Funtzioa amaitzear da. Baina agurreko agertokia bereziki zaindu dute, festari amaiera distiratsua emateko. Arabiar Emirerri Batuetako hiriburua da Abu Dhabi, Bilbo baino zertxobait handiagoa. Milioi bat pertsonatik behera bizi da bertan, baina petrodolar mordoa darie, eta 1 Formula zirkuitua egin nahi izan dutenean ez dira edozerekin konformatu. Maila goreneko zirkuitua da, automobilismoaren maila gorena hartatzeko.
Duela hiru urte Bernie Ecclestone 1 Fomulako buruak bertara egindako bisitan bururatu zitzaion Khalifa bin Zayed Al Nahayan presidenteari Sari Nagusia antolatzearen ideia. Arabiarrek interes ekonomiko handiak dituzte 1 Formulan, ez soilik lasterketak antolatzen, Ferrari nahiz McLaren taldeetan parte hartzen baitute. Hasiera batean harreman komertzial horien jarraipena egiteko asmoarekin joan zen Ecclestone, baina afarian agertu zen lasterketaren ideia.
Berehala jarri zen martxan antolaketa. Zirkuituaren diseinua Hermann Tilke diseinatzaile alemaniarrari enkargatu zioten, eta Yas irlan kokatzen da. Hortik datorkio Yas Marina izena zirkuituari, baina inguru hartan zirkuituaz gain, aisiaguneak eraikiko dituzte. Haien artean Ferrariri buruzko parke tematikoa eta ur-parke bat daude, une honetan eraikitze lanetan. Zirkuitua nolakoa den ikusi besterik ez da, beste lanak ere nolakoak izango diren imajinatzeko.
Zirkuitu berezia
Ezohiko zenbait puntu ditu zirkuituak. Ikusleei begira eginikoa da, ikuskizuna estandar berrietara eraman nahi duena. Harmailak ahalik eta gehien gerturatu dira pistara, baina segurtasun arrazoiengatik beharrezko diren ihesguneek distantzia gehiegi inposatzen dute gehienetan. Abu Dhabin horri konponbidea jarri diote: harmailak zertxobait altuago daude, eta ihesgunea horien azpian gelditzen da. Hala, autoren bat pistatik ateraz gero, ikusleen azpiko ihesgunean geldituko da. Ez da bihurgune guztietan erabili, baina bai zuzengune nagusiaren amaieran.
Zuzengunea bera ere aipatzekoa da, zirkuitu guztien artean luzeena baita. 1,2 kilometro da luze, eta ondoren balaztatze bortitza dago. Hala ere, ez da zirkuitu azkarra, hiri barnean korritzen baita. Euria egitea ez da oso ohikoa han, baina hala gertatuz gero, ikusle guztiak estalpean daude, beste inon ez bezala. Eta estalpe horietako bat hotel bat da. Izan ere, bost izarreko Yas Hotel delakoa zirkuituaren gainean eraiki dute, eta gidari askok bertan emango dute asteburua. Ez da gela librerik gelditzen.
Eta estalpe bereziez hitz eginda, ezin utzi aipatu gabe box-etako irteera. Hiri barneak dituen espazio mugak bultzatuta, box-etako irteera zirkuitu azpitik igarotzen da, eta, hortaz, tunel zati batez osatua dago. Hainbeste lan halako denbora tarte laburrean egiteko, 14.000 langile aritu dira beharrean, eta guztira 35 milioi ordu zenbatu dituzte. Dirutan, aldiz, ondo eseri ondoren irakurri beharreko aurrekontua izan du: 26.600 milio euro.
Baina guztia ere ez da hain borobila. Zirkuitua ikuskizun modura planteatu dute, eta historikoa izango da gauza batzuengatik, baina ez automobilistikoki duen mailagatik. Erabat zapala da, ez du gidari onak eta txarrak banatzen dituen bihurgune azkarrik, eta, oro har, guztiak oso sintetikoa dirudi. Automobil kulturarik ez duen herri batean txertatua dirudi, arrazoi ekonomikoak hala bultzatuta. Pena da Kanadak tokirik ez izatea, eta Abu Dhabik urte askorako lekua bermatua izatea.
Benetako protagonistek atzo osatu zuten irteera parrilla, eta urteko laugarren pole-a lortu zuen Lewis Hamiltonek. McLarenek sendo amaitu du urtea, eta, atzoko maila ikusita, beste garaipen batekin agur dezake urtea. Kale arteko zirkuituak gustuko ditu ingelesak, eta Singapurren bezala, Abu Dhabin ere lortu du lehen postua.
Distira, Hamiltonena
Sasoiko azken proba jokatuko da gaur Abu Dhabiko zirkuitu ikusgarrian, eta ingelesa irtengo da 'pole'-tik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu