Futbola-Lehen Maila

Distira falta zaio Osasunari (1-0)

Osasunak jarrera ona izan du, eta ez da aurkaria baino gutxiago izan, baina trabatuta ibili da Granadaren sarean . Geldikako jokaldi batean hartu du gola

Duarte Granadakoa eta bere taldekideak, erdiko atzelariak atzoko partidan sarturiko gola ospatzen. MIGUEL ANGEL MOLINA / EFE
Imanol Magro Eizmendi.
2019ko urriaren 18a
09:04
Entzun

Gola. 1-0: Duartek (37. min.). 
Epailea. Estrada Fernandez. Txartel horiak: Granadako Fernandezi; eta Osasunako Estupiñan, Avila, Oier, Aridane, Moncayola eta Brandoni, eta gorria Osasunako Meridari (92. min.).

Zerbait falta zaio Osasunari. Erasoan kamutsa da, eta lanak fruitu gutxi ematen dio. Asko behar du arrisku gutxi sortzeko. Saiatzen da, presionatuz, lapurtuz, geldikako jokaldietan... Baina izugarri kostatzen zaio lerro artean jokatu eta gol aukerak sortzea. Distira falta zaio, argia... Atzo ez zen izan Granada baino tgutxiago, parean ibili zen, eta puntu bat lortzeko adina egin zuen. Baina ez zuen lortu, kalitatea falta izan zitzaion. Gabezia hori dagoenean ezin da hutsik egin atzean, garesti ordaintzen direlako, eta Los Carmenesen, gaizki zaindutako falta izan zen. Jakina zena ikusi zen beste behin, Osasunak izerdi asko bota beharko du mailari eusteko. 

Partida lakarra izan zen, ikuskizun gutxikoa. Bi taldeek lubaki bana egin zuten euren areatan eta tarteko zelai zati horretan mugitu ziren. Belarra lehor zegoen, gogor, eta epaileak azken unean agindutako ureztatzeak ere ez zion lagundu. Osasuna, halere, hobeto egokitu zen baldintzetara, bai behintzat lehen zatian. Zelai erdiko borrokan gaina hartu zion Granadari, eta susto pare bat eman zituen geldikako jokaldietan. Ordaina ere izan zuen halere, hiru txartel hori ikusi zituen. Epailea Osasunarekin itsutu zen. 

Aukerei dagokienez, zati nahiko antzua izan zen. Atezainek ia ez zituzten eskularruak zikindu. Oreka horretan, dena den, Osasuna hobea izan zen, partidaren agintea izan zuen, eta horri esker aukera garbia izan zuen (29. min). Brasanac ate aurrean bakarrik gelditu zen, eta haren jaurtiketa Rui Silvak gelditu zuen. Granadak, aldiz, ia ez zuen aukerarik izan, baina atera eginiko jaurtiketa bakarra baliatu zuen 1-0ekoa egiteko (37.min). Falta batean izan zen. Duartek Osasunaren atzeko lerroko jokalariei aurrea hartu zien, eta area txikian erremate gogorra egin zuen buruz. Atzelariak bigun ibili ziren, eta atezaina gaizki. Ruben ez zen mugitu ateko marratik. 

Gola bizkarrekoa izan zen, baina Osasunak erreakzionatu zuen, eta gorago presionatu zuen bigarren zatian. Ez zegoen beste erremediorik, Granada talde zaildua da errenta motzak gordetzen, eta partidako erritmoa hausteko trikimailu guztiak dakizki. Osasuna, bitartean, gogotsu aritu zen, baina argia falta izan zitzaion lerroak gurutzatzeko. Etxekoek nahi zuten partida jokatzen ari zen, eta gorritxoek ez zuten aldatu gidoia. Aukera gutxi izan zituen gainera, eta onena 40 metrotik egindako jaurtiketa bat izan zen. Torresek Rui Silva aurreratuta ikusi zuen, eta ezustean harrapatzen saiatu zen. Zorian egon zen, atezainak baloia hatz puntekin ukitu, eta langara joan baitzen. 

Azken minutuetan Osasunak are gehiago egin zuen gora, baina zuloak utzi zituen atzean. Presaren lanak ziren, eta gertuago egon zen etxekoen bigarren gola gorritxoen aurrenekoa baino. Zortea izan zuen. Eromenaren erdian, Fran Meridak bere burua egotzi zuen 92. minutuan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.