Aberatsen multzoari dagokionez, arrakastaren araberakoa izan da dirua aurreztea edo erabiltzea. Bartzelonak arrakasta handia lortu zuen joan den sasoian, eta apenas egin duen aldaketarik. Jordi Triasek utzi du taldea, eta Kosta Perovic erraldoia fitxatu dute. Real Madrilek, aldiz, ez zuen titulurik lortu, eta Ettore Messinari baimena eman diote milioi euro batzuk erabiltzeko. Berak nahi baino gutxiago, dena den. Milioi euro asko poltsikoratuko dituen jokalari sorta bat fitxatu du Madrilgo taldeak: Sergio Rodriguez eta Carlos Suarez espainiarrak eta D'Or Fischer eta Clay Tucker estatubatuarrak. Unicajak ere tentuz jardun du. Diru asko ordaindu du Terrel McIntyre joko antolatzailea fitxatzeko, baina hortxe bukatzen da haren ahalmena, Uros Tripkovic eta Panchi Barrera ez direlako lehen mailako jokalariak.
Valentzia eta Cajasol adibide bikainak dira, dirutza ikaragarria inbertitu gabe talde txukunak nola osa daitezkeen jabetzeko. Biek ala biek talde interesgarriak osatu dituzte, eta talde handiek baino sos gutxiago erabilita. Valentziak Omar Cook, James Augustine, Dusko Savanovic eta Robertas Javtokas fitxatu ditu. Izarrak izan gabe jokalari onak denak, Savanovic batez ere. Cajasolek ere hazten jarraitzeko borondatea erakutsi du, eta hauek fitxatu ditu: Louis Bullock, Txemi Urtasun, Mindaugas Katelynas, Kaloyan Ivanov eta Paul Davis.
Aurreko denboraldian zortzi onenen artean sailkatu ziren beste bi taldeek ere joera bera izan dute. Estudiantesek Ty Ellis, Jiri Welsch, Marc Blanch eta Josh Asselin fitxatu ditu. Ellisek eta Blanchek itxura ona eman zuten joan zen denboraldian; Welschek eta Asselinek ez hainbeste. Kanaria Handiak bere kirol politikari eutsi dio. Oraingoz izen handirik ez duten atzerritarrak fitxatu, urte batzuk barru haiek saldu eta etekin ekonomikoa lortzeko. Xavi Rey, Javier Beiran, Taurean Green eta C. J. Wallace Michael Bramos eta Spencer Nelson baino ezagunagoak dira.
Hamargarren postutik behera sailkatu ziren taldeek ere ahalegin handia egin dute euren jarduna hobetzeko asmoz, baina haien muga ekonomikoak askoz handiagoak dira, eta apustu arriskutsu franko egin dituztela esan daiteke. Granadak Paulao Prestes brasildarra, Reece Gaines estatubatuarra eta Mario Fernandez kataluniarra fitxatu ditu. Joventutek ere jokalari politak fitxatu ditu, aurrekontua %40 inguru murriztuta ere. Will McDonald eta Jordi Trias pibotak, Carl English Baskoniako jokalaria izandakoa eta Russell Robinson joko antolatzaile estatubatuarra.
Euskal taldeei dagokionez, hiruretan aberatsenak fitxatu ditu jokalari sonatuenak. Baskoniak David Logan, Nemanja Bjelica, Florent Pietrus eta Marcus Haislip ekarri ditu. Bjelicaren etorrera da, batez ere, harrigarria, Europa erdiak nahi zuelako hegaleko serbiarra fitxatu. Bilbo Basketek Aaron Jackson, Kostas Vasileiadis, Axel Hervelle, Dimitrios Mavroeidis eta Eduardo Hernandez-Sonseca fitxatu ditu, eta Gipuzkoa Basketek, Javi Salgado, Lander Lasa, Jimmy Baron, Alfonso Sanchez, Mohamed Kone eta Nikoloz Tskitixvili.
Apustu arriskutsuak
Beste taldeetan ondo begiratu behar da jokalari ezagunen bat bilatzeko, baina badaude batzuk. Jason Robinson Valladoliden ariko da. Hegaleko estatubatuarra Urrezko LEB ligako saskiratzaile onenetakoa izan da azken bi sasoietan. Fuenlabradak Kristaps Valters joko antolatzailea berreskuratu du, eta Lubos Barton txekiarra fitxatu. Begiratzen zaion ispilutik begiratuta, apustu arriskutsuak.
Urrezko LEB liga atzean utzi eta onenekin batera lehiatuko diren bi taldeek ere jokalari franko fitxatu dituzte, batez ere Zaragozak, orain dela bi urte gertatu zitzaiona ez gertatzeko: maila galtzea. Chad Toppert jaurtitzaile fina hartu dute NBAko Garapen Ligatik, Andres Miso espainiarraz gain, eta saskipean ere bi jokalari on dituzte: Adam Chubb, Gasteizen jokatutako Eurokopako Lauko Finalean Bilbo Basket txikitu zuen ezezaguna, eta Rafael Hettsheimeir handia. Menorca Basquetek Jakim Donaldson pibotaren bizkar gain jarri du bere arrakasta. Donaldson Urrezko LEB ligako jokalari onena izendatu zuten aurreko sasoian; partidako hamazazpi puntu eta 11 errebote lortu zituen. Raviv Limonad israeldarra eta Ivan Radenovic serbiarra ere Urko Otegi pasaitarraren taldekide izango dira.
Fitxaketa nagusiak
Baskonia. David Logan, Florent Pietrus, Marcus Haislip eta Nemanja Bjelica.Bartzelona. Kosta Perovic.
Real Madril. Sergio Rodriguez, Carlos Suarez, D'Or Fischer eta Clay Tucker.
Unicaja. Telle McIntyre, Uros Tripkovic eta Panchi Barrera.
Valentzia. Omar Cook, James Augustine, Dusko Savanovic eta Robertas Javtokas.
Cajasol. Louis Bullock, Txemi Urtasun, Mindaugas Katelinas, Kaloian Ivanov eta Paul Davis.
Estudiantes. Ty Ellis, Jiri Welsch, Marc Blanch eta Josh Asselin
Kanaria Handia. Xavi Rey, Javier Beiran, Taurean Green, C. J. Wallace, Michael Bramos eta Spencer Nelson.
Bilbo Basket. Aaron Jackson, Dimitrios Mavroeidis, Eduardo Hernandez-Sonseca, Axel Hervelle eta Kostas Vasileaidis.
Granada. Paulao Prestes, Reece Gaines eta Mario Fernandez.
Joventut. Will McDonald, Jordi Trias, Carl English eta Russell Robinson.
Valladolid. Jason Robinson.
Gipuzkoa Basket. Lander Lasa, Javi Salgado, Mohamed Kone, Jimmy Baron, Alfonso Sanchez eta Nikoloz Tskitixvili.
Fuenlabrada. Kristaps Valters eta Lubos Barton.
Zaragoza. Chad Toppert, Andres Miso, Adam Chubb eta Rafael Hettsheimeir.
Menorca. Jakim Donaldson, Raviv Limonad eta Ivan Radenovic.