetik lan sendoa egiteko antolatu ditu jokalariak. Lauko bi lerro elkarren gainean ia, eta Messik baloia hartzen zuen oro, bizpahiru jokalari parez pare. Egoera horiek irakurtzen ez du jakin izan Messik, bakarkako jokaldietan itsutu egin delako ia beti. Hori baino errazagoa da eragiketa: berak hiru aurkari baditu bere inguruan, bere taldekide bi bakarrik egongo dira, ezta?
Argentinak izan du jokoaren ekimena ia partida osoan, luzapeneko lehen zatian izan ezik. Baloia bai, aukerak bai baloiarekin Suitza menderatzeko, baina argitasunik ez. Jokoa sortu egin behar da, eta sortzen hasten da euskarrien lekuan askotan. Bada hor Mascherano eta Gagorekin jarraitzen du Sabellak, eta nekez izango du argitasunik jokoan bi horiekin. Di Maria azaldu izan den aldiro piztu zaio argia Argentinari. Ez du taldeko jokorik taldeak, dena da buruzko buruko jokaldia saiatzea, eta ateratzen bada, ondo. Erasoan lekuak ondo hartzea falta zaio Argentinari, ikusiz aurkariak non duen zuloa min emateko. Baina nekez mugitzen dira baloiaren aurretik daude jokalariak, Di Maria izan ezik. Eta Rojo ezker hegaleko atzelariaren igoerak dira beste indargunea Argentinan. Baina oso gutxitan heltzen da aurkaririk gabeko parean; horrek ere adierazten du Argentinak ez duela baloia ondo erabiltzen erdian, gero hegaletan zuloak izateko.
Suitzak izua bitan eragin dio Argentinari lehen zatian. Xakharen jaurtiketa batean, eta Drmicek inozo egin duen erremate batean, Romero atezaina bide erdian geratua zenean. Aukerak kontatzen segituz, Argentinarenak area erzeko jaurtiketak izan dira asko, eta Benaglio suitzar atezainak txapelketako partida onena egin du. Goiko baloietan ere seguru aritu da.
Gauzak horrela, luzapena zetorren, eta etorri da. Ezustean, Suitzak hartu du jokoaren ekimena, Argentina hautsi eta nekatu egin delako. Heldu, heldu da Romeroren area ingurura, baina hortik aurrera ezer ere ez. Eta gainera, Argentinak kontraerasoren bat harrapatzeko arriskua. Luzapeneko bigarren zatian, gauzak berera joan dira. Lehengora. Baina golik ez, aukerak ere apenas... Suitzak zelai erdian, hegal batean, baloia galdu duen arte. Messik hartu du, hasi da lasterka zuloa zuela parez pare, eta Suitzako atzelariak itxi egin direla baliatuz, Di Mariari pasatu dio baloia, eta honek lehen ukituan, barrura. Berak izan zuen behar zuen salbatzailea, eta ez diezaiola Messik titularrik kendu oraingoan. Bakoitzari berea.