Vladimir Diattchine errusiarrak eta Viola Valli italiarrak zintzilikatu zituzten atzo, hamar kilometroetako urrezko dominak. Bai Diattchinek bai Vallik Bartzelonako Munduko Txapelketako podiuma zapaldua zuten aurretik: igerilari errusiarrak brontzea irabazi zuen 5 kilometroan eta italiarrak urrea proba berean. Atzoko garaipenarekin, gainera, Vallik letra larriz idatzi du bere izena igeriketaren historian. Izan ere, italiarrak urrezko bi domina irabaziak zituen 2001. urteko Fukuokako Munduko Txapelketetan (5 eta 25 kilometroko probetan).
Diattchine eta Valliren garaipenak oso antzekoak izan ziren, bi igerilariek ondo baino hobeto baliatu baitzuten euren abiadura azken metroetan aurkari guztiak atzean utzi eta urrea irabazteko. Gizonezkoetan, Christian Hein alemaniarra eta David Meca espainiarra sailkatu ziren bigarren eta hirugarren. Emakumezkoetan, aldiz, Angela Mauer alemaniarra eta Edith Van Dijk herbeheretarra.
Japonia nagusi igeriketa sinkronizatuko konbinatuan
Igeriketa sinkronizatuko taldekako konbinatuko finala ere jokatu zen atzo. Modalitate hau berria da, eta bere lehen agerraldian ikusle askoren arreta bereganatu zuen. Finalean Japoniako selekzioa izan zen jaun eta jabe, urrezko domina eskuratuta. Ameriketako Estatu Batuek (AEB) eta Espainiak, berriz, zilarra irabazi zuten.
Eguneko azken finala emakumezkoen 10 metroko tranpolinekoa izan zen. Lao Lishi eta Na Li jauzilari txinatarrak ziren urrezko domina irabazteko faborito nagusiak. Finalerdietan maila bikaina eman zuten, lehen bi postuetan sailkatuta. Loudy Tourky australiarra zen txinatarretatik gertu zegoen jauzilari bakarra. Baina finalean txinatarrek kale egin zuten, edo hobeto esanda, Emilie Heymnans kanadarra bikain aritu zen. Atzetik aurrera eginda lortu zuen urrezko domina Heymnansek, eta txinatarrek podiumeko bigarren eta hirugarren koskan egotearekin konformatu behar izan zuten: Lishi zilarra eta Li brontzea.
IGERIKETA
Diattchinek eta Vallik irabazi dute urrea hamar kilometroetan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu