ACB ligako taldeen aurkezpena. Baskonia. Tornike Xengelia. Baskoniako jokalaria

«Dibertigarria da Prigionirentzat jokatzea; askatasuna ematen digu»

Garrantzitsua izango dela esan dio entrenatzaileak Tornike Xengeliari, eta berak gustura hartu du erronka. Zoritxarrez, ezin izango du sasoia hasieratik hasi, min hartu baitzuen ezker orkatilan Baskoniak jokatutako azken lagunarteko partidan.

Imanol Magro Eizmendi.
Gasteiz
2017ko irailaren 27a
00:00
Entzun
Baskoniak etzi hasiko du denboraldia, Bartzelonaren pistan, ACB ligako partidan. Baskoniak iragan astean antolatu zuen hedabideei kasu egiteko eguna, eta Tornike Xengeliak (Tbilisi, 1991) min hartu aurretik egin zion kasu BERRIAri. Hegal pibotak iragan igandean okertu zuen ezker orkatila lagunarteko partida batean, eta bi asterako du oraindik.

Zer moduz dago taldea? Zein traza hartzen diozu?

Talde ona dugu, jokalari berri asko ditugu, baina denbora izan dugu elkar ezagutu eta egokitzeko. Taldeko kimika lortu dugu, eta talentu asko dago.

Zer nabarmenduko zenuke?

Esan dudana, talentua badagoela. Jokalari onak etorri dira uda honetan. Horrez gain, gaztetasunaren eta eskarmentuaren arteko nahasketa polita dugu. Talde gutxi daude Europan hiru bertute horiek dituztenak.

Beste urte batzuetakoarekin alderatuta, zer moduzkoa da?

Oraindik goizegi da horren inguruan ezer esateko. Baina ni baikorra naiz entrenamenduetan ikusten ari naizenarekin.

Ugazaba berria duzue: Pablo Prigioni. Zer moduz moldatzen ari zarete bere aginduetara?

Oso ondo. Oraingoz, ez diot ezer txarrik ikusi Prigioniri. Oso dibertigarria da harekin jokatzea.

Dibertigarria? Zergatik? Zein joko du gustuko, bada?

Bakarkako teknika asko lantzen dugu, jokalari bakoitzak bakarkako lan asko egiten du. Jokalariari hobetzen laguntzen badiozu, hark taldeari lagunduko dio. Oso libre jokatzen dugu, askatasun askorekin, baina hori bai, zentzu onean. Jokaldi asko ditugu defentsaren arabera aldatzen direnak. Defentsa irakurri behar dugu, eta horren arabera erabaki nola jokatu sistema.

Prigioni duela gutxira arte izan da jokalari. Agian horregatik izango da?

Baliteke, ez nuke ezetzik esango. Ni gustura ari naiz haren lan egiteko moduarekin, zorionekoa naiz harekin lan egiten dudalako.

Harekin jokatu duzu. Oso ezberdina da harremana orain?

Ez hainbeste. Nik gutxi jokatu dut harekin, eta, orain, entrenatzaile-jokalari moduan, ez daramagu hainbeste denbora elkarrekin. Esango nuke gure arteko harremanean ez dela aldaketa handirik egon. Oraindik ere noizean behin jaurtiketa lantzeko ariketak egiten ditu gurekin; jokatzeko moduan dago.

Laugarren denboraldia duzu Baskonian, eta, 25 urte izanagatik, taldeko beteranoetako bat zara honezkero.

Ardura bat da hori, eta gustuko dut. Iritsi berri den taldekideren batek edo gazteren batek laguntza behar duela ikusten badut, eskaini egiten diot. Azalpenen bat behar badute, nik ematen diet. Gustatzen zait rol hori.

Kapitaina zara azken finean.

Ohore bat da Baskoniako kapitain izatea. Erantzukizuna handia izan da beti, eta, orain, are gehiago

Prigionik jendaurrean esan du «jokalari garrantzitsua»zarela.

Harekin hitz egin dut gaiari buruz, eta hori esan zidan: beretzat jokalari garrantzitsua naizela eta taldearentzat ere garrantzitsua izango naizela. Gozoa da entrenatzaileak eta taldeko jendeak niri buruz hori pentsatzen duela jakitea. Ahal dudan guztia egingo dut taldeari laguntzeko.

Askorentzat ezustekoa izan da Xengeliak taldean jarraitzea. Iragan sasoian mundu guztiak zioen: «Toko badoa», eta ez da joan. Zergatik?

Nik esan nuen nire helburua NBAn jokatzea zela, eta hala da oraindik. Baina esan nuen ere Europan geldituz gero Baskonian egon nahi nuela. Talde honetan historia egin nahi dut, mugarri bat ezarri, eta toki batean egonkortu, batetik bestera mugitzen egon gabe. Azkenean NBAkoa ez zen atera, eta ni Gasteizen nago. Esandakoa bete dut. Eta pozik nago hemen nagoelako.

Egunkarietan zabaldu zen bazindoazela, Real Madrilek fitxatu zintuela... Halakoak irakurtzean zer pentsatzen duzu?

Ezer ez berezirik, ni lasai nago. Nik %95ean erabakia garbi nuen, baina hori idazten duenak ez daki hori hala denik, eta horregatik ez nau harritzen halako albisteak agertzeak. Kazetariek edozer gauza jar dezakete.

Euroliga eta ACB ligaren artean 70-75 partida inguru jokatu beharko dituzue sasoi honetan, ia NBAn adina. Nola presta daiteke horretarako?

Zaila da, gogorra. Baina, beste alde batetik ikusita, dibertigarria ere bada, guk gehien maite duguna partidak jokatzea delako.

Titulu bat irabaztea gustatuko litzaizukeela esan duzu. Posible al da Baskonian?

Hemen nagoenetik, urtero uste izan dut titulu bat irabaz dezakegula, baina denboraldi honetan are gehiago. Iragan sasoitik gaudenok jokalari moduan hazi egin garela iruditzen zait. Etorri direnek, berriz, talentu handia dute, eta eskarmentua. Benetan diot, uste dut titulu bat irabazteko aukera izan dezakegula. Zazpi urte dira ez dela titulurik irabazi, eta nik neuk gogo bizia dut hori aldatzeko.

Sasoi hasiera gogorra da. ACB ligako lehen partida Bartzelonaren aurka jokatuko duzue, ostiral honetan. Han ezagun asko dituzu. Euroligan, berriz, lehen lau partidetatik hiru etxetik kanpo jokatuko dituzue.

Bartzelonaren aurkako neurketa erakargarria da, baina ezin gara lagunengan pentsatzen egon. Sasoi hasierara ahalik eta hobekien iristen saiatu behar dugu. Garrantzitsua izango da ondo ekitea, konfiantza hartu, eta egiten ari garen lana sendotzeko.

Lau urte daramatzazu jada Gasteizen. Dagoeneko ezaguna izango zara kalean.

Erdialdetik paseatzea gustatzen zait, eta kalean jendeak hitz egiten dit, eta beti mezu baikorrak helarazten dizkidate. Oso gustuko dut saskibaloiaz dakien jendearekin hitz egitea, eta Gasteizen asko daude. Plazera da.

Bide batez, ba al zenekien Euskal Herria eta Georgia lotzen duten ikerketak egon direla?

Eskolan ikasi genuen, bazegoela lurralde bat Europako beste aldean Euskal Herria deiturikoa, bertako jendeak eta hizkuntzak Kaukasoko jatorria zuena, Georgia ingurukoa. Hona iritsi nintzenean bertakoei galdetu nien, ea hori han bakarrik ikasten genuen, eta hemen ere hori ikasten zela esan zidaten.

Euskarak eta georgierak harremana dutela uste duten ikerlariak badaude.

Hitz batzuk omen daude antzekoak, baina nik ez ditut identifikatu. Nik lau hizkuntza hitz egiten ditut: georgiera, errusiera, ingelesa eta gaztelania.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.