Gescrap Bizkaia. Jackson (8), Blums (7), Mumbru (5), Hervelle (2), D'Or Fischer (8) —hasierako bostekoa—; Fisher, Mavroeidis (10), Banic (12), Raul Lopez (4), Vasileaidis (6) eta Grimau (6).
CAI Zaragoza. Van Rossom (5), Wright (16), Stefansson (13), Aguilar (9), Hettsheimeir (4)—hasierako bostekoa—; Almazan, Marin, Rhodes (3), Fontet eta Toppert (7).
Markagailua. 16-16, 32-29 (atsedenaldian); 51-44 eta 68-57.
Epaileak. Bertran, Guirao eta Sacristian. CAI Zaragozako Rhodes kanporatu zuten (34. min.).
Bestelakoak. 8.203 ikusle Miribillan.
Bizkaiaren 18. garaipenak ez du lekurik izango bideotekako txoko politean, baina bai garaipen garrantzitsuen txokoan. Distirarik gabe lortzen diren garaipenek ere bere balioa dutelako. Halakoxea izan zen Gescrapek atzo lortu zuena, laugarren postua lortzeko deman sartuta mantentzen duena. 30 minutu luze itxaron behar izan zituen norgehiagoka hausteko, eta oso gorabeheratsu jokatu. Minutu sorta on bat, eta bestea kaskar samarra. 0-11 galtzen hasi zen Katsikarisen taldea, behar adinako tentsiorik gabe kantxaratu zelako. Zorionez, eta Aaron Jacksonen kemenari, esker, 16na berdindu zuen lehen laurdena bukatu zenerako, eta partidan sartu zen bete-betean.
Joko pobrea erakutsi zuten bi taldeek, jaurtiketetan portzentaje kaskarrak lortu zituztelako. Bizkaiari mundua kostatzen zitzaion saskiratzea, eta sarri erasoko errebotearen bitartez lortzen zuen. Mavroeidis ondo aritu zen alor horretan. CAI Zaragozari dagokionez, Jon Steffansson islandiarra izan zen onena, punteria apur bat eduki zuen bakarra. Bizkaiak meritua eduki zuen gabezia horretan, Blumsek eta Josh Fisherrek kate motzean lotu baitzuten Bracey Wright, Aragoiko taldeko saskiratzaile onena. Ondo ez, baina Gescrap aurretik erretiratu zen aldageletara, errenta apalarekin: 32-29.
Egiten ari ziren akatsak ondo aztertu zituzten, nonbait, atsedenaldian, egurrean bueltatu baitziren beltzekoak. Aitaren batean 38-29 aurreratu ziren etxekoak, 6-0eko partziala lortuta, eta partida geratu behar izan zuen Jose Luis Abos CAIko entrenatzaileak. Zonakako defentsa agindu zuen, eta bete-betean asmatu, Wrightek eta Toppertek 38-36koa jarri baitzuten. Bizkaia nahi eta ezin zebilen, hirukoetan asmatu ezinik (hamahiru aldiz saiatu zen, eta denak kale).
Raul Lopezen magia
Hirugarren laurdena bukatzeko zortzi segundo geratzen zirela hiru puntuko alde eskasa zeukan Bizkaiak, baina azken jokaldian Raul Lopezi eman zioten ardura, eta kataluniarrak hiruko dotorea sartu zuen. Hiru puntu baino ez, baina hiru puntu erabakigarri, taldeko lehena zelako eta indarra eman baitzion taldeari. Hainbesteraino, Bizkaiak partida hautsi zuela laugarren laurden hasieran. 57-45 aurreratu zen Banic kapitaina eta D'Or Fischerren minutu onei esker, eta bere onetik atera zen Abos, epaileek falta teknikoa adierazi zioten arte. Hortxe bukatu zen CAI, eta lasaitu Bizkaia, markagailuak 64-50 zioela. Jokoa onegirik egin gabe, baina garaipenak lortuz. Txarra ez.
Gescrap Bizkaia 68. CAI Zaragoza 57
Distirarik gabe ere balio du
Partida kaskarra jokatu du Gescrapek, baina garaipena lortu eta laugarren izateko lehian sartuta jarraitzen du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu