Daniel Aggerrek nahi gabe egin du toki bat Hegoafrikako Munduko Kopan. Nahi gabe, ez baitago bere atean gol sartu nahi duen jokalaririk. Danimarkako atzelariak ere ez zuen nahi, baina Simon Poulsenek taldekideak buruz egindako aldaratzeak haren bizkarrean jo zuen, eta baloia zuzenean joan sareetara. Gola. 1-0 Herbehereen alde. Muturreko galanta, eta galbidearen hasiera danimarkarrentzat. Dirk Kuytek eman zien azkena, partida amaitzeko bost minutu falta zirela bigarren gola sartuta. Atsekabea Danimarkan. Poza Herbehereetan. Lehen partida, lehen garaipena eta E multzoko lehen postua. Eta dena Arjen Robben selekzioko jokalari erabakigarriena aulkian, atseden hartzen, izanda. Hobeto ezin.
Baina ez zaie komeni asko puztea herbeheretarrei. Distirarik gabeko garaipena izan zen atzokoa. Ez zuten ondo jokatu, eta dezente sufritu zuten Danimarkari irabazteko. Bert Van Marwijek zuzendutako selekzioak sailkapen ligaxka bikaina egin zuen, jokatutako zortzi partidak irabazita. Baina herbeheretarren lan ona emaitzetatik haratagokoa izan zen. Ondo jokatu zuten, bikain partida batzuetan. Sendotasuna eta bizitasuna batu zituzten, eta hori berme ezin hobea da emaitza onak lortu eta urruti iristeko.
Joko hori espero zuten atzo Johannesburgoko Soccer City estadiora hurbildu zirenek. Baina ezta horren arrastorik ere ez, ez behintzat, bizitasunari dagokionez. Defentsan bai heldu zioten seriotasunari. Ez zitzaien asko kostatu, Danimarkak aurreikusten erraza den erasoko jokoa baitu: Bendtner bilatzen dute etengabe. Zelai erdian, ordea, gabezia handiak erakutsi zituen Herbehereetako selekzioak. Van Bommelek eta De Jongek ondo berreskuratzen zituzten baloiak, baina horik aurrera ezer gutxi egiten zuten. Van der Vaartek eta Sneijderrek zuten ardura erasoko jokoa antolatzeko, baina ez bata, ez bestea ez ziren oso fin aritu eginbehar horretan. Gehiegi izan nahi izan zuten baloia oinetan, eta hori eginez, asko mantsotu zuten jokoa. Eta horrela, zaila zen Kuytek eta Van Persiek aurrean arriskua sortzea.
Guztiz kontrakoa gertatzen zitzaion Danimarkari. Eroso moldatzen zen joko horretan, atzean eusten, eta kontraerasora azkar irteten. Hain zebilen gustura, lehen zatiko bi aukera bakarrak bereak izan ziren. Bietan, baina, Sketelenburgek bikain erantzun zuen.
Zorigaiztoko jokaldia
Atsedenalditik bueltan iritsi zen partida erabaki zuen jokaldia. Van Persiek ezkerretik erdiratu zuen, eta Simon Poulsenen eta Aggerren artean euren atean sartu zuten baloia. Danimarkaren defentsa bikain aritu zen ordu arte, baina jokaldi horretan nabarmen egin zuen huts, eta garesti ordaindu.
Golak min handia egin zion Danimarkari, eta iparra galduta ibili zen zenbait minututan. Herbehereek, hala ere, ez zuten hori baliatu. Berdin segitzen zuten, erasoko jokaldiak lotu ezinik. Morten Olsen Danimarkako hautatzaileak aldaketak egin zituen taldea susper zedin. Erasoko jokoa aldatu nahi zuen. Bizitasuna nahi zuen, bizitasuna eta freskotasuna, eta horretarako, Bendtner eta Enevoldsen kendu zituen, eta Gronkjaer eta Beckmann zelairatu. Alferrik. Aldaketak ez ziren pizgarri izan.
Olsenek nahi zuena lortu zuen Van Markwijkek. Elia eta Afellay zelairatu zituen, eta aulkira bidali Van der Vaart eta Van Persie. Bi jokalari gazteek beste erritmo bat eman zioten Herbehereen jokoari. Apurka-apurka gero eta gehiago hasi ziren hurbiltzen Sorensenek defenditutako ate ingurura. Sneijderrek urrutitik egindako jaurtiketa batek langa jo zuen 82. minutuan. Hiru minutu eskas geroago ere zutoinera joan zen Eliak egindako jaurtiketa bat, baina hortxe zegoen Kuyt, area txikian, baloia sarera bidali eta neurketa erabakita uzteko. Ez zen izan azkeneko aukera, hortik gutxira Afellayk ere gertu izan baitzuen gola, baina Simon Poulsenek ate azpitik atera zuen baloia azken unean, eta hirugarren gola eragotzi.
Distirarik gabeko garaipena
Herbehereek ez dute ondo jokatu, baina Danimarkak bere atean sartutako gol batek garaipenaren bidean jarri ditu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu