Txirrindularitza

Diego Ulissi, dinamita itxuran

Diego Ulissi italiarra (Lampre) izan da indartsuena Giroko bosgarren etapan, Viggianoko aldapan, eta liderraren maillotari eutsi dio Michael Matthewsek (Orica).

Ulissi, garaipena ospatzen. L. Z., EFE
unai zubeldia
2014ko maiatzaren 14a
17:36
Entzun

Azken 300 metroetan erritmo aldaketa indartsua eginda, Diego Ulissi italiarra (Lampre) nagusitu da Italiako Giroko bosgarren etapan, Viggiano laugarren mailako aldapan. Egun osoan Orica aritu da lanean tropelean, 11 txirrindulariko ihesaldia gertutik kontrolatuz, eta, azken aldapara bidean, BMCk eta Katuxak hartu dute lasterketaren ardura. Gianluca Brambilla (Omega) igoeraren azken kilometroan harrapatuta, Angel Vicioso, Dani Moreno, Joaquim Rodriguez (Katuxa), Julian David Arredondo (Trek) eta Edvald Boasson Hagen (Sky) bakarrik geratu dira aurrean. Baina Michael Matthews liderrak berak (Orica) elkartu ditu bi tropeltxoak, eta, azken esprintean, itota utzi ditu denak Ulissik. Cadel Evansek (BMC) egin du lehen mugimendua, baina italiarrak segundo bateko aldea atera die, azkenerako, gainerako faboritoei. Igoera bikaina eginda, Matthews abiatuko da bihar ere liderraren maillotarekin.

Ondorio larriegirik gabe, baina lurretik bueltan ibili dira, besteak beste, Jonathan Castroviejo (Movistar) eta Mikel Landa (Astana). Sassano eta Montecassino artean, seigarren etapa jokatuko da bihar, 247 kilometrokoa. Montecassino bigarren mailako mendatean amaituko da etapa. 8,5 kilometro eta %5eko batez besteko aldapa dauka igoera horrek.

Sailkapenak:

Etapa:

1. Diego Ulissi (Lampre)           5.12.39

2. Cadel Evans (BMC)                    1era

3. Julian David Arredondo (Trek)    d.b.

4. Rigoberto Uran (Omega)              d.b.

5. Rafal Majka (Tinkoff)                      d.b.

Nagusia:

1. Michael Matthews (Orica)     17.41.23

2. Pieter Weening (Orica)                14ra

3. Cadel Evans (BMC)                   15era

4. Rigoberto Uran (Omega)            19ra

5. Rafal Majka (Tinkoff)                    26ra

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.